Europar Batasunak funtsezko berritzaile gisa aitortu du Deustuko Unibertsitatea, buruko eta lepoko minbizitik bizirik atera direnei laguntzeko bi teknologia direla eta

EBko Berrikuntzaren Radarrak BD4QoL proiektu europarraren bi tresna digital hautatu ditu tumoreen tratamenduaren osteko jarraipena eta bizi kalitatea hobetzeko

Bata zuridun bi sendagilek, atzea emanda, buru baten erradiografia bati eusten diote eta hari begira daude

2026ko urriak 07

Bilbao

Europako Batzordeak aitorpen bikoitza eman dio Deustuko Unibertsitateari, Horizon 2020 Europako ikerketa eta berrikuntza programaren esparruan ‘Funtsezko berritzaile'(Key Innovator) gisa identifikatuta. EBko Berrikuntzaren Radarraren (Innovation Radar) analisiak BD4QoL nazioarteko proiektuaren barruan garatutako bi aurrerapen teknologiko bereizi ditu, jarraipen medikoa pertsonalizatzera eta buruko eta lepoko minbizitik (HNC, ingelesezko sigletan) bizirik atera diren pertsonen bizitza hobetzera bideratuen artean.

Aitor Almeida ikertzaile eta irakasleak gidatzen duen proiektu honen barruan aitortutako lehen aurrerapena adimen artifizialean (AA) oinarritutako ereduak dira, paziente bakoitzaren bizi kalitatearen bilakaera modu pertsonalizatuan aurreikusteko diseinatuak. Tresna horri esker, tumore mota horretatik bizirik atera direnen profil zehatzak egin daitezke eta banaka egokitu daitezke bai jarraipen klinikorako estrategiak, bai tratamenduak amaitu osteko laguntza asistentzialak. Europako Batzordearen arabera, berrikuntza hori esplorazio fasean dago, eta egungo merkatuen beharrei erantzutera bideratuta dago. Garapen horretan, euskal erakunde akademikoa funtsezko bazkide gisa agertzen da Osloko Unibertsitatearekin batera.

Bruselak babestutako bigarren teknologia BD4QoL aplikazio mugikorra da. Detekzio pasiboko plataforma bat da, erabiltzailearen gailu mugikorretik independentea, pazientearen bizi kalitatea etengabe monitorizatzeko aukera ematen duena, haren eguneroko errutina ia oztopatu gabe. Europako irizpenaren arabera, soluzio teknologiko hori fase aurreratuagoan dago, Market Ready edo merkaturako prest katalogatuta, eta, era berean, egungo merkatuaren eskaerei erantzutera bideratuta dago. Tresna hori sortzean, Deustok IBM Ireland Limited multinazional teknologikoarekin eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoarekin partekatzen du ‘Funtsezko berritzaile’ aitorpena.

Nazioarteko proiekzio publikoa

Berrikuntzaren Radarra Europako Batzordeak funts publikoekin finantzatutako potentzial teknologiko handiko ikerketak ebaluatzeko erabiltzen duen ekimen ofiziala da, mundu osoko herritarrei, komunitate zientifikoari, bezeroei eta inbertitzaileei ezagutarazteko erabiltzen duena.

Bi ekimenei buruzko informazio teknikoa, proiektuaren izen, bazkide nagusi, deskribapen orokor eta amaiera-dataren ingurukoak Berrikuntzaren Radarraren katalogo publikoan sartuko dira bi hilabeteko epean, eta web bidezko plataforma erabilgarrian eta aplikazio mugikorrean dagoeneko erregistratuta dauden Europako 13.000 berrikuntzei gehituko zaie. 

Katalogo instituzional horretan sartzeak atea irekitzen dio Deustuko Unibertsitateari merkatura jauzi egiteko negozio eta prestakuntza planetan laguntza eta aholkularitza zerbitzu europarrak eskuratzeko, bere ikerketa biomediko eta teknologikoaren nazioarteko proiekzioa sendotuz.