Jesuiten bost nobizioren lehenengo botoak Loiolan, horietako bat Deustuko Ingeniaritza Informatikoko alumnia

Alex Leonardo Hernández, SJ

2026ko irailak 09

Loiolako Basilika

Joan dan irailaren 5ean Loiolako Basilikan ospatu zen eukaristian, Enric Puiggròs Aita Probintziala buru zala, Adrián Gallart Perales, Alberto Lago Rodríguez, Alex Leonardo Hernández – Deustuko Ingeniaritza Fakultateko ikasle ohia –, Borja Moraleda de Heredia eta Iván Martínez Herrero nobizioek Jesusen Lagundian betiko pobrezia, kastitate eta obedientzia botoa egin zituzten, Bilboko Nobiziatuan bi urte eman ondoren. 

Álex Leonardo Hernándezek 28 urte ditu eta Ocotepequen (Honduras) jaio zen. Familia Donostian du aspaldiko urteetan; duela lau urte iritsi zen Euskadira, eta Deustuko Unibertsitatean ikasten hasi zen, campusean eta MAG+S Donostian jarduera pastoralean laguntzen. Informatika Sistemen Ingeniaritzan ere graduatua da, eta Industriarako Zibersegurtasuneko graduondokoa du.

Deustutik igarotzea bokazioan

Urte batzuk lehenago, Alexek bere etorkizunerako plan profesional handiak planteatuak zituen: karrera amaitzea, lanpostu on bat lortzen saiatzea eta, ahal izanez gero, egonkortasun ekonomikoa ahalik eta lasterren izatea. Unibertsitate-munduan dagoen edonork izan ditzakeen planak.

Bilaketa prozesu baten barruan, non bere bizitzari zentzua aurkitu nahi zion, Jesusen Lagundiarekin egin zuen topo Donostian. Garai hartan, 2021ean, apenas zekien ezer jesuitei buruz, eta ez zuen aurrez inolako harremanik haiekin. Hala ere, hirian gizarte ekintzaren arloko zerbaiten bila ari zela, bere buruarekin hobeto sentitzen eta munduan zehar zerbait ona egiten ari zela pentsatzen lagunduko zionaren bila zebilela, Alboan GKEarekin egin zuen topo, eta hainbat boluntariotza-jardueratan laguntzen hasi zen.

Esperientzia horren eta ezagutzen joan zen jesuita batzuekin izandako elkarrizketen bidez, fedea bizitzeko modu bat aurkitu zuen, espiritualtasuna besteekiko konpromisoarekin lotzen zuena. Handik denbora batera, sentitzen zuen bere fedea — urte haietan nahiko suntsitua — eta arlo sozialean laguntzeko nahia ezin zirela bananduta egon. Orduan ezagutu zuen MAG+S Pastoraltza, unibertsitateko gazteei eta profesionalei zuzendua, eta hirian talde txiki bat zegoela jakin zuen.

Beste edozein gazte bezalakoak zirela, etorkizun hobea eraikitzen saiatzen zirela, baina, aldi berean, bizipen espirituala garrantzitsutzat jotzen zutela jakinik, Alexek komunitate txiki hori bere lekua zela jakin zuen.

2022an Ingeniaritza Informatikoko bigarren gradua ikasten hasi zen Deustuko Unibertsitatean, Donostiako campusean. Baina, Unibertsitateko lehenengo egunetan lotsa eta beldurra ematen zion bere burua fededun gisa identifikatzeak. Beldurra ematen zion bere ikaskideek haren fedearen berri izateak. Deusto Campusetik proposatutako jarduerekiko interesa agertzerakoan diskretua izaten saiatzen zen: campuseko astean behingo Eukaristietan edo Jesusen Bihotzaren Elizako gazteen mezan, Andia kalean. Ez zekien nola kokatu.

Campusean jesuita batekin izan zuen bidelaguntza espiritual batean, esaten zion sentitzen zuela Jainkoa ukatzen zuela besteen aurrean, beldurrak hartzen zuela eta ez zela gai Jesusen Ebanjelioa bizitzeko. Bere bidelagunak komentatzen zion gauzetako bat zen agian «nik beste batzuei lagun niezaiekeela beldur horretatik irteten, nire fede-bizipena ezkutatzen ez banuen haien bizitzak inbaditzen ere egon nintekeen-eta». Eta egia zen. Asteak aurrera joan ahala, Deusto Campuseko jardueretan parte hartzera animatzen ziren beste pertsona batzuk ezagutzen joan zen, ez bakarrik Donostian, baita Bilbon ere.

Apurka-apurka, Pastoraltzako laguntzaile izateko konprometitu zan, bai campusean bai kanpoan, bai komunikazioaren arloan, bai fedea transmititzeko jardueretan, bai gizarte arloan.

Eta zer zerikusi izan zuen horrek guztiak bere bokazioan? Alexentzat, ikaskuntza baten hasiera izan zen: Ebanjelioa iragartzea hautsita dagoen mundu baten erdian egitea ere esan nahi zuela ohartzea. Mundu horretan, pertsona askok ez diote zentzurik aurkitzen beren bizitzei, eta “askotan, Jesusengan sinestearren, arrarotzat hartu eta epaitu zaitzakete”.

Unibertsitatean bizi izan zituen esperientzien bidez, Jainkoak bere bizitzarako proiektu bat zuela jakin zuen. Hasieran pentsatu zuen bere karrera profesionala ez zegoela lotuta Jesusen Lagundiaren misioarekin Elizan eta munduan. Baina konturatu zen ez dela horrela.

Denborarekin, jesuita gaztea jabetu zen mundua ez dela hobea pertsonek aurrera egiten dutelako edo teknologiak aurrera egiten duelako. “Esplotatzen diren eta eskubideak bortxatzen zaizkien pertsonak badaude, ezin dugu hitz egin garapenaz soilik enpresaren eta teknologiaren mundutik”, dio.

Ildo horretatik, Unibertsitatean egindako lanak giza balioak eta balio espiritualak transmititu dizkio, eta, beste batzuekin partekatutako esperientziaren bidez, jakin du Jainkoa oraindik ere presente dagoela behartsuenen artean. Halaber, ikasi du ez dituela bere maitasuna, nahia eta interesa bakarrik bilatu behar, baizik eta besteen zerbitzari izan behar duela, Jesusek berak egin zuen bezala, eta Mateok (25, 31-46) adierazten duen bezala.

Bere pobrezia, kastitate eta obedientzia botoak Gorputz eta Odolean ageri den Jesusen aurrean eman ondoren, Alexek “GEHIAGO hori, MAGIS hori, lortu nahi du Jainkoaren Loria Handiagorako, baita, beste batzuekin batera, Erresuma baten eraikuntzan parte hartu ere, non benetan maitatu ahal izango dugun, desberdintasunik gabe”.

Alex Leonardo Hernández (SJ) donostiarra da, hondurastar jatorrikoa. Ocotepequen jaio zen, Hondurasen, eta 28 urte ditu. Konputazio Sistemen Ingeniaritzan graduatua da, El Salvadorko Unibertsitate Teknologikoan; Industriarako Zibersegurtasuneko Espezialitateko Graduondokoa du, El Salvadorko Unibertsitate Teknologikoan; eta Ingeniaritza Informatikoko Graduko ikasle ohia da, Deustuko Unibertsitatean (Donostiako Campusa).