2026ko urriak 30
Bilbao
Joseba Zulaika antropologo eta idazleak Euskal Gaiak Zertan Dira Gaur? / Basque Studies Today hitzaldi-zikloa inauguratu du urriaren 29an, Deustuko Unibertsitatean, Basque Studies Today: Critical Perspectives and Future Agendas izenburuko hitzaldiarekin. Euskal Gaien Institutuak sustatutako zikloak euskal ikasketen oraina eta etorkizuna eztabaidagai jarri nahi ditu, diziplinarteko elkarrizketaren eta ikuspegi kritikoen bitartez.
Deustura itzultzeak esanahi berezia izan du Zulaikarentzat. Bertan egin zituen Filosofiako ikasketak, eta ikasle-garai hartan hasi zen taxutzen antropologo eta idazle izatera eramango zuen ibilbidea. Itzulera déjà vu moduko gisa aurkeztu du, baina baita iraganak orainaldian hartzen duen esanahia berriz aztertzeko abagune gisa ere. Izan ere, subjektuak eratzen dituzten gertakariei erreparatu behar zaie, eta haiekiko leialtasunak ez du zertan iraganeko formulak errepikatzea esan nahi.
Kultura, boterea eta kanpoko begiradaren emankortasuna
Kulturaren kontzeptua izan da hitzaldiaren abiapuntuetako bat. Antropologiaren tradizioa kultur ikasketekin elkarrizketan jarri du, Stuart Hallen eta Antonio Gramsciren ekarpenak gogoan. Kultura ez da, ikuspegi horretatik, ondare edo identitate baten isla hutsa: boterea negoziatzen, eztabaidatzen eta eraldatzen den eremua da.
Bilbo aztergune bereziki esanguratsutzat jo du. Guggenheim museoaren sorrera gertakari historikoa izan zen, kulturaren esanahia bera birkokatu zuena, hiriko eraldaketa materialarekin batera dimentsio sinboliko eta ukiezinak ere agerian utziz. Etnografiak, bestalde, ikertzailearen inplikazioa eta subjektibotasuna ezkutatu ordez azterketaren parte bihurtzeko aukera eskaintzen du.
Diasporaren ikuspegia ere aldarrikatu du: Euskal Herria kanpotik begiratzeak geure buruari beste galdera batzuk egiteko distantzia ematen du. Euskal esperientziak badu nazioarteko eztabaidetan zer eskainia, eta identitateak ez dira itxiak edo bakarrak; guztiok gara, nolabait, euskaldun eta beste zerbait.
Antagonismotik impassera: nora goaz?
Hitzaldiaren gogoeta nagusietako bat Aberriaren inpaseak (Alberdania, 2024) liburuarekin lotu du. Euskal gizartearen historia garaikidean antagonismoak izan duen indarra gogorarazi du: antagonismoa iraultzaren formula nagusietako bat izan da. Baina gaurko egoera ezin da atzoko oposizioen arabera soilik ulertu. Horren atzean galdera erabakigarria dago: nora goaz?
Gregory Batesonen double bind edo lotura bikoitzaren kontzeptuak tentsio horietako batzuk argitzeko balio du: elkarren aurkako eskakizunen artean harrapatuta, subjektuak aukera bat zein bestea hartu, kontraesanarekin egiten du topo. Hala ere, Zulaikak azpimarratu du egungo euskal gizarteak baduela konplexutasun hori bere gain hartzeko gaitasun handiagoa.
Impassea ez da, hortaz, aspirazio historikoen porrotaren sinonimoa. Aspirazio horiek osorik gauzatu ez izanak ez du haien esanahia agortzen. Geldialdi hutsa baino gehiago, pentsamendua berrantolatzeko eta oraindik iritsi ez den inflexio edo haustura eraldatzaile baten uneari irekita itxaroteko aukera da. Itxaronaldi horrek ez du etsipena esan nahi: ziurtasun zaharrak berrikusi, kontraesanak onartu eta bestelako etorkizunak irudikatzeko tartea zabaltzen du.
Testuinguru horretan aipatu du erredentzioaren garrantzia ere. Hitzaldiko gogoetatik ondoriozta daiteke iraganeko itxaropenak berrinterpretatzeko aukera dagoela, haiek bere horretan betetzea ezinbesteko baldintza bihurtu gabe. Horrek subjektu leialaren auzira garamatza: gertakari fundatzaileekiko leialtasuna ez da haien jatorrizko adierazpen politiko edo kulturalak betikotzea, hasierako bulkada eraldatzailea baldintza historiko berrietara egokitzea baizik.
Euskara: lorpen historikoak eta larrialdiaren paradoxa
Euskarari buruzko gogoetan, Zulaikak hizkuntzarekiko atxikimendu historikoa eta gaur egungo larrialdi-sentsazioa jarri ditu aurrez aurre. Euskara bera eta haren baldintza sozialak sakon aldatu dira. Etorkizun hurbilean haur gehienek euskara jakiteko aukera izateak lorpen handia adierazten du, baina ez du berez bermatzen hizkuntzaren erabilera eta bizitasun soziala.
Hor agertzen da konpromisoaren berrinterpretazioaren premia: hizkuntzaren aldeko hasierako bulkadari leial izatea ez da iraganeko estrategiak mekanikoki errepikatzea, baizik eta gaurko egoeraren kontraesanei erantzuteko bide berriak asmatzea.
Euskal ikasketak, etorkizunari galdezka
Interneten eta adimen artifizialaren eraginpeko munduan, euskal ikasketek ere beren galderak eta ikerketa-moduak berrikusi behar dituzte. Euskal Herriko esperientzia historiko, politiko eta kulturalak nazioarteko eztabaidekin lotzeko aukera nabarmendu du Zulaikak.
Hitzaldiak, azken batean, ezagutza metatzeaz haragoko erronka jarri du mahai gainean: jasotako kategoriak berrikustea, iraganeko aspirazioekiko leialtasuna orainaren konplexutasunarekin uztartzea eta antagonismoaren logiketatik harago pentsatzea. Galdera ez da soilik nondik gatozen, baizik eta nora goazen eta zer pentsamendu behar dugun bide hori irudikatzeko. Galdera horiei heltzeko asmoz abiatu du Deustuko Euskal Gaien Institutuak Euskal Gaiak Zertan Dira Gaur? zikloa.
Hurrengo hitzaldia azaroaren 26an izango da eta hizlaria Itziar Laka, hizkuntzalaria, izango da.