2026ko maiatzak 26
Deustuko Unibertsitatea
Azken astean, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako graduko ikasleek saio berezi bat izan dute “Jarduera Fisiko Inklusiboa eta Kirol Egokitua” irakasgaiaren barruan. Oraingo honetan, txirrindularitza egokituaren eta atletismo egokituaren hainbat modalitate eta mendi egokitua ezagutzeko eta bertatik bertara bizitzeko aukera izan dute.
Saioa posible izan da Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak utzitako materialari esker; txirrindularitzako handbike-a eta tanden bizikleta, atletismoko gurpildun aulkia eta mendiko joellet-a. Haien laguntzari esker, ikasleek kirol-modalitate hauetan erabiltzen diren baliabide eta egokitzapen espezifikoak ezagutu eta probatu ahal izan dituzte, esperientzia praktiko eta aberasgarri bat biziz.
Jardunaldiaren helburu nagusia ez da soilik modalitate desberdinak ezagutzea izan; aitzitik, ikasleak kirolarien egoeran jartzea bilatu da. Horrela, lehen pertsonan bizi ahal izan dute zer nolako eskakizun fisiko, tekniko eta koordinatibo dituzten kirol modalitate egokituko praktika ezberdinek. Esperientzia horren bidez, etorkizuneko profesional gisa, hobeto ulertu ahal izango dituzte kirolari hauen gaitasunak, beharrak eta entrenamendu-prozesuetan landu beharreko alderdiak.
Saio mota hauekin, gure ikasleen prestakuntzan urrats garrantzitsu bat ematen jarraitzen dugu. Helburua argia da: etorkizunean jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan lan egingo duten profesionalak prestatzea, praktika-aukerak zabaltzen eta pertsona guztientzat kirol-esperientzia esanguratsuak eta irisgarriak sortzen lagun dezaten.
Eskerrik asko Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioari elkarlanagatik eta gure ikasleen ikaskuntza-prozesua aberasten laguntzeagatik. Horrelako lankidetzak ezinbestekoak dira kirol inklusiboago eta irisgarriago baten alde lanean jarraitzeko.