Jon Mikel Zabala Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Deusto Business Schooleko irakasleak jasoko du UAM-Accenture Award 2015 saria

Berriak

2016ko martxoak 09

Donostia-San Sebastián

Joan den asteazkenean, martxoaren 2an, UAM - Accenture Chair Award sarien VII. edizioaren proiektu irabazlea jakinarazi zen, "Berrikuntza eta Ekonomia Suspertzeari" lotuta. Sariaren irabazlea erabaki zuen epaimahaia honako hauek osatu zuten: Juan Pedro Moreno, UAM-Accenture Katedrako Batzorde Exekutiboaren burua; Maria Paloma Sanchez, katedra horretako zuzendaria; Juergen Donges, Ekonomia Politikoko irakasle emeritua Koloniako Unibertsitatean eta Alemaniako gobernuko Ekonomia Gaietarako Kontseiluko presidente ohia; Daniele Archibugi, Italiako Ikerketako Nazioarteko Kontseiluko (CNR) zuzendaria; eta Ignacio Villoch, BBVAko Berrikuntza Zentroko zuzendaria.

Hiru proiektu iritsi ziren azken erreondara. Alde batetik, Measuring Macro-level effects of the global economic recession on university-industry research cooperation; bestetik, Persistence of innovative activities in times of crisis the case of the Basque Country. Eta, hirugarren, eta sariaren irabazlea, Is more alwalys better? Analsysing the Innovation Union Scoreboard in Sweden, Jon Mikel Zabala Iturriagagoitiak idatzia, Charles Edquist CIRCLE-Ikaskuntzaren Ekonomiako Berrikuntza, Ikerketa eta Lehiaren Zentroko eta Lund-eko Unibertsitateko (Suedia) irakaslearekin batera.

Zabalak azaltzen duen bezala, artikuluak Innovation Union Scoreboard (IUS) du aztergai. Europako Batzordeak, 2020 Europa estrategiaren baitan, erabaki du berrikuntza gaitasuna indartzea dela estrategia horren oinarrietako bat. Berrikuntza gaitasuna hobetzeko prozesuan egiten diren aurrerapenak kontrolatzeko, Batzordea IUS adierazlea ari da erabiltzen. Adierazle horrek ematen digun ondorioetako bat da Suediak, urteak joan urtean etorri, berrikuntzako lidergoari eusten diola Europar Batasunean. Ondorio horretara iristeko, IUSek 25 adierazle monitorizatzen ditu. IUSaren logika da "zenbat eta gehiago, hobeto". Bestela esanda, herrialde batek zenbat eta berrikuntza gaitasun handiagoa izan, hobeak izango dira bere ongizate mailak. Baina, Zabala eta bere taldekideei deigarria gertatzen zitzaien IUSek 25 adierazle horiei pisu bera ematea, bai outputeko adierazleei, bai inputekoei eta bai bitarteko prozesuetakoei.

Horregatik, lan honen helburua izan da aztertzea Suedia, berrikuntza gaitasunari dagokionez, erreferentziazko herrialdeetako bat den ala ez. Horretarako, IUSek 2014rako eta 2015erako ematen dituen datuak hartu dituzte abiapuntu; datu horiekin, Suediako berrikuntza sistemaren emaitzak ebaluatu dituzte eta aurreko datuen emaitzekin alderatu, baina IUSek erabilitakoaz bestelako ikuspegi batetik. Horrela, IUSeko adierazleak bi multzotan banatu zituzten: inputeko adierazleak eta outputekoak, eta elkarren artean alderatu zituzten, emaitzak aztertzeko herrialdeak lortutako produktibitatearen edo efizientziaren arabera. Hurbilpen horren bidez lortutako emaitzak IUSen ikuspegia erabiliz lortutakoekin alderatu zituzten.

Emaitzak erakusten dute Suediak lidergoari eusten diola berrikuntzako inputen adierazleak aztertuz gero, baina outputeko adierazleetara jotzerakoan, emaitzak espero zirenak baino kaskarragoak dira. Berrikuntzari Suediak baino baliabide (input) gutxiago eskaintzen dioten herrialdeetako askok efizientzia maila bikainak lortzen dituzte eta, IUSek esaten duenaren kontra, berrikuntza sistema garatuagoak dituzten herrialdeak, horien artean Suedia, ez dira iristen beren berrikuntza ahaleginak eskatuko lukeen efizientzia mailara. Alegia, artikulu horretan ondorioztatzen da IUSek jarraitutako metodologia oso partziala dela eta, horrenbestez, estatu kideak eraman ditzakeela politika ez koherenteak formulatzera. Gainera, nahasgarri gertatzen da ikertzaileentzat, legegileentzat eta gizartearentzat, oro har.

Lan akademiko orotan bezala, beren emaitzen berri eman nahi dute egileek, emaitza horiek ahalik eta jende gehienari iristeko eta, horrela, jakintzan aurrera egiteko eta adierazleen egokitasunari buruzko eztabaida sustatzeko. Bazekiten saria bazela eta aurtengo gai nagusia “berrikuntza eta ekonomiaren susperraldia" izanik, pentsatu zuten artikulua egokia izan zitekeela deialdi horretarako.

“Ez da inprobisazioa izan”, dio Zabalak. Proiektuari 2009. urtean ekin zioten, Zabala Edquist doktorearekin lanean hasi zenean, Lund-en, Suedian. “Hasieran, gure helburua zen zehaztea outputeko zein adierazle izan zitekeen egokiena berrikuntza sistema bat ahalik eta ongien azaltzeko. Baina lortu genituen emaitzak ez ziren oso txukunak. 2012. urtean, norabidea aldatu eta efizientziaren neurketan oinarritutako hurbilpenak erabiltzen hastea pentsatu genuen, doktore tesia ere gai horren inguruan egin bainuen. Hurbilketa horretan hasi ginen lanean, eta, poliki-poliki, oso ondorio deigarriak ateratzen hasi zitzaizkigun. Urratsez urrats, lehenengo zirriborro bat idatzi genuen eta, sariaren deialdia ikusi genuenean, osatu eta aurkeztera animatu ginen. Era berean, artikulua aldizkari zientifiko baten ebaluazio prozesuan dago oraintxe bertan”.

 

Jon Mikel Zabala Iturriagagoitia

Jon Mikel Zabala Iturriagagoita Ekonomia Saileko irakaslea da Deusto Business Schoolen, Donostiako campusean. Berrikuntzaren kudeaketa du aztergai nagusi, bai erakundeetan eta bai lurraldeetan. Ildo horretatik, berrikuntza politikak aztertzen eta ebaluatzen ere aritzen da. Mikroekonomia eta Makroekonomia irakasgaietako irakaslea da Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan. Gainera, Innovandis programan ere parte hartzen du, “berrikuntzaren hizkuntza berria” moduluan.

UAM – Accenture katedra

UAM – Accenture Berrikuntzaren Ekonomia eta Kudeaketaren katedra Madrilgo Unibertsitate Autonomoak eta Accenturek sortu dute, bai baitakite berrikuntza garrantzitsua dela gizartearen eta ekonomiaren garapenerako. Unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzaren adibide dela esan dezakegu. Katedraren helburua da unibertsitateko irakaskuntza eta ikerkuntza jardueretan enpresen presentziari laguntzea, bi alderdientzat interesgarriak diren eta ekonomiaren hazkunde eta ongizatea baldintzatzen duten arloetan. Enpresen jakiteak eta esperientzia eskaini nahi dituzte, jarduerek gizartearen beharrei erantzun diezaieten.