Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradudun berriak izendatzeko ekitaldia

2024-2025eko promozioan, 44 ikaslek bukatu dituzte graduko ikasketak Hezkuntza eta Kirol Fakultatean Donostiako campusean

Investidura Educación y Deporte

2026ko urtarrilak 31

Donostiako Campusa

Urtarrilaren 31n, larunbata, Lehen Hezkuntzako graduko (Entzumena eta Hizkuntza aipamenekoak eta Gorputz Hezkuntza aipamenekoak) eta Lehen Hezkuntza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitzeko 2024-2025eko promozioko gradudun berriak izendatzeko ekitaldia izan zen, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Ekitaldi ospetsua eguerdiko hamabietan hasi zen, Maria Jose Aranguren Erakunde Harremanetarako eta Campuseko errektoreordea buru zela, senitartekoen eta irakasleen klaustroaren aurrean. Guztiek elkarrekin abestu zuten “Agur Jaunak”, Easo Gizon Abesbatzak lagunduta. Ikasleez gainera, izendatze ekitaldian honakoek hartu zuten parte, besteak beste: Isabel Rubio (Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoa), Itsaso Leunda (Hezkuntza eta Kirol Fakultateko idazkariordea), Yolanda Lázaro (Hezkuntza eta Kirol Fakultateko idazkaria), Eneko Balerdi (Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Ikerketa eta Transferentzia dekanordea) eta Nerea Gutierrez (Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Nazioarteko Harremanetarako dekanordea), irakasle hauekin batera: Naroa Uria, Itsaso Tolosa, Noemi Viana, Mikel Atxai, Jon Herrero, Maier Uriarte, Jurgi Olasagasti, Maite Amondarain, Olatz Arce, Patxi León, Alaitz Amezua, Ainitze Errasti.

Ikaskideen izenean, Andoni Badallo Lehen Hezkuntzako ikasleak eta Elorri Barandiaran Lehen Hezkuntzako + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasleak egin zuten agintza. Peio Azpitarte SJ.k gradudun berriak bedeinkatu zituen, ekitaldi xume eta hunkigarri batean. Atsedenean, Alain Sánchez tenoreak eta David de Oliveira pianistak G. Quitterren “Now sleeops the crimson petal” obra interpretatu zuten. Alfred Tennysonek 1847an idatzitako poema da, eta hainbat aldiz musikatu dute, besteak beste Benjamin Britten, Roger Quilter, Ned Rorem, Mychael Danna eta Paul Mearlorrek. 2004ko “La feria de las vanidades” filmeko abestia ere bada.


Isabel Rubiok, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak, gradudun berrien hezkuntza ibilbidean unibertsitateaz aurreko etapetan parte hartu duten profesionalen lana aitortu zuen eta eskerrak eman zizkien hainbeste ahaleginekin seme-alabei bide horretan lagundu dieten familiei. Hitzaldian, beste ideia bat ere azpimarratu zuen: “gogoratu beti hezkuntzaren bidea ez dela inoiz amaitzen. Honaino ekarri zaituzteten jakin-mina eta ikasteko espiritua bizirik mantentzera animatzen zaituztet. Jarrai ezazue gauzak zalantzan jartzen, galderak egiten eta hazten, horrela profesional hobeak eta pertsona osoagoak izango zarete (...) Atera zaitezte mundura konfiantzaz, erronkei aurre egiteko prest zaudetela jakinda. Eta gogoan izan zuengan sinesten duen eta babesten zaituzten komunitate bateko kide zaretela ”. Rubiok Aita Arrupek ikasle ohiei zuzendu zien hitzaldi bat ere aipatu zuen. Hitzaldi hartan, Jesusen Lagundiko hezkuntza erakundeetan, unibertsitateetan barne, “besteentzako gizon-emakumeak prestatzearen” garrantzia nabarmendu zuen. “Ideia horrek indarrean jarraitzen du, eta Deustuko Unibertsitatean jaso duzuen prestakuntzaren funtsa islatzen du.”, erantsi zuen.

Mari Jose Arangurenek, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordeak, zorionak eman zizkien gradudun berriei eta, beren etorkizun profesionalari begira, nortasuna izatea, eraldaketarako eragile izatea eta, eraldaketa horri begira, buruak, bihotza eta eskuak sinkronizatzea aholkatu zien: “burua, zer ekarpen egin nahi duzuen eta nola pentsatzeko; bihotza, egiten duzuen horretan enpatia jartzeko; eta eskuak, hezkuntzaren eta gazteen bidelagun izatearen zerbitzura jartzeko. Baina gogoratu: pentsatzeko, sentitzeko eta egiteko gaitasunak hankamotz gelditzen dira, beste pertsona batzuenekin lotzen ez baditugu. Horregatik, zuen lanean sustatu lankidetza eta talde lana. Agian, bakarrik azkarrago egingo duzue aurrera, baina, zalantzarik gabe, taldean urrunago iritsiko zarete”, esan zuen amaitzeko.

Ekitaldia amaitzeko,“Gaudeamus Igitur” kantatu zen, berriro ere Easo Gizon Abesbatzak lagunduta. Gradudun berrientzat ospakizun garrantzitsua da, baita haien familientzat ere, ahalegin handiz, bide osoan ondoan izan baitituzte. Unibertsitatearentzat ere egun handia da, pozik ikusten baitu bere xedea bete duela: fedearen zerbitzua, zientziaren eta kulturaren bidez.

2013-2014 ikasturtean hasi ziren Lehen Hezkuntzako ikasketak Donostiako campusean. Gaur egun, graduak lau arlotan espezializatzeko aukera ematen du: Pedagogia Terapeutikoa edo Atzerri Hizkuntza: Ingelesa, Bilboko campusean, eta Gorputz Hezkuntza edo Entzumena eta Hizkuntza, Donostiako campusean. Gradu horiek hirueledunak dira, irakasgaiak gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eskaintzen dira. Graduarekin batera, Fakultateak Lehen Hezkuntza + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak gradu bikoitza ere eskaintzen du bi campusetan, 2014-2015 ikasturteaz geroztik. Era berean, eta Osasun Zientzien Fakultatearekin batera, Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak gradu bikoitza eskaintzen du, eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatearekin batera, Gizarte Hezkuntza + Gizarte Lana gradu bikoitza.

Halaber, Deustuko Unibertsitateak Lehen Hezkuntzako + Haur Hezkuntzako gradu bikoitza eskaintzen du, Donostiako campusean. Ikasketa horien helburua da irakasle moldakorrak prestatzea, haur hezkuntzatik (0-6 urte) lehen hezkuntzara arte (6-12 urte), espezializazio hauekin: Entzumena eta Hizkuntza, Gorputz Hezkuntza, Hezkuntza Goiztiarra eta Garapen Psikomotorra. Gainera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua eskaintzen da Donostian.