Gipuzkoak lidergo inklusiboa eta ekitate profesionala bultzatu nahi ditu, PWN Euskadi nazioarteko sarea Deustuko Unibertsitatera iritsita

Edurne Pasaban, Ana Andueza eta Maria Jose Aranguren Donostiako campusean talentuari, aniztasunari eta lidergo eraldatzaileari buruz antolatu den solasaldian izango dira

PWN Gipuzkoa

2026ko urriak 08

Donostia-San Sebastián

Laneko ingurune bidezkoagoak eta inklusiboagoak sortzeko beharrezkoa da ezagutza, enpresak eta gizarte erantzukizuna lotzea. Helburu horrekin, PWN Euskadik -PWN Global nazioarteko erakundearen dibisioak— Gipuzkoan duen presentzia zabaldu nahi du, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusarekin elkarlanean. Erakundeak hamarkada bat baino gehiago darama Euskal Autonomia Erkidegoan askotariko lidergoa bultzatzen.

Inaugurazio jardunaldia urriaren 8an izango da, osteguna, 18:00etatik 20:30era. Jardunaldia hainbat sektoretako profesionalak -publikoa, pribatua, ekintzailetza eta multinazionalak- elkartzeko eta solasean aritzeko pentsatuta dago, kontzientzia etikoa eta genero oreka ezaugarri izango dituen lidergo eredu baterako aldaketa bizkortzeko.

Topaketan hitza hartuko dute Ana Andueza PWN Euskadiko presidenteak, Maria Jose Aranguren Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordeak eta Edurne Pasaban alpinista eta enpresaburuak. Pasaban lidergoan eta gainditzean nazioartean erreferente bat da, eta talentuaren kudeaketaren, erresilientziaren eta konpromisoaren oinarriak azalduko ditu, eskakizun handiko testuingurutan. Solasaldi nagusiaren ondoren, elkarlan aktiborako tartea eskainiko du jardunaldiak, zuzeneko musikarekin, networkingerako tarteekin eta zerbait hartzeko aukerarekin, Gipuzkoan sarearekin bat egin duten pertsonen, enpresen eta erakundeen arteko aliantzak sortzen laguntzeko.

Maria Jose Aranguren Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordearen hitzetan, "benetako lidergoak lotura sakona izan behar du zentzuarekin eta balioekin: kontua ez da “nola” galderarik erantzutea, gauzak egitea, baizik eta “zertarako” egiten ditugun jakitea. Xedea, etika, enpatia eta entzuteko gaitasuna gidari dituen lidergoa da. Eta eredu humano eta kontziente horrek bete-betean bat egiten du zuzendaritza inklusiboagoak, kolaboratiboagoak eta orekatuagoak bultzatzeko beharrarekin. Arrazoi horrengatik, unibertsitateko bikaintasuna eta gizarte eraldaketa ezin dira bakoitza bere aldetik ulertu. Horrelako topaketa bat gurera ekartzeak eta hartan modu aktiboan parte hartzeak gure misioari erantzuten dio, gure garaiaren konplexutasuna ulertzeko eta erantzukizunez jarduteko gai izango diren liderrak prestatzea baitugu helburu, askotariko talentua errealitate izango den lan inguruneak sustatuz”.