2026ko maiatzak 04
Deustuko Unibertsitatea
Pasa den hilabetean, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako graduko ikasleek esperientzia benetan berezia izan dute “Jarduera Fisiko Inklusiboa eta Kirol Egokitua” irakasgaiaren barruan. Oraingo honetan, 7 urteko neska bat izan genuen gurekin gelan, garun-paralisia duena eta andadorearekin mugitzen dena.
Saioaren helburu nagusia jolas inklusiboak praktikan bizitzea izan zen, ikasleek parte-hartzerako sor zitezkeen oztopoak identifikatu eta horiei erantzuteko alternatibak probatu ahal izateko. Horrela, jarduerak ez ziren edozein modutan planteatu; aitzitik, jolasak haien barne-logikaren arabera aztertu eta egokitu ziren, parte-hartzailearen arrakasta eta benetako inklusioa bermatzeko.
Saioan zehar, ikasleek aukera izan zuten joko mota ezberdinak esperimentatzeko, bakoitzak dituen eskakizunak eta aukerak aztertuz: espazioa, materiala, arauak, erritmoa, harremanak eta parte hartzeko moduak. Horri esker, modu praktiko eta erreal batean ikusi ahal izan zuten nola egokitzapen txikiek alde handia eragin dezaketen haur baten parte-hartzean, autonomian eta arrakasta-esperientzian.
Esperientzia honek, gainera, ikasleei aukera eman zien jarduera fisiko inklusiboa ulertzeko ikuspegi sakonago batetik: ez soilik parte hartzea ahalbidetzea, baizik eta pertsona bakoitzaren beharretara eta jardueraren ezaugarrietara egokitutako proposamen esanguratsuak diseinatzea.
Eskerrik beroenak bisita hau posible egin duen familiari eta, bereziki, gurekin esperientzia hau partekatu duen haur ausartari. Bere presentziak balio handiko ikaskuntza eskaini digu, eta kirola eta jolasa benetan guztiontzat izan daitezen lanean jarraitzeko motibazioa indartu du.