María José Escalona softwarearen ingeniaritzako adituak eta Sara García minbiziaren arloko ikertzaile eta astronautak irabazi dituzte Deustuko Unibertsitateko Ada Byron sariak

Ospe handiko sari horien X. edizioak 166 hautagaitza jaso ditu aurten, eta dagoeneko sei edizio ditu sei herrialdetan. Ada Byron saria Ingeniaritza Fakultatean sortu zuen, emakume teknologoen lanari merezi duen balioa emateko eta teknologiaren ikerketan eta garapenean emakumeen bokazioak sustatzeko.

María José Escalona y Sara García, ganadoras del Premio Ada Byron 2023

2023ko ekainak 15

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Ada Byron sariaren X. edizioa Maria Jose Escalona Cuaresma sevillarrak jasoko du, senior kategorian, eta Sara Garcia Alonso leondarrak 35 urtetik beherako kategorian.

María José Escalona Sevillako Unibertsitateko katedraduna da, eta Lengoaia eta Sistema Informatikoen sailari atxikitakoa. Engineering and Science for Software System ikertaldeko zuzendaria da, eta jorratzen dituen ikerrildoak softwarearen eta eskakizunen ingeniaritzan daude fokalizatuta, eta, oro har, pertsonengan oinarritutako softwarean. 2004. urtean lortu zuen doktore titulua nazioarteko aipamenarekin, eta ordutik hona 200 argitalpen baino gehiago egin ditu nazioarteko eta nazioko foroetan. Hainbat doktore-tesi eta nazio eta nazioarte mailako hainbat ikerketa proiektu zuzendu eta tutoretu ditu. Bere ibilbidean nabarmentzekoa da sare sozioekonomikoarekin duen harremana, enpresekin egindako proiektuak, patente bat eta ustiatzen ari diren software-erregistro ugari. Kudeaketa-karguak hartu ditu bere unibertsitatean eta estatuko erakundeetan, eta era aktiboan parte hartzen du estatuko eta nazioarteko hainbat foro eta aholkularitza taldetan.

Bestalde, Sara García Alonso, gazte saria jaso duena, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) ikertzaile titularra da, eta Europako Espazio Agentziako (ESA) astronauten erreserbako kidea. Bioteknologian lizentziatu zen Leongo Unibertsitatean eta, unibertsitateko karreran zehar, hainbat laborategitan trebatu. Biomedikuntzako espezialitateko Masterra egin zuen. Ondoren, Minbiziaren Ikerketa Zentrora joan zen (2013-2018), eta han Minbiziaren Biologia Molekularrean eta Medikuntza Translazionalean cum laude doktoratu zen. Medikuntzako doktore-tesirik onenaren Sari Berezia jaso zuen Salamancako Unibertsitatean. Tarte horretan zehar, minbizi mota desberdinetako diana terapeutikoak eta botikekiko erresistentzia-mekanismoak identifikatzen lan egin zuen. 2019an, Mariano Barbacid doktorearen laborategira batu zen CNIOn, eta aurrerapen esanguratsuak egin ditu KRASek bultzatutako biriketako adenokartzinomaren azterketan. Haren lanak eragin handia izan du minbizi mota horren aurkako terapiak identifikatzen. 2022an, Astronauten Europako Taldean erreserbako astronauta izateko hautatu zuten, eta toki hori lortu zuen lehen emakume espainiarra izan zen.

Ehun eta hirurogei hautagai baino gehiago

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria orain dela hamar urte sortu zuen Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak, ikerketa esparruan eta garapen teknologikoan emakumezkoen bokazioak sustatzeko, bizitzako eta gizarte garapeneko esparru guztietan teknologiari dagokion ospea emateko, baita lan eta ikasketa horiek emakumeek egin izanak nolako ekarpena egin dion gizateriari erakusteko eta balioa aitortzeko ere.

Sariaren urrezko babesleak Microsoft eta Red Hat dira, baita Bizkaiko Foru Aldundia, Danobatgroup eta Emakunde ere, eta laguntzailea Innobasque da. Sariak uztailaren 13an emango dira Madrilen.

X. edizio honek marka guztiak gainditu ditu, 166 hautagaitza jaso eta ebaluatu baititu. Horietatik, 133 sari nagusirako hautagaiak izan dira (3.000 euroko saria) eta 33 gazteen sarirakoak (1.000 euroko saria).

Hamargarren edizio honetako hautagaiak talentu eta trebetasun sorta zabala osatzen dute Espainiako esparru teknologikoan. Emakume horiek konpromiso bikaina erakutsi dute beren arloetan, eta nabarmen lagundu dute berrikuntzan eta aurrerapen teknologikoan. Profilen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: ikerketako ekoizpen zientifiko zabala, Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoa, zabalkundea eta teknologiaren bidez giza osasuna eta ingurumena hobetzeko bokazioa.

Ohikoa denez, parte hartzen duten emakume teknologoak jatorri geografiko askotakoak dira, bai eta era askotako prestakuntza jasoak ere. Bereziki nabarmentzekoak dira Bioteknologia, Aeronautika, Kimika, Nekazaritzako Ingeniaritza, Industria eta Konputazio eta Elektronika arloetako profesionalak. Hautagaiak hainbat sektoretakoak dira, besteak beste, akademiakoak, industriakoak, ekintzailetzakoak eta gobernu-esparrukoak, eta horrek erakusten du teknologiak duen aplikazio zabala. Aurten, interes handiko profil profesional exekutibo batzuk ere izan dira.

Sei herrialdetara zabalduta dagoen saria

Espainiako edizioaz gain, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak beste bost sari ditu Amerikako bost herrialdetan: Mexikon, Argentinan, Uruguain, Kolonbian eta Txilen; eta Brasilera zabaltzea aztertzen ari da.

Espainiako edizioan, hamar urte hauetan honako hauek izan dira sarituak: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantikoen” ikertzailea; Nuria Oliver, Telefónicako I + G-ko zuzendaria; Regina Llopis Rivas, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematikako doktorea; María Ángeles Martín Prats, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko saileko irakasle titularra; Concepción Alicia Monje Micharet, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titularra; Laura María Lechuga Gómez, Kimika Zientzietako lizentziatua eta COVID-19aren inguruko ikasketetako europar proiektuetako bateko koordinatzailea; Elena García Armada, industria ingeniaritzako doktorea, CSICeko ikertzaile zientifikoa eta Marsi Bionics-eko presidentea, eta Lourdes Verdes Montenegro, behaketa erradioastronomikoetako zientzialari eta ikertzaile espezialista.

Bestalde, Ada Byron gazte sariaren irabazleak honako hauek izan dira aurreko edizioetan: Ana Freire, Informatikako ingeniaria eta doktorea, Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea; Susana Ladra González, Informatikako doktorea eta Matematikan graduatua; Jordina Torrents Barrena, Pompeu Fabra Unibertsitateko doktorea adimen artifizialaren arloan; eta Julia Guiomar Niso Galán, Ingeniaritza Biomedikoan doktorea eta Alzheimer gaixotasunaren markatzaile goiztiarren ikerketako ikertzailea.

Sariari buruzko informazio gehiagorako, jo hona.