2026ko urtarrilak 28
Bilboko Campusa
Caritas Bizkaiak, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Deusto Gizarte Balioak ikertaldearekin eta FOESSA Fundazioarekin lankidetzan, Euskadiko gizarte bazterkeriari eta garapenari buruzko txostena aurkeztu zuen urtarrilaren 27an Deustuko Unibertsitatean. FOESSA 2025 txostenak Integrazioari eta gizarte premiei buruzko 2024ko inkestaren emaitzak jasotzen ditu eta, Juan Jose Etxeberria errektoreak inaugurazioan esandakoaren bidetik, “argia” ematen du eta zati batean bakarrik ezagutzen eta gure garaiko pultsu etikoa definitzen duen errealitate bat sakon ezagutzeko aukera ematen du. Hasiera instituzionalean Elena Unzueta Bizkaiko Caritaseko zuzendaria ere izan zen.
Ana Sofi Telletxea, Amaia Izaola, María Silvestre eta Imanol Zuberok aurkeztutako txostena erreferente soziologikoa da pobreziaren, bazterketaren eta desberdintasun sozialaren azterketan. Dokumentuak nabarmentzen du badagoela egiturazko kutsua duen prekarietatea, gizarteko sektore handiei eragiten diena, Euskadin biztanleriaren herenari, hain zuzen. Hizlarien ustez, gizarte eraldaketak behar dira ongizate-eredu birbanatzaileak bultzatzeko, komunitatea sortzeko eta loturak indartzeko eta desafekzio politikoa lehengoratzeko. "Beharrezkoa da ziurgabetasunei erantzutea eta konfiantza sortzea: konfiantza erakundeengan, konfiantza pertsonengan eta konfiantza etorkizunean", esan zuten.
Bertan izan ziren, besteak beste, Joseba Segura Bilboko gotzaina; Oscar Seco Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Inklusioa Sustatzeko zuzendari nagusia eta Marisabel Albizu Ellacuria Fundazioko zuzendaria, erakunde publikoetako eta Hirugarren Sektoreko elkarteen artean.
Gizartea kolokan
“Deustuko Unibertsitatean esan ohi dugu gure misioa ez dela ikasgeletan amaitzen. Jesusen Lagundiaren unibertsitate izanik, gure bikaintasuna besteen bizitzan sortzen dugun eraginaren arabera neurtzen da, batez ere bazterketa jasaten dutenaren arabera ”, adierazi zuen Juan Jose Etxeberria errektoreak, eta gaineratu zuen FOESSA Txostenak gure gizartearen irudi konplexu eta desafiatzailea itzultzen digun ispilu baten aurrean jartzen gaituela, bereziki Euskadikoa.
Egia da Euskadik Espainiako batez bestekoa baino gizarte-babes eta errenta handiagoak izaten jarraitzen duela, baina errektoreak ziurtatzen du ezin garela erori datu makroekonomikoaren autokonplazentzian, batez besteko adierazleen atzean errealitate ekonomiko, sozial eta humano oso desberdinak daudelako. Kopuruek kezka sorrarazten digun egoera erakusten digute: pertsonen erabateko integrazioa atzera egiten ari da Euskadin. Gaur egun, 259.000 pertsona baino gehiago bizi dira Euskadin bazterketa egoeran. Baina kezkagarriena da FOESSAk "gizartea kolokan” esaten dion egoeran daudenen igoera: integrazio prekario horrek gure biztanleriaren heren bati baino gehiagori eragiten dio.
Familia horientzat enplegua izateak ez du jada pobreziarik eza bermatzen. Familia batzuen kasuan, etxebizitza eskuratzea diru-sarreren % 40 baino gehiago xurgatzen duen muga gaindiezina bihurtu da; horrek errenta erabilgarrian arrakala kezkagarria eragiten du, adingabeak dituzten familiak eta atzerritar jatorriko biztanleria bereziki zigortzen dituena. Ildo horretan, Juan José Etxeberriaren aburuz “euskal gizarte moduan, ezin dugu onartu generoak, adinak edo jatorriak gure gazteen bizi-itxaropena edo arrakasta akademikoa baldintzatuko duen zatiketarik”.
Egoera horren aurrean, Deustuko Unibertsitatearen egitekoa eraldaketei prestakuntza eta ikerketaren bidez ekarpena egitea da, gizarte bidezkoagoak eraikitzeko. Eragile aktiboak gara eta erronka horiek hiru ardatz nagusiren bidez konpondu ditzakegu. Alde batetik, badugu egiturazko konponbideak lortzeko “zentzuz egindako ikerketa”. Lan-merkatuaren azterketa abiapuntu hartu eta digitalizazioak gizarte-arrakalan duen eragina aztertzeraino, Deustuko Unibertsitateak ikertzeko gaitasuna politika publikoen zerbitzura jartzen du, diru-sarrerak bermatzeko sistemak beharrezko koltxoia izaten jarrai dezan, baita pertsonen autonomiarako eta ongizaterako tranpolina ere.
Bestetik, prestakuntza integrala ematen dugu. Gure ikasgeletan etorkizuneko epaileak, medikuak, ekonomistak, gizarte-langileak eta enpresetako liderrak prestatzen ari dira. Unibertsitatearen konpromisoa da titulu batekin ez ezik, gaitasun bereizgarriekin eta giza balioekin ateratzea, 259.000 pertsona atzean uzten dituen gizartea amaitu gabeko gizartea delako kontzientziarekin, alegia. “’Justizia sena’ ezaugarrietako bat izan dadin nahi dugu”.
Eta, azkenik, konpromiso soziala eskaintzen dugu. Deustuko Unibertsitatean, lankidetza estuan aritzen gara hainbat eragile ekonomiko eta sozialekin (Hirugarren Sektorea barne), baita erakundeekin ere, txostenak aipatzen duen "gu inklusibo" hori indartzeko. Ildo horretan, jakintza sortu eta transferitzeak “arreta humanizatzeko, burokrazia murrizteko eta bizitza agenda publikoaren erdigunean jartzeko” balio behar du.
FOESSA 2025 txostena ez da adierazleen eta errealitatearen azterketa bakarrik, baita itxaropen aktiborako bide-orria ere, non ekintzarako proposamenak jasotzen diren. Borondate politikoa, soziala eta akademikoa baldin badago, bazterketa saihestu daitekeela jasotzen du. Euskadik joera hori iraultzeko tresnak eta tradizio komunitarioa eduki baditu. Deustuko Unibertsitateak, Sapientia melior auro leloari leial eutsirik, urreak baino gehiago balio duen jakintzaren alde egiten jarraituko du: zauriak sendatzen eta zubiak eraikitzen dituen jakintzaren alde.