2026ko urriak 06
Donostia-San Sebastián
Aire faltaren sentsazio larria –disnea, ikuspegi klinikotik– giza sufrimendu handieneko bizipenetako bat da. Itolarriaren izua eta hiltzeko beldurra sistematikoki sentitzearekin lotzen denez, haren eragin psikologikoak mina bera baino handiagoak dira askotan. Ez da arazo hutsala; izan ere, helduen % 10i eragiten die, 65 urtetik gorakoen % 30i, bihotz gutxiegitasunen bat diagnostikatuta dutenen % 85i eta bizitzaren azken fasean dauden pazienteen % 90i.
Osasunaren erronka global horri erantzuteko, Deustuko Unibertsitateko Deusto Physical TherapIker ikerketa taldeak, Espainian arlo horretan aitzindari denak, urrats estrategiko bat eman du, Kyle Pattinson katedradunarekin elkarlanean arituko baita. Pattinson Oxfordeko Unibertsitateko ikertzailea da eta erresonantzia magnetiko funtzionalaz baliatuz arnasketaren garuneko prozesamendua aztertzen nazioarteko erreferentea da. Pattinson katedraduna Ane Arbillaga doktorea buru duen taldearekin bildu da Donostiako campusean, disnea aztertzeko orduan tresna terapeutiko ez-farmakologiko moduan errealitate birtualaren erabilera ebaluatzeko baterako azterlanaren protokoloa abian jartzeko. Ikerketa horretarako, Oxfordeko Unibertsitateak software espezializatu bat utzi dio ikerketa taldeari, disnearen pertzepzio zentrala aldatzeko eta antsietatearen eta aurrea hartzearen zirkuitu neuronaletan zuzenean esku hartzeko diseinatua.
Kyle Pattinson katedradunaren hitzetan (Oxfordeko Unibertsitatea): "Ikerketa zientifikoak erakutsi digu aire falta ez dagoela biriken edo bihotzaren egoeraren mende bakarrik. Garunak modu prediktiboan jokatzen du: igurikimenek, gogo aldarteak eta aurretiko esperientziek aldatu egiten dute nerbio sistemak arnasketa prozesatzeko duen modua. Errealitate birtualak dimentsio kognitibo eta emozional horretan esku hartzeko aukera ematen digu, pertsonen sintomak arintzeko, farmakologia tradizionala nahikoa ez denean".
Bestalde, Ane Arbillaga doktoreak, Deusto Physical TherapIker taldeko ikertzaile nagusiak, begirada klinikoa aldatzeko premia nabarmendu du: "Ezin dugu jarraitu disnea organo gaixoaren akats mekaniko gisa bakarrik tratatzen. Esperientzia biopsikosozial sakona da, pazientea isolatzen baitu, hiperzaintza sortu eta autonomia suntsitu. Zorroztasun zientifikoarekin eta abangoardiako teknologiarekin lantzea betebehar medikoa da, baina, batez ere, gehien sufritzen dutenekiko erantzukizun etiko eta humanitarioa".
Eragin nahi duen ezagutza sarea
Pattinson katedradunaren ekarpenek arnasketaren neurobiologia irauli dute, nerbio sistema zentralak toraxeko estutasunaren seinaleak nola prozesatzen dituen erakutsi duelako. Donostian hasitako proiektuak esparru teoriko hori aplikatuko du murgiltze teknologiaren bidez diagnostiko eta tratamendu pertsonalizatuak baliozkotzeko. Horri esker, gaixotasun kronikoak, neurologikoak edo arnasketakoak dituzten pazienteentzat itxaropen bide bat irekitzen da.