Fisioterapeutak, podologoak eta Deustuko Unibertsitatea elkarlanean Donostian, korrikalarien osasuna eta errendimendua aztertzeko

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Euskadiko Podologiako Elkargo Ofizialarekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Espainiako Kirol Podologiako Elkartearekin batera, osasun eta kirol arloko profesionalak bilduko ditu, korrikalarien osasuna eta errendimendua aztertzeko

Jornada corredor

2026ko urriak 30

Donostia-San Sebastián

 Korri egitean min arina izateak entrenamendua aldatzea ekar dezake, eta galdera zail baten aurrean jartzen gaitu: zer komeni zaigu, gelditzea, ahalegina egokitzea edo korri egiten jarraitzea? Seinale horiek interpretatzen ikastea eta zer egin jakitea izango da Korrikalariaren Osasunari eta Errendimenduari buruzko III. Jardunaldiaren gai nagusietako bat. Jardunaldia urriaren 30ean, ostirala, izango da, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, 10:00etan, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Euskadiko Podologia Elkargo Ofizialak, Deustuko Unibertsitateak eta Espainiako Kirol Podologiako Elkarteak (SEPOD) antolatuta. Doaneko jardunaldi hau osasun arloko profesionalei zuzentzen zaie, eta aldez aurretik izena eman behar da.

Jardunaldian korrikalariaren osasuna aztertuko da, hainbat ikuspegitatik. Arreta berezia jarriko zaie sarritan kronometrotik kanpo gelditzen diren gaiei, esate baterako, lesioen prebentzioari, prestakuntza fisikoari eta korrikalari emakumeen behar espezifikoei. Osasun arloko profesionalentzako hitzaldiak, mahai inguruak eta tailer praktikoak izango dira.

Korrikalari emakumearen osasuna

Korri egitean, pixa galtzea gerta daiteke edo zoru pelbikoan oinaze arina izan, baina ondorio horiek ez dira halabeharrezkoak eta ez dira normalizatu behar. Marina Guallar Bouloc fisioterapeutak korrikalarien artean zoru pelbikoaren muskulatura nola landu behar den eta sintomei arreta noiz jarri behar zaien azalduko du. Guallar fisioterapia muskuloeskeletikoan eta zoru pelbikoaren errehabilitazioan espezialista eta Fisioterapian doktorea da.

“Korri egitea pixa galtzea edo pelbisean presioa sentitzea ez ditugu normaltzat hartu behar. Garrantzitsua da kasu bakoitza aztertzea eta kirol jarduna emakume bakoitzaren beharretara egokitzea”, dio Guallarrek. Guallarren hitzaldiaren ondoren, tailer praktiko bat izango da korri egiteak zoru pelbikoan duen eraginaren eta eskatzen duen egokitzapenaren inguruan.

Solasaldia emakumeen osasunaren beste alderdi batzuetara ere zabalduko da. Alejandra Ron Marqués traumatologoak korrikalari emakumearen ikuspegi klinikoa eskainiko du, eta Maider Lamarain Altuna fisioterapeuta eta erizainak hilekoaren zikloak ariketaren esperientzian nola eragin dezakeen landuko du. Erantzuna emakume batetik bestera aldatu egiten da, eta ez dago entrenatzeko jarraibide unibertsalik.

Oinazea entzutea eta mugimendua ulertzea

Gerriko, aldakako edo belauneko oinaze arinak entrenamendua muga dezake eta galdera baten aurrean jartzen gaitu: gelditzea komeni da edo korri egiten jarraitu daiteke? Mónica Espeleta Alfaro fisioterapeutak gai hori aztertuko du, eskura dauden ebidentzietatik abiatuta. “Oinazeak ez du behartzen korri egiteari uztera, baina seinale horren aurrean ezin dugu ezikusiarena egin. Ezer erabaki baino lehen, nolako bilakaera duen eta pertsona bakoitzak mugimenduari eta zamari nola erantzuten dion aztertu behar da. Ez dago erantzun unibertsalik: erabakia kasuan kasu egokitu beharko da“, dio Espeletak.

Gorputzak korri egitean nola erantzuten duen hobeto ulertzeko, programa korri egitearen biomekanikan barneratuko da: indargetzetik eta propultsiotik hasi eta eliteko fondisten eta aldizkako korrikalarien arteko desberdintasunetara. Beste hainbat gairen artean, entrenatu aurreko prestaketa, bizkarrezurraren eta aldakaren papera, eta oineko kirol patologia batzuk ere landuko dira.

Arratsaldean, praktikan eta errendimenduan eragina duten beste alderdi batzuk izango dira aztergai, horien artean, oinetakoen egonkortasun sistemen bilakaera, korri egitea biztanleriaren segmentu berezietan eta osasunari kalte egin gabe entrenatzeko gomendio medikoak. Sergio Román Bermejo atletak bere kirol jarduneko esperientzia partekatuko du.

Prebentzioa ere entrenatu egiten da

Gai horietako batzuk tailer praktikoetara eramango dira: korrikalarientzako bihotz-biriketako bizkortzea, bendaje funtzionalak, beheko gorputz adarrerako ariketa terapeutikoak, zoru pelbikoa eta korri egitea, eta biomekanika kostu txikiko teknologiekin. Topaketaren amaieran, adituari galderak egiteko eta esperientziak eta iritziak partekatzeko tarte bat ere izango da.