Ibermaticak eta Deusto Business Schoolek finantzetako errealitate digital berrietan sakondu dute

Colaboración Ibermática y DBS digitalización

2022ko ekainak 01

Donostiako Campusa

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Informatikako Ingeniaritzako gradu bikoitzeko bi ikasle taldek Ibermáticarekin elkarlanean egin dituzte Gradu amaierako proiektuak, finantzen eta bankaren esparruko errealitate digital berrietan sakontzeko. Bi erakundeen arteko aliantza udan ere luzatuko da, ikasleek aukera izango baitute praktikak konpainia teknologikoan egiteko, jarduera esparru horretan bertan.

Deusto Business Schoolek (DBS) eta Ibermáticak lankidetza programa bat dute, Fakultateko talentuaren eta konpainia teknologikoaren arteko harremanak estutzeko. Finantzen eta bankaren inguruko Gradu amaierako lanen eta praktika espezializatuen ibilbide bat diseinatu dute, Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Informatikako Ingeniaritzako graduko ikasleentzat. Proiektu eta praktika horien jarraipena eta laguntza unibertsitateko tutore akademikoak eta enpresako tutoreak egiten dute.

Zehazki, ikasturte honetan, elkarlan horren barruan Gradu amaierako bi proiektu egin dira, Laura Baselga Ekonomia eta Finantzetako saileko irakasle eta ikertzailearen tutoretza akademikoarekin eta Gonzalo Vasgas Isastiren laguntzaz, Ibermáticako Finantza Zerbitzuen eta Aseguruen arloko Iparraldeko eremuko managerra.

Proiektu horiek kriptodiruaren eta fintech-en errealitateetan sakondu dute. Zehazki, `Monedas Digitales. Cryptomonedas y Central Bank Digital Currency´ proiektua Martín de Bernardo Garmendia, Xabier García Pastoriza eta Jon Villafranca Alonsok egin dute, hirurak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduko ikasleak; eta ‘Las Fintech: sustitutivas o complementarias al sistema financiero tradicional’ proiektua, berriz, Unai Arambarri Yeregui, Juan Cendoya Etxeberria, Iker Galarza Rodríguez, Paul Hernández Guridi eta Pablo Sarobe Ezpondak.

Gainera, gai horietan sakontzen jarraitzeko, Ibermáticak DBSko ikasleei praktikak eskainiko dizkie uda honetan, aipatutako ildoetan aurrera egiteko eta Deusto Business Schooleko talentua ezagutu eta erakartzeko.

DBSko ikasleek, Fakultateak Ibermática eta potentzial teknologiko handiko beste enpresa batzuekiko lankidetzaren barruan, informazioaren teknologietan sakontzen dute, teknologia ez ezik, finantzen eta bankaren esparruko gaur egungo eta etorkizuneko aplikazioak eta garapenak ere ezagutzeko.

Bi entitateei buruz

Alde batetik, Deusto Business Schooleko 2025 Plan Estrategikoak zehazten du, bikaintasun akademikoarekin eta ignaziotar lidergoarekin batera, Fakultatearen hirugarren ardatza enpresa, gizarte eta erakundeekiko lotura dela. Zehazki, Plan Estrategikoko bost lerro estrategikoetako bat da enpresa, erakunde eta irabazi asmorik gabeko elkarteekin lankidetza sareak zabaltzea.

Ibermática informazio teknologien zerbitzuen konpainia globala da, 1973an Donostian sortua. 4.000 langiletik gorako lantaldea du eta Europako eta Amerikako 10 herrialde baino gehiagotan eskaintzen ditu bere zerbitzuak. Abangoardiako teknologiak garatzen ditu, enpresen eraldaketa digitalari laguntzeko, etorkizuneko beharrei aurrea hartuta. Esperientzia zabala du hainbat sektoretan zerbitzua eskaintzen: Industria; Administrazio Publikoa; Telekomunikazioak eta Hedabideak; Energia eta Utilitiak; Finantza Zerbitzuak eta Aseguruak; Osasuna eta Gizarte Zerbitzuak; Zerbitzuak eta Retail.