2026ko apirilak 16
Bilbao
Deustuko Unibertsitateak Ingeniaritza Fakultateak emakume teknologoentzako Ada Byron sari nazionalaren XII. Edizioaren deialdia egin du Zientziaren, teknologiaren eta ingeniaritzaren arloan erreferente bihurtu den sari honek arlo horietako emakumeen lana aitortu eta begien bistan jarri nahi du eta, aldi berean, emakumeen artean STEM arloko bokazioak sustatu. Sariak senior kategoria eta 35 urtetik beherakoen kategoria gaztea ditu, eta hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 16an amaituko da.
Enpresa munduko karrera profesionala bereziki baloratuko duen batzorde zientifiko-teknologiko batek osatzen du epaimahaia. Erantzukizuneko lanpostuak eta zereginak eta enpresaren munduan egin dituzten ekarpenak sartzen dira ebaluazio-irizpideen artean, azken balorazioa orekatuagoa egon dadin profil akademiko-ikertzaileak duen puntuazioarekin.
Sariaren babesleak Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde eta Danobatgroup izan dira hasieratik, eta laguntzaileak Innobasque eta Innolab Bilbao.
Ingeniaritza Fakultatea, era berean, sari panafrikano baten deialdia prestatzen ari da uda honetarako, Satlantis enpresaren laguntzari esker; enpresa hori liderra da teknologia espazialean eta Lurraren behaketan zein unibertsoaren esplorazioan espezializatuta dago. Prestatze-lan horretan, Mujeres por África Fundazioaren aholkularitza dute.
Hiru kontinentetan zabalduta dagoen saria
Espainiako eta Afrikako edizioez gain, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak beste bost sari ditu Amerikako bost herrialdetan: Mexiko, Argentina, Uruguai, Kolonbia eta Txilen.
Espainiako edizioan, aurreko hamaika edizioetan senior kategorian sarituak hauek izan dira: Montserrat Meya, adimen artifizialean eta itzulpen automatikoan aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantikoetako” aditua; Nuria Oliver, Telefónicako I + Gko zuzendaria; Regina Llopis, Adimen Artifizialari Aplikatutako Matematikako doktorea Kaliforniako Unibertsitateko Berkeleyko (AEB) Unibertsitateko doktorea; María Ángeles Martín, Sevillako Unibertsitateko irakasle titularra Ingeniaritza Elektronikoko sailean; Concepción Alicia Monje, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titularra; Laura María Lechuga, Kimika Zientzietako lizentziaduna eta COVID 19a ikertzeko europar proiektu bateko koordinatzailea; Elena García Armada, Industria Ingeniaritzako doktorea, CSICeko ikertzailea eta MarsiBionics-eko presidentea; Lourdes Verdes, behaketa radioastronomikoetan espezializatuta ikertzailea eta zientzialaria, María José Escalona, softwarearen ingeniaritzako aditua; eta Patricia Horcajada, IMDEA Energíako Material Porotsu Aurreratuen Unitateko arduraduna.
Bestalde, Ada Byron gaztea sariaren irabazleak hauek izan dira aurreko edizioetan: Ana Freire, ingeniaria eta Informatikako doktorea, Universitat Pompeu Fabrako (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea; Susana Ladra, Informatikako doktorea eta Matematikako graduduna; Jordina Torrents, Universitat Pompeu Fabrako doktorea adimen artifizialaren esparruan; Julia Guiomar Niso, Biomedikuntzako Ingeniaritzako doktorea eta Alzheimer gaixotasunaren markatzaile goiztiarren azterketako ikertzailea; Sara García, Centro Nacional de Investigaciones Oncológicas (CNIO) erakundeko ikertzaile titularra eta Europako Espazio Agentziako (ESA) astronauten erreserbako kidea; eta Alba González, Ingeniaritza Biomedikoko doktorea eta Xcure Surgical-en sortzailea.
Ekitaldiari buruzko informazio gehiago