Kirolaren Egunaren XXVII. edizioak 300 ikasle baino gehiago elkartuko ditu Atletico San Sebastian elkarteak Bera Beran dituen instalazioetan

Día del Deporte

2022ko apirilak 13

Donostiako Campusa

Aste Santuko oporrak hurbiltzen direnean ohikoa den bezala, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak "Kirolaren Eguna" ospatuko du, datorren asteazkenean, apirilak 13, aurreko bi urteetan modu presentzialean egin gabe utzi ondoren, pandemia egoerarengatik. Egun osoan zehar eta etenik gabe, 300 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte hainbat kiroletan antolatuko diren txapelketetan. Aurten, laugarren aldiz, Kirolaren Egunaren XXVII. edizioa Atletico San Sebastian Elkarteak Bera Beran, Aieten, dituen instalazioetan egingo da. Hainbat jarduera berri izango dira, gainera, goizeko lehenengo orduetatik hasita.

Ikasleek taldeko kiroletan parte hartu ahal izango dute, besteak beste, futbolean, saskibaloian eta boleibolean. Banakako eta binakako txapelketak ere izango dira, tenisean, padelean, mahai tenisean eta mahai futbolean. Edizio honetan proba berezi batzuk ere izango dira, dibertigarriak, besteak beste, dardoak, futboleko eta saskibaloiko zehaztasuna, kontrol probak, trebetasuna, boloak, punteria eta golf makila batekin zuloan sartzea. Txapelketa eta jarduera horien ezaugarri da ikasle guztiek nahi duten modalitate guztietan parte hartu ahal izango dutela, taldean, banaka edo binaka, ez baitira bi saio batera antolatzen: ikasle batek egunean antolatu diren kirol eta proba guztietan har dezake parte. Unibertsitateak ikasleei hamaiketakoa emango die, probak egiteko “indarra” izan dezaten. Kirol proba bakoitzaren amaieran, sariak banatuko dira: dominak eta kirol materiala irabazleentzat.

Kirolak, bizitza osasuntsurako eta aktiborako ezinbestekoak, pertsonen arteko harremanak sustatzen ditu eta Deustuko Unibertsitateko hezkuntza eta zerbitzu eskaintzaren ardatzetako bat da.