2025eko maiatzak 09
Bilbao
Deustuko Unibertsitateak “Eraldaketa digitalaren eta teknologikoaren erronkak hezkuntzaren eremuan” izeneko jardunaldia antolatu zuen, eta bertan hainbat unibertsitatetako aditu eta akademikok parte hartu zuten. Ekitaldiaren hasieran, Aristos Campus Mundus-ACM deialdian egindako ikerketen emaitzak aurkeztu ziren.
Josep Petchamé eta Ignasi Iriondo (Ramon Llull Unibertsitatea), eta Oihane Korres, Garazi Azanza eta Jessica Paños (Deustuko Unibertsitatea) izan ziren ACM aliantzari eskainitako saioan parte hartu zutenak. Aliantza horretan Deustuko Unibertsitatea, Comillas Unibertsitate Pontifikala, Ramon Llull Unibertsitatea eta Loyola Unibertsitatea daude elkartuta, bikaintasun akademikoa, irakaskuntzakoa eta ikerketakoa bultzatzeko helburuarekin.
Ondoren, Linda Castañeda Murtziako Unibertsitateko Hezkuntza Teknologiako irakasle eta ikertzaileak hasierako hitzaldia eskaini zuen. Jarraian, “Desafíos de la Inteligencia Artificial en educación superior” izenburupean, lehen hitzaldi-blokea egin zen. Saio horretan Pablo Garaizar (Deustuko Unibertsitatea) eta Charo Fernández Aguirre (Nebrija Unibertsitatea) izan ziren hizlariak. Azken horrek 20 urte baino gehiagoko esperientzia du teknologia ikaskuntza-prozesuetan aplikatzen, “Máster en TIC para la educación y el aprendizaje digital” graduondokoaren barruan.
Azkenik, jardunaldiak bigarren ponentzia-blokearekin jarraitu zuen, “Irakaskuntzaren berrikuntza eta digitalizazioa unibertsitateko geletan” izenburupean. Atal honetan Iker Villanueva Ruiz (Deustuko Unibertsitatea), Fisioterapiako irakaslea eta ikertzailea, eta Mercé Gisbert Cervera (Rovira i Virgili Unibertsitatea), Hezkuntzari Aplikatutako Teknologietan aditua, aritu ziren hizlari.