2023ko martxoak 10
Donostiako Campusa
Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean hausnarketa jardunaldi bat egin zen martxoaren 10ean, DeustoForumek antolatuta, “Komunikazio Politikoa” gai hartuta. Roane Carey The Nation-USA astekariko erredaktoreburu ohia (1989-2021) eta Iñaki Gabilondo kazetaria eta Espainiako komunikazioan esatari erreferentea jarri zituzten elkarrekin hizketan. Elkarrizketa Mª Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak zuzendu zuen.
Azken hamarkadetan nazioartean izan diren aldaketek, bai alderdi politikoen esparruan alderdi berriak sortzean, bai herrialdeen arteko gatazketan, sekulako eragina dute hedabideetan. Alderdi politikoek arreta handiz lantzen dituzte komunikazio-estrategiak beren kanpainetan eta mezuetan, eta, gainera, hedabideetan gertaerak eta iritziak helarazteko dituzten moduak baldintzatzen dituzte. Badakigu hedabideak ez direla gertatzen denaren transmisore hutsak, munduaz dugun irudia eta haren interpretazioa eratzen dutela. Era berean, hedabideak politikaz elikatzen dira edukiak lantzeko.
Testuinguru horretan, hainbat galdera sortzen dira, eta galdera horien erantzunak lagungarriak dira espiritu kritikoa sustatzeko eta egungo komunikazio politikoaren panorama asaldatuan entzule aktibo gisa dugun eginkizuna ulertzeko: Zein da hedabideek bizitza politikoan eta haren garapenean betetzen duten papera? Nola baldintzatzen dute gertakari politikoen interpretazioa entzuleei begira? Hedabideak erabakigarriak dira emaitza politikoa erabakitzen duen iritzi publikoa sortzeko edo eratzeko orduan? Legitimitate politikoaren krisia bizi dugu maila globalean? Zein da plataforma digitalen eragina komunikazio politikoaren transmisioan? Gai horiei buruz eztabaidatu zuten, ikuspegi nazionaletik eta iparramerikarretik, Iñaki Gabilondok eta Roane Careyk, egungo egoera ulertzen lagunduko duten erantzunak ematen saiatzeko.
Jardunaldia Xabier Riezu Donostiako campuseko errektoreordearen ongietorriko hitzekin eta Mª Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko irakaslearen aurkezpenarekin hasi zen. Lehenengo hizketaldian, Iñaki Gabilondok hedabideen eta politikaren arteko harreman halabeharrezkoa azpimarratu zuen, baita bien arteko distantzia nola mantendu behar den ere: “hedabideek sinesgarritasuna galdu dute, gizarteak boterearen zerbitzari gisa ikusten dituelako”, adierazi zuen Gabilondok. Kazetari donostiar beteranoaren ustez, hedabide tradizionalak (prentsa, irratia eta telebista) ahulduta daude, indarra galdu dute. Gaur egun, herritarrek komunikazio-seinale asko jasotzen dituzte, eta mezuek oso aukera gutxi dute ondo definitzeko eta deszifratzeko; “fake news delakoen industria” ikaragarria dago, eta herritarrak zorabio garaia bizi du; “paradoxikoki, gizarte eszeptiko eta sinesberan bizi gara”, esan zuen. Gabilondoren ustez, garrantzitsua da bide berriak bilatzen dituen kazetaritza txikiari balioa ematea, balio etikoak eta gertatzen denaren errealitatea modu independentean kontatzeko konbentzimendua sustatzen baititu. Iñakiren arabera, politikak muturrera egin du, polarizatu egin da eta jada ez dago jarrera komunik (bateraturik), baina kazetaritza lanbide handia dela ere nabarmendu zuen, eta, zalantzarik gabe, beharrezkoa dela eta izango dela. Horrela, Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko Graduko ikasleak beren lanbidean gogotsu eta motibatuta jardutera animatu zituen.
Roane Carey, bestalde, oso kritiko agertu zen Estatu Batuetako hedabideekin. Bere ustez, “The New York Times” egunkaria, herrialdeko hedabiderik garrantzitsuenetako bat, ez zen behar bezain kritikoa izan bere garaian Bushen administrazioarekin suntsipen handiko armen gai guztiarekin (interes politikoen ondorioz). Estatu Batuetako landa-eremuetan bereziki eragin handia duten muturreko hedabideen gorakada aitortu zuen, baita iritzi partzial jakin batzuk sortzeko horiek herritarrengan duten eragina ere. Careyk azpimarratu zuen hedabide txikiak eduki behar direla, boterea kritikatu ahal izateko, haiekiko nolabaiteko distantzia mantenduko dutenak. Espainian hedabide onak daudela eta nahiko kritikoak direla uste du. Careyren iritziz, hemen ere polarizazioak gora egin du, eta politikarienganako errespetua nabarmen jaitsi dela uste du.
Hitzaldiaren azken zatian, Gabilondok hedabideen “finantza-egoera larria” aipatu zuen, eta horietako batzuek bide desegokiak aukeratu dituztela, “informazioa hutsalduz eta gizartea infantilizatuz”. Haren aburuz, ezin dugu informazio nahaste eta bonbardaketaren unibertso hau saihestu, horretan murgilduta gaude, eta beharrezkoa da geure burua behar bezala kokatzen jakitea, egiaren bidetik urrunduko ez gaituen “informazio erreal eta edangarri horretatik edan” ahal izateko; “kazetaritzak lan egin behar du gizartea zerbitzatzeko”, nabarmendu zuen. Roane Careyk, amaitzeko, nabarmendu zuen hedabideek konfiantza sakratua zor diotela publikoari, eta kazetaritza konprometitua egin beharra dagoela, benetan axola duenari buruz hitz egiteko.
Loiola Centrumeko jardunaldiari amaiera emateko, bertaratutakoen galderak jaso ziren, besteak beste, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Komunikazioko Graduko eta Komunikazioko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleenak.
Iñaki Gabilondori buruz
Iñaki Gabilondok ibilbide profesional luzea du hainbat hedabidetan, hala nola irratian (hainbat saio zuzendu ditu eta SER irrati-kateko albistegietako zuzendaria izan da), telebistan (TVEn ere aritu zen albistegietako zuzendari) eta hainbat zeregin bete ditu hainbat irrati eta telebista katetan. El País egunkarian ere egin du kazetari lana, eta hiru libururen autorea da, non kazetaritzari eta politikari buruzko hausnarketek protagonismoa hartzen duten. Sari, merezimendu eta aitorpen ugari jaso ditu, hala nola Espainiako Irrati Akademiaren Urrezko Domina, Nazioarteko Prentsa Klubaren Saria edo Prentsa Elkarteen Federazioaren Kazetaritza Saria, eta, gainera, Doctor Honoris da hainbat unibertsitatetan.
Roane Careyri buruz
Roane Carey kazetari eta editoreburu izan da The Nation argitalpen estatubatuarrean. Argitalpen horrek politika, kultura eta iritzia jorratzen ditu ikuspegi aurrerakoitik, nazio eta nazioarte mailan balio demokratikoak eta bakea defendatzera bideratuta. Israel eta Palestinaren arteko errealitate eta gatazkei buruzko bi liburu idatzi ditu.