Pribatutasuneko adituak Datuak Babesteko Euskal Lege berriari buruz eztabaidatzen

Garate Aretoan izan zen jardunaldiaren ikuspegi orokorra

2023ko maiatzak 31

Bilboko Campusa

Zuzenbide Fakultateak eta Espainiako Pribatutasuneko Elkarte Profesionalak (APEP, gaztelaniazko sigletan) jardunaldi bat antolatu zuten maiatzaren 31n, Datu Pertsonalak Babesteko Euskal Lege berriaren eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren proiektuari buruz eztabaidatzeko. Proiektu hori Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordearen esparruan eztabaidatzen ari dira gaur egun, eta datozen asteetan onartzea aurreikusten da.

Topaketak azterbidea eta eztabaida eskaini nahi zituen gai horretako adituen eskutik eta bi mahai-ingururen bueltan elkartu ziren. Lehenengoak arlo pribatuko eta akademikoko profesionalak bildu zituen –abokatuen bulegoak, aholkularitza-bulegoak eta Deustuko Unibertsitatea–; eta bigarrenak arlo publikoko profesionalak –Euskal Herriko administrazio publikoak, Izenpe, EITB eta Bizcaytic–. Inaugurazioa Iñaki Pariente Dayntic Legal-eko bazkide, Deustuko irakasle eta APEPeko bazkideak egin zuen, eta itxiera Marcos Mª Judel APEPeko presidente eta Audenseko bazkideak eman zion.

Lehenengo mahaian, “pribatutasuna profesionalen ikuspegitik” jorratu zen, Pablo Garrotek moderatua (IMQ Taldeko Datuak Babesteko Ordezkaria (DPO), Deustuko irakaslea eta APEPeko Zuzendaritza Batzordeko kidea), eta Datuak Babesteko Euskal Lege berriaren proiektuaren alderdi nagusietako batzuk aztertu zituzten Ana Isabel Herrán Deustuko irakasleak, Ion Turrillas BIANTIKeko DPOak eta Jorge Campanillas Iurismática Abogados enpresako bazkideak.

Saio horretan, bereziki nabarmendu zen legeak erakunde pribatuen eremuan duen eragina –euskal administrazio publikoen hornitzaile eta tratamendu-eragileengan, adibidez–, baita Deustuko Unibertsitatearenean ere –erlijio-esparruko erakundea–. Adibidez, arauaren aplikazio-eremu zabala aztertu zen, administrazio publikorako zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuei aplika dakiekeena, edo Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren ahalmen zuzentzailea, bi neurketa-bide ezartzen dituena, administrazio publikoen (ohartarazpenak) edo enpresa pribatuen (zehapen ekonomikoak) aurrean gauden kontuan hartuta. Halaber, Aholku Batzordearen esparruan dauden gabezia batzuk ere aztertu ziren, segurtasunaren arloan espezializatutako erakundeen parte hartzea alde batera uzten baitu.

"Proiektu teknologikoak eta administrazio publikoak" izeneko bigarren mahaian, Iñaki Parientek moderatuta, Iñaki Regidor EITBko Sistemen zuzendaria, Ione Artola Gipuzkoako Foru Aldundiko DPOa,Talia Besga Izenpeko Aholkularitza Juridikoaren arduraduna, Irune Larrea Donostiako Udalaren DPOa, eta Carlos Ortiz BiscayTIK Fundazioaren zuzendari teknikoa aritu ziren hizketan. Saio horretan, Datuak Babesteko Euskal Lege berriaren proiektuak erakunde publikoen eta haien ingurukoen eremuan izan lezakeen eraginari buruz eztabaidatu zen.

Besteak beste, ikuskapen-organoaren konfigurazioa eguneratzea bezalako gaiak jorratu ziren, Agentzia izatetik Agintaritza izatera igaroko baita, erregulazio argiago eta zehatzagoa emanda. Era berean, arauaren neurri proaktiborik ezari buruz hitz egin zuten, pribatutasunaren esparruan ezagutza eta jardunbide egokiak zabaltzeko eta lankidetza handiagoa sustatzeko, batez ere neurri zigortzaileetan edo erreaktiboetan oinarritzen baitira. Azkenik, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria izendatzeko orduan egin litezkeen zenbait hobekuntza aipatu ziren, Espainiako edo inguruko beste herrialde batzuetako araudiekin parekatzeko.

 

31/05/2023 - Jornada sobre el proyecto de nueva Ley Vasca de Protección de Datos