2026ko maiatzak 05
Bilbao
Deustuko Unibertsitateak “Indarkeria matxistak autodefentsa feministaren bidez prebenitzea eta desagerraraztea” ikerketa proiektuaren emaitzak aurkeztuko ditu ostegunean, maiatzak 7. Proiektuak hiru urteko ibilbidea du dagoeneko, eta Bilboko campuseko Psikologiako, Gizarte Laneko, Gizarte Hezkuntzako, Gizarte Hezkuntzako eta Gizarte Laneko Gradu Bikoitzeko eta Erizaintzako irakasle eta ikasleak inplikatu ditu edizio honetan.
Gradu bakoitzeko hainbat irakasgaitan autodefentsa feministari buruzko saio bat eman zen, San Inazioko Modulu Psikosozialak eskainia, eta, gainera, unibertsitatean tailer praktiko egin zen emakumeentzat. Berrikuntzen artean, aurten jarraipen tailer bat egin da, non hasierako tailerrean parte hartu zuten emakumeek hausnarketa kolektiboko prozesuarekin jarraitu ahal izan duten, esperientziak eta jakintzak elkarrekin partekatuz. Bestalde, aurten gizontasunari, maskulinitateei eta indarkeria matxistari buruzko saioak eman dira gelan, Hiruki Larroxaren eskutik.
Sexu-indarkeriari buruzko mitoen onarpen eskasa
Azterlanaren barruan, ikerketa bat egin zen, proiektuak indarkeria matxisten kontzientziazioan eta sexu indarkerien inguruko estereotipoak eta aurreiritziak murriztean duen eragina aztertzeko. 92 pertsonak erantzundako galdetegi batetik abiatuta –horietatik % 80,4 neskak ziren, % 18,5 mutilak eta % 1,1ek nahiago izan zuen ez erantzun–, sexu-indarkeriari buruzko mitoen onarpen eskasa egiaztatu du ikerketak. Hala ere, zenbait ustek bere horretan jarraitzen dute, bortxaketa gizon bat sexualki frustratuta dagoenean gertatzen dela, esaterako. Halako mitoek sexu erasoak justifikatzen dituzten iruditeria soziala indartzen dute, gizonen sexualitatea kontrolaezina delakoan.
Feminismoarekiko jarrerei dagokienez, emaitzek erakusten dute mugimendu horrek gizonei kalte egitea bilatzen duelako ideia errefusatu egiten dela. Aldiz, oso balio altuak ikusten dira honelako baieztapenetan: feminismoa beharrezkoa dela gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko eta gizonak eta emakumeak inplikatu behar dituela. Oro har, datuek erakusten dute aztertutako laginean feminismoaren balorazio positiboa egin dela gehienbat. Sexu-erasoen esperientziei dagokienez, parte-hartzaileen % 40,2k adierazi du bizitzan zehar sexu-erasoren bat jasan duela. Emakumeen kasuan, 10etik 4k baino gehiagok adierazi dute sexu-eraso baten biktima izan direla.
Ondorioei dagokienez, laginaren % 65,8k uste du esperientzia horiek eragina izan dutela beren eguneroko bizitzan. Sexu eraso baten ondoren, zaurgarritasuna (% 94,3), amorrua (% 88,6) eta tristura (% 85,7) dira nagusi; jasotako babesa, berriz, nabarmen txikiagoa da (% 26,5). Gainera, emakumeen erdiak baino gehiagok ez du konfiantzarik beren gorputzean, ezta beren burua defendatzeko gaitasunean ere.
Azkenik, prestakuntzari eta parte-hartzeari dagokienez, 10 pertsonatik 5ek adierazi du ez duela generoari buruzko prestakuntzarik jaso. Era berean, % 15,2k soilik adierazi du talde feministetan edo maskulinitateei buruzko hausnarketa-taldeetan parte hartu duela; 10etik 4k, berriz, ez du parte hartzen, baina gustatuko litzaioke parte hartzea.
Autodefentsa feministako tresnak txertatzea
Lagina osatzen duten pertsonen ia erdiak ez zuen aldez aurretik autodefentsa feministaren berri (% 51,1), eta % 48,9k, berriz, bazuen horren berri. Zentzu horretan, ikerketak baieztatzen du autodefentsa feministaren prestakuntza teorikoa eta praktikoa txertatzea funtsezko tresna dela emakume gazteek gaur egungo gizartean normalizatuta dauden sexu indarkeriak identifikatu eta horiei aurre egiteko banakako eta taldeko tresnak eskuratzeko. Aipatu behar da tailerraren eta jarraipen taldearen ondorengo gogoetetako bat: “orain gaitasun handiagoa dugu bidegabekerien aurrean erreakzionatzeko, eta ikasitakoa eguneroko bizitzara eramateko gogoa dugu, kontzientzia eta sumindura handiagoarekin”.
Azterlanaren emaitza nagusiak ezagutarazteaz gain, autodefentsa feministaren tailer praktikoan parte hartuko duten bi ikasleren testigantza ere entzun ahal izango da osteguneko jardunaldian. Ondoren, Andrea Pérez Fernández Feministes per l 'Autodefentsa-ko kideak “Autodefensa feminista contra la cultura de la impunidad” hitzaldia aurkeztuko du. Azkenik, mahai-inguru bat egingo da, galdera hau abiapuntu hartuta: zein da gizonen zeregina sexu-indarkerien aurkako borrokan? Ibai Fresnedok (Hiruki Larroxa), Marra Juniorrek (Munduko Medikuak) eta Juanma Feitok (Piper Txuriak) parte hartuko dute, eta Deustu-San-Inazio modulu psikosozialeko Ane Navarrok moderatuko du.