Forotech 2025ek teknologia erabilgarria, gizatiarra eta dibertigarria izan daitekeela erakutsiko du

Ingeniaritza Fakultateak, 50 urte betetzear dituela, unibertsitatearen, enpresaren eta herritarren arteko topagune honen XIII. edizioa ospatuko du, bokazio teknologiko eta zientifikoak pizteko asmoz, batez ere nesken artean

Forotech azaroaren 20tik aurrera ospatuko da.

2025eko azaroak 20

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak Forotechen beste edizio bat antolatu du, ingeniaritza eta teknologia herritarrei hurbiltzeko eta ikerketa eta garapen teknologikorako bokazioak sustatzeko asmoz, batez ere emakumeen artean, sektoreko genero arrakalaren aurrean emakumeek beren tokia dutela nabarmentzeko. Dibulgazio foro horrek enpresen eta unibertsitatearen arteko aliantzak lortu eta sendotu nahi ditu, horrela ikasleak profesionalekin zuzenean konektatzeko.

Forotecheko jardunaldi nagusiak azaroaren 20an eta 21ean egin badira, urte amaierara arte luzatuko dira Deustuko Unibertsitatearen Bilboko eta Donostiako campusetan. Andoni Eguíluz Fakultateko dekanoaren hitzetan, helburua da gazteenei sektore bat hurbiltzea, “askotariko diziplinak hartzen dituena, adimen logikoa, espaziala, sortzailea edo emozionala garatzen dituena, eta funtsezkoa dena gure enpresa-jarduera gehienarentzat”. Eguíluzen ustez, “ingeniaritza eta teknologia funtsezkoak dira gizarte bidezkoagoa, askotarikoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko. Mundua modu positiboan eraldatuko dituzten pertsonak prestatzen ditugu”.

Tailerrak, sariak eta solasaldiak

Azaroaren 20an eta 21ean, Bilboko campusean, DBHko ikasleentzako tailer teknologikoak egin ziren Deusto FabLaben, mahai-inguruak, TEDx hitzaldiak eta teknologiari buruzko zinema-saio bat, Deusto Ekintzaile Astearekin lankidetzan. Era berean, Inetum sariak eta “Vidrala Master Glass” lehiaketakoak banatu ziren, non ikasleek beirazko ontzi berritzaile bat garatu behar duten.

Aipatu dezagun, hitzordurik nabarmenenen artean, Andoni Eguíluz dekanoaren eta Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuaren arteko elkarrizketa izango dela, berdintasunaren eta enpleguaren arloko aurrerapenetan, erronketan eta jardunbide egokietan zentratua. Era berean, Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Sariaren irabazleak, Julia Guiomar Nisok, STEM Lab Bizkaia podcastaren atal berezi bat grabatu zuen Unibertsitateko klaustroan.

Abenduaren 15etik 19ra bitartean, Donostiako campusean tailer praktikoak eta doakoak egingo dira, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei zuzenduta, DoPlay proiektuarekin batera. Proiektu horren helburua da haurren eta gazteen artean zientziarekiko, teknologiarekiko, ingeniaritzarekiko, artearekiko eta matematikarekiko (STEAM) interesa piztea. Parte-hartzaileek (730 ikaslek baino gehiagok eman dute izena jada) robotikarekin, errealitate birtualarekin, 3D diseinuarekin eta bideojokoekin esperimentatuko dute, honelako proposamenetan: Smart City Challenge: eraiki zure hiri adimenduna mikro:bit-ekin, Modelatua eta 3D animazioa Blenderrekin edo MakeCode Arcade bideojokoaren diseinua.

Deusto Design Astea: Industria Diseinuko graduaren hamar urte

Forotechen hedapen gisa, Deusto Design Astea ere izan da azaroaren 21etik 28ra, Industria Diseinuko Graduaren eta Deusto FabLaben 10. urteurrena ospatzeko. Programa ostiralean, hilaren 21ean, hasi zen MITeko Senseable City Lab talde ezaguneko Fabio Duarte eta Simone Moraren hitzaldiarekin; horrez gain, diseinuan egindako ikerketa proiektuen eta ikasleen lanen erakusketaren inaugurazioa izan zen.

Jardueren barruan, halaber, Egg Drop Challenge klasikoa ere izan genuen hilaren 26an, ingeniaritzako, diseinuko eta beste STEAM esparru batzuetako eskoletako erronka tradizionala, non parte-hartzaileek FabLaben goiko aldetik jaurtitako arrautza bat babesteko gai diren tresnak eraiki behar dituzten. Asteari amaiera emateko, Deusto Design Talks-en edizio berezia egin zen, ikasle ohiek beren ibilbide profesionalak partekatzeko tartea.

Forotechen hamahirugarren edizioa 2026an ospatuko den Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearen 50. urteurrenaren atarikoa izango da. Andoni Eguíluz Morán dekanoak nabarmendu duenez, urtemuga horrek “mende erdiko historia ospatzeko ez ezik, gizartea eraldatzeko gai diren pertsonak prestatzeko konpromisoa berritzeko ere balioko du, ikerketatik, berrikuntzatik eta konpromisotik abiatuta”. Eguíluzen hitzetan, “teknologia erabilgarria izateaz gain, entretenigarria ere izan daiteke; zientifikoa izatez gain, gizatiarra eta, errentagarria izateaz gain, konprometitua”.

Forotechek SPRI, Ihobe, Deloitte, Danobatgroup, Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde, Ingeniarien Kutxa, EJIE, Innolab Bilbao, Donostiako Sustapena, Siemens Gamesa, Sabadell Fundazioa, Vidrala, Alzola eta Doplay enpresen babesa du, baita DeustoTech, Deusto Ekintzaile eta Deusto FabLaben laguntza ere.

Informazio gehiago eta egitarau osoa hemen dago: www.forotech.deusto.es

Argazkiak