Ikasle ijitoen eskola-arrakastaren Kale Dor Kayiko Sarien aurtengo edizioa izan da Deustuko Unibertsitatean

Ekitaldia baino lehenxeago, bi erakundeek esparru-hitzarmen bat sinatu dute unibertsitatera sartzeko laguntza eta ijitoen errealitateari buruzko sentsibilizazioa sendotzeko.

Kale dor Kayiko sariak

2026ko ekainak 17

Bilbao

Deustuko Unibertsitateak eskola-arrakastaren Kale Dor Kayiko Sarien banaketa hartu ditu aurten ere. Elkarteak 1989tik antolatzen du ekimen hori, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasle ijitoek prestakuntza-etapa desberdinetan (Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Heziketa Zikloak eta Unibertsitatea) egindako ahalegina jendaurrean aitortzeko.

Sari horien helburu nagusia da ikasleek eskolan egindako lana begien aurrean jartzea, familien eta irakasleen funtsezko zeregina aitortzea eta gazteak goi-mailako ikasketekin jarraitu dezaten animatzea. Sariek beren zikloetan titulu ofiziala lortu duten ikasleak eta ikasturtean zehar interes eta dedikazio berezia erakutsi dutenak saritzen dituzte.

Topaketan Kale dor Kayiko elkarteko ordezkariek, ikasle sarituek, familiek eta Deustuko Unibertsitateak parte hartu dute, besteak beste. Hitzaldietan, hezkuntza akademikoaren eta etengabeko prestakuntzaren balioa nabarmendu da, desberdintasun-egoerak gainditzeko, aukera-berdintasuna bermatzeko eta kulturen arteko bizikidetzan oinarritutako gizarte baterantz aurrera egiteko funtsezko tresna gisa.

Lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatzea

Sariak banatzen hasi baino lehen, bi erakundeen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu da Unibertsitatean bertan. Akordioa Aitziber Irigoras Alberdi Deustuko Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreordeak eta Jonatan Jiménez Cortes Kale Dor Kayiko Ijito Elkartearen ordezkariak sinatu dute.

Hitzarmen horren helburua da bi erakundeek aspaldidanik duten lankidetza-harremana formalki sendotzea. Hemendik aurrera elkarrekin garatuko dituzten lan ildo nagusien artean, Deustuko Unibertsitatean esperientzia pilotu bat abian jartzea jasotzen da, unibertsitatean ikasle ijitoei sarbidea errazteko eta laguntza emateko, emakume ijitoei berariazko arreta emanez.

Era berean, bi erakundeek prestakuntza eta aholkularitza ekintzak egingo dituzte Deustuko Unibertsitateko ikasle eta irakasleentzat, ijitoen errealitateari eta kulturari buruz. Akordioak, halaber, KDK Jardunaldi Pedagogikoak antolatzea aurreikusten du, dohainik, unibertsitateko ikasleentzat, eta zehazten diren titulazioen eta irakasgai jakin batzuen practicumean lankidetzan aritzea.