Executive Education-en promozio berri batek graduazio ekitaldia ospatu du

Graduazioko ekitaldiko parte-hartzaileak

2025eko urriak 17

Bilboko Campusa

120 parte hartzaile baino gehiago bildu ziren joan den ostiralean, urriak 14, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan, irakasleekin, senideekin eta lagunekin batera, Deusto Business Schooleko Executive Education 2024-2025eko programen graduazio zeremoniaren harira:

  • “Nola lideratu kontseilutik” programa | Euskadiko edizioa
  • “Nola lideratu kontseilutik” programa | Madrilgo edizioa
  • Executive Master in Business Administration (EMBA)
  • Zuzendaritza Nagusiko Aditu Programa
  • Osasun arloko Berrikuntza eta Kudeaketako Aditua
  • Executive Master in Business Administration (EMBA online)

Ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Executive Educationeko zuzendari nagusi Almudena Eizaguirrek, Deusto Business Schooleko dekano Macarena Cuencak, Deusto Business Alumniko presidente Anton Azlorrek eta graduatu berri ziren parte-hartzaile batzuek.

Horrez gain, bertan izan ziren Leyre Goitia Deusto Business Schooleko idazkaria, zeremonia-maistra lanak egin zituena, eta José Ignacio Goirigolzarri Deusto Business Schooleko presidentea, promozioaren aitabitxi lanak egin zituena. 

Ekitaldia Deusto Business School-eko zuzendari nagusi Almudena Eizaguirreren hitzekin hasi zen. Graduatu berriak enbaxadore nabarmenak izatea nahi zuela adierazi zuen, Deusto Business School-ek lidergo humanista ulertzeko moduan: autoezagutzatik eta interes-taldeekiko lankidetzatik abiatuta, pertsonen duintasuna erdigunean jartzen duen humanismoa, balio ekonomikoa eta soziala sortzeko. Halaber, bere konfiantza azaldu zuen graduatu berriek ezagutzak eta gaitasunak eskuratuak zituztela eta, aldi berean, egoerei lidergo humanistaren ikuspegitik aurre egiten ikasiak zirela, adore-dosi handiak aplikatuz. Eta gogorarazi zuen adorea dela, bikaintasunarekin, osotasunarekin, lankidetzarekin eta irekitasunarekin batera, Deusto Business Schoolen nortasunaren oinarrietako bat. 

Zuzendari nagusiak eman zion hitza promoziokoen aitabitxiari. José Ignacio Goirigolzarrik enpresa-kulturari buruz hitz egin zuen. Promesa partekatu batekin alderatu zuen.  “Promesa hori loturik dago besteak tratatzeko moduarekin, erabakiak hartzeko moduarekin, dilema etikoei aurre egiteko moduarekin, aldaketei erantzuteko moduarekin eta etorkizuna irudikatzeko moduarekin”, azaldu zuen. Executive Educationeko graduatuekin ere partekatu zuen erakundeetako lidergoei buruz duen ideia:  “ez dut lidergo karismatiko eta pertsonalistetan sinesten”, argudiatu zuen eta gaineratu zuen agian enpresa jakin batzuetan eta une jakin batzuetan lidergo mota horiek baliagarriak izan daitezkeela.  “Baina betikotzea kaltegarria da enpresa-proiektu baten iraunkortasunerako”, adierazi zuen.  

Bere hitzaldian, Goirigolzarrik denbora bat eman zuen jasaten ari garen aldaketen sakontasunaz eta abiaduraz hitz egiteko. “Eta erabateko aldaketako ingurune horretan, non malgutasuna eta arintasuna ezinbesteko baldintzak diren, antolakuntzari eskuordetza-espazio zabalak eman behar zaizkio maila guztietan”, adierazi zuen. Gaineratu zuen ingurune horretan beharrezkoa dela pertsonak baloratzea eta saritzea, aldaketa sustatzeko egiten dituzten ekarpenengatik, eta ez oinordetzan hartutako egoerak administratze hutsagatik.  Goirigolzarrik pertsonen balioa nabarmenduz itxi zuen bere mintzaldia. “Izan ere, nahiz eta mundu digitalizatuago eta teknologizatuago batean sartu, pertsonek, beren gaitasunarekin eta konpromisoarekin, enpresa lehiakorren eta erdipurdikoen arteko faktore bereizgarria izaten jarraituko dute” amaitu zuen.

Jarraian, eta musikarako tarte labur baten ondoren, graduazio-ekitaldiaren une nagusiari ekin zitzaion. Ekitaldi horretan, Carlos Arias Chaussonek eta Estibalitz Arregui Urdampilletak, hurrenez hurren, Nola lideratu kontseilutik eta Zuzendaritza Nagusiari buruzko programako partaideek, graduazioko konpromisoaren irakurketa ospetsua egin zuten, gaztelaniaz eta euskaraz, Ondoren, programetan parte hartu duten pertsona bakoitzari egiaztagiriak eman zizkieten.

Avencia Sánchez-Mejíasek, online MBA Executive-ko partaideak eta prestakuntzaren bidez emakumeen karrera profesionala bultzatu nahi duen Emakumea eta Lidergoa Sariaren lehenengo edizioko irabazleak, hitza hartu zuen promozioko kideen izenean. Programaren intentsitatea eta lortutako ikaskuntza handiak nabarmendu zituen eta, batez ere, eskertu zuen “Deusto Business School-en enpresa-lidergoan dagoen genero-arrakala murrizteko ireki den bidea”. 

Deusto Business Alumniko presidente Anton Azlorrek ere parte hartu zuen ekitaldian. Haren kasuan, ikasle ohien komunitatera ongietorria eman zien graduatu berriei eta loturak ehuntzearen eta elkarrekin komunitatea eraikitzearen abantailak gogorarazi zizkien.

Azkenik, Macarena Cuenca Deusto Business Schooleko dekanoak hartu zuen hitza, egindako ahaleginak ospatzearen eta aitortzearen garrantzia gogoratzeko, eta bertaratutakoei gogorarazteko Deusto Business Schoolek liderrak prestatu nahi dituela pertsonen duintasuna erdigunean jarrita. Dagoeneko ikasle ohi zirenei zuzendu zitzaien gogorarazteko beren erabaki eta hautuekin gizarte-eragin positiboan laguntzeko aukera eta erantzukizuna dutela. Dekanoak, amaitzeko, gradudunen talentua, esperientzia eta Deustuko Unibertsitateko espiritua, dauden tokian daudela, aldaketa positiboaren eragile izan daitezen opatu zien denei. 

Ars Canticum Ensemble abesbatzak girotu zuen ekitaldia, eta “Gaudeamus Igitur” piezarekin amaitu zen.