Izaskun Orue Sola, Jakiundeko kide urgazle gazte izendatua

Aukeraketa honek bere ibilbide ikertzaile bikaina eta Deustuko Unibertsitateko bikaintasun akademikoarekiko konpromisoa aitortzen ditu.

Izaskun Orue Sola

2025eko azaroak 12

Bilboko Campusa

Euskal Herriko Zientzien, Arteen eta Letren Akademiak, Jakiundek, Izaskun Orue Sola, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea, kide urgazle gazte izendatu du, 2025eko azaroaren 7an Bilboko campusean egindako osoko bilkuran.

Izendapen honek psikologiaren arloan egindako lan zientifiko eta ikertzaile nabarmena aitortzen du, eta Deustuko Unibertsitatearentzat ohore handia da, bere ikertzaileen konpromisoa eta bikaintasuna islatzen baititu.

Psikologian doktorea, Izaskun Orue Deusto Stress Research taldeko kide da eta Osasuna, Ongizatea eta Gizarte Kohesioa Ikerketa Fokuko koordinatzailea. Bere ikerketa jarduera haurtzaro eta nerabezaroan agertzen diren barnerako eta kanporako arazo psikologikoetan oinarritzen da ikuspegi kognitibo batetik. Arlo horretan 40 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko eragin handiko aldizkarietan eta 100 komunikazio baino gehiago aurkeztu ditu kongresu nazional eta nazioartekoetan.

Irakaskuntzan ibilbide sendoa du; Psikologiako Graduan, Psikologia Orokor Sanitarioko Masterrean eta Psikologiako Doktoretza Programan irakasten du, euskaraz zein gaztelaniaz. Halaber, Psikologiako Graduko koordinatzailea izan da eta erakundean beste hainbat ardura izan ditu.

2010ean Deustuko Unibertsitatean sartu zenetik, Izaskun Oruek ikerketa bokazio sendoa, psikologo gazteen prestakuntzarekiko konpromisoa eta proiektu lehiakorretan parte-hartze aktiboa erakutsi ditu.

 

Deusto Jakiunden

Izaskun Orueren izendapenak Deustoren eta Jakiunderen arteko lotura estutzen du, bi erakundeek partekatzen baitute ezagutzarekiko, ikerketarekiko eta diziplinarteko gogoetarekiko konpromisoa, gizartearen eta kulturaren aurrerapenaren motor gisa.

Deustuko Unibertsitateak presentzia sendoa du Akademian; izan ere, izendapen berri honekin guztira 13 kide ditu bere artean. Azkenik, joan den apirilaren 4an Gasteizen egindako osoko bilkuran, Deustuko lau kide berri gehitu ziren Akademiara: kide urgazle gisa, Edurne Bartolomé Peral soziologoa eta Jon Mikel Zabala Iturriagagoitia I+G Ingeniaritzako irakaslea; eta kide urgazle gazte gisa, Irene Gantxegi Madina filosofoa eta Jon López Gorostidi zuzenbide penaleko jurista.

Hauek bat egiten dute Deustoko gainerako kideekin: hautetsitako kide osoak, José Luis Larrea, Mikel Mancisidor, Helena Matute eta Enrique Zuazua; karguagatiko kide osoa, Juan José Etxeberria errektorea; kide urgazleak, Begoña García-Zapirain eta Diego López de Ipiña; eta kide urgazle gaztea, Naroa Ibarretxe.