2026ko urtarrilak 20
Donostiako Campusa
Urtarrilaren 20an “Análisis y descripción del riesgo de discriminación y el uso de recursos asistenciales del colectivo de mujeres mastectomizadas” azterlana aurkeztu zen Emakunderen egoitzan. Azterlan hori Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerlanei ematen dien bekari esker argitaratu da, eta bularreko minbiziaren ondorioz mastektomia egin behar izan duten emakumeek, aukera kirurgikoen aurrean, erabakiak hartzeko prozesua eta kalitatea aztertzen ditu. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak aurkeztu zuen ikerketa: “Proyecto I-MAST: análisis y descripción del riesgo de discriminación y el uso de recursos asistenciales del colectivo de mujeres mastectomizadas” lana Deustuko Unibertsitateko Garbiñe Lozano, Maialen Araolaza, Maider Lamarain, Olalla Ondarra, Alazne Mujica, Olatz Mercader eta Ane Arbillaga ikertzaileek osatutako taldeak egin du.
Ikertzaileek informazioa bildu dute, bai mastektomizatutako emakumeen aldetik, berreraikitzeko edo ez berreraikitzeko erabakia ardatz hartuta, eta bai osasun-profesionalen aldetik, pazienteek erabakiak hartzeko prozesua hobetzeko proposamenak eta gomendioak egiteko helburuarekin. Egileek txostenean zehazten duten bezala, neurri handi batean, tumorearen ezaugarrien eta pazientearen nahien araberakoa da bularreko minbiziaren tratamendu kirurgikoa aukeratzea. Egoera klinikoek ahalbidetzen dutenean, emakumeek interbentzio kirurgiko-mota hauta dezakete eta, une horretan, erabakiak hartzeko prozesu bati egin behar diote aurre, proba klinikoek eta pazientearen lehentasunek gidatuta. “Emakumeen erabakia kalitatezkoa izatea bermatu behar da, adostua eta lankidetzan hartua, osasun-profesionalek gidatuta”.
Hala ere, presio estetikoak edo informazio faltak eragina dute erabakia hartzeko prozesu horretan. Ildo horretatik, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi zuenez, “berdintasunaren, autonomiaren eta emakumeen askatasunaren ikuspegitik, garrantzitsua da hartzen duten erabakia autonomoa izatea, inolako presiorik gabe eta informazio guztiarekin, eta aukera guztiak baliozkoak eta errespetagarriak direla gogoan hartuta. Izan ere, autonomia ez da hautatzeko gaitasuna bakarrik, presio sinbolikorik gabe egiteko aukera ere bada”.
Txostenaren arabera, bularreko minbiziari aurre egiten dioten eta ondoren kirurgia egiten dieten emakume askok emakumeen edertasun-kanonak betetzeko presioa sentitzen dute. Hori dela-eta, onarpena, harremana eta autoestimua hobetzeko estrategiak diseinatzea eta ezartzea proposatu dute ikertzaileek, “bularreko edozein kirurgiari aurre egin behar dioten emakumeen ongizate fisikoa, mentala eta emozionala sustatzeko”.
Osasuneko profesionalei dagokienez, ikertaldeak komunikazio-trebetasunak eta neutraltasuna hobetzea proposatzen du. Besteak beste, optimizatu egin behar dira asistentzia integralari eta kalitate handiagoari lotutako alderdiak bermatzera, kontsulta medikoaren denbora luzatzera eta baliabideak zabaltzera bideratutako prozesu asistentzialei buruzko alderdi guztiak.