Fisioterapiako eta Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradudun berriak izendatzeko ekitaldia

94 ikaslek bukatu dituzte ikasketak Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean

 Investidura Fisioterapia SS

2026ko otsailak 07

Donostia-San Sebastián

Larunbatean, otsailaren 7an, Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lehen promozioko eta Fisioterapiako bigarren promozioko gradudunak izendatzeko ekitaldia izan zen Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. 94 gradudun berriek 2024/2025 ikasturtean bukatu zituzten ikasketak. Ekitaldi ospetsua eguerdiko hamabietan hasi zen, Maria Jose Aranguren Erakunde Harremanetarako eta Campuseko errektoreordea buru zela, senitartekoen eta irakasleen klaustroaren aurrean. Guztiek elkarrekin abestu zuten “Agur Jaunak”, Easo Gazte Abesbatzak lagunduta. Ikasleez gainera, izendatze ekitaldian honakoek hartu zuten parte, besteak beste: Isabel Rubio (Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoa), Nuria Ortiz (Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa), José Ramón Sánchez Isla (Osasun Zientzien Fakultateko Ikasketen Antolamenduko, Irakaskuntzaren Berrikuntzako eta Kalitateko dekanordea), Ane Arbillaga (Osasun Zientzien Fakultateko Donostiako campuseko dekanordea), Carlota las Hayas (Osasun Zientzien Fakultateko Ikerketako eta Etengabeko Prestakuntzako dekanordea), Olalla Ondarra (Osasun Zientzien Fakultateko idazkariordea). Ikaskideen izenean, Enara Vaquerok euskaraz egin zuen agintza eta Álvaro Pradok, gaztelaniaz. Peio Azpitarte SJk gradudun berriak bedeinkatu zituen, ekitaldi xume eta hunkigarri batean.

Maria Jose Aranguren Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako errektoreak zorionak eman zizkien gradudun berriei, eta hastear duten bizitza profesional berrirako hiru gomendio helarazi zizkien: ”Landu zuen bokazioa eta ametsak, eta gogoratu fisioterapiaren eta kirolaren bidez pertsonen eta munduaren ongizatea eraldatzeko gaitasuna duzuela. Sinkronizatu burua, bihotza eta eskuak, pentsatzeak, sentitzeak/maitatzeak eta ekiteak bat egiten badute, eraldatzeko duzuen gaitasuna biderkatu egingo baita. Zuen lanean, eraiki aliantzak eta sustatu lankidetza, horrela urrunago iritsiko baitzarete”.

Musika atsedenaldian, Mikel Laboaren “Txoriak txori” interpretatu zen. Ekitaldia amaitzeko, "Gaudeamus Igitur" abestu zen, berriro ere Easo Gazte Abesbatzak lagunduta. Gradudun berrientzat ospakizun garrantzitsua da, baita haien familientzat ere, ahalegin handiz, bide osoan ondoan izan baitituzte. Unibertsitatearentzat ere egun handia da, pozik ikusten baitu bere xedea bete duela: fedearen zerbitzua, zientziaren eta kulturaren bidez.

Isabel Rubio Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak eskerrak eman zizkien bai irakasleei eta bai familiei, gradudun berriei beren ibilbidean eskaini dieten laguntzagatik. Gradudun berriei, berriz, honakoa esan zien: “Pertsonen ongizatea eta integritatea erdigunean jartzen dituzten lanbideak aukeratu dituzue. Orain, herritar konprometituak izateko erantzukizuna duzue, sentsibilitate eta zorroztasun tekniko hori ingurukoen bizitza hobetzeko aplikatuz. Gogoan izan hezkuntza eta osasunaren zaintza ez direla azken helmugak, etengabeko ikaskuntzarako bideak baizik. Ez galdu inoiz jakin-mina, espiritu kritikoa eta gizatasuna ”, amaitu zuen.

Nuria Ortiz Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko dekanoak ere esker oneko hitzak izan zituen Deustuko unibertsitate elkartea osatzen duten pertsonentzat eta gradudun berrien senitartekoentzat. Honako hau erantsi zuen: “Gaur egun berezia da denontzat, zuek ahalegin, ikaskuntza eta hazkunde handiko etapa bat bukatzen duzuelako ez ezik, baita Deustuko Unibertsitateko Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitzeko lehen promozioa eta Fisioterapiako bigarren promozioa osatzen duzuelako ere. Mugarri hori betiko geratuko da unibertsitate honen eta bi fakultateen historian. Profesional eta pertsona gisa hazi zarete, eta orain, ikasitako guztia munduari eta gizarteari emateko erantzukizuna duzue. Horixe baita gure misioa: profesional bikainak ez ezik, herritar arduratsuak heztea, gizartearen eraldaketarekin, fedearen eta justiziaren sustapenarekin eta pertsonen hazkunde eta hobekuntzarekin konprometituta daudenak.” 

20/21 ikasturtean hasi ziren Fisioterapiako gradua eta Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitza eskaintzen, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Kontuan izanik bizitza luzerak, kronikotasunak eta sedentarismoak gaur egungo eta etorkizuneko osasun eskaria handitzen dutela, Deustuko Unibertsitateko Fisioterapiako ikasketek errehabilitazio funtzioaz haragoko arloak eta jarduera ildoak jorratzen dituzte, beharrezkotzat hartzen baita gaixotasunaren prebentzioa eta osasunaren babesa, mantentzea eta sustapena indartzea eta lehenestea. Jakintza arlo asko hartzen ditu Fisioterapiako graduak: osasunaren sustapena, ariketa terapeutikoa, errehabilitazioa, jarduera fisikoa, funtzionaltasuna, hainbat gaixotasun motatan laguntzea (kronikoak, kardiobaskularrak, arnasbideetakoak, neurologikoak, traumatologikoak, pediatrikoak, uro-ginekologikoak, kiroletakoak), desgaitasuna duten pertsonak, hirugarren adinekoak, osasun mentala, osasun komunitarioa, etab. Horregatik, Deustuko Unibertsitatean prestakuntza metodologia berritzaileen aldeko apustua egiten da, horien artean, simulazioa, eta gaitasuna modu praktikoan eta esperientzialean garatzeko eta eskuratzeko bitarteko egokiak bermatzen dira, besteak beste, kirol instalazio berriak, laborategiak eta simulazio espazioak (ospitale birtuala).