2016ko martxoak 10
Bilbao
Martxoaren 10ean eta 11n hartu zuen Deustuko Unibertsitateak, Donostiako eta Bilboko campusetan, audientzia kulturalen garapenari buruzko europar proiektuaren azken konferentzia, “ADESTE: Audience Developer: Skills & Training in Europe” izenekoa.
Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Aisiazko Ikaskuntzen Institutuak era aktiboan hartu du parte 2013ko azarotik hona proiektuan. Bi fase izan ditu. Lehen fasean ikerketa egin da, audientzien garapena zertan den jakiteko Europako hezkuntza esparruan, prestakuntzako beharrak antzemateko eta kultura erakundeetako audientziak garatzeko izan behar dituen trebetasun eta gaitasunen profila definitzeko.
Ikerketa horretatik oinarrizko hiru ideia ateratzen dira:
-Pertsonen arteko harremanak ez ezik teknikak ere ezinbestekoak dira kultura erakundeetan audientzien garapenaren erronkari aurre egiteko. Horien artean, funtsezkoak dira lidergoko eta estrategiako gaitasuna.
-Beharrezkoa da audientzien garapena kultura erakundeen bihotzean txertatzea, asmo estrategikora erantsirik.
-Testuinguru geografikoa, kultura azpisektorea eta erakunde jakin bakoitzaren idiosinkrasia bezalako faktoreek eragiten dute audientzien garapen prozesuetan.
Proiektuaren bigarren fasean prestakuntza pilotu bat eskaini da, diseinua aurreko ikerketaren emaitzetan oinarrituta. Audientziak garatzeko plan bat ezartzera bideratu da ikastaroa, Action Learning bezalako metodologia berritzaileen bidez; ADESTE partzuergoko 5 herrialdetan eskaini da –Espainian Italian, Polonian, Danimarkan eta Erresuma Batuan– eta kulturaren esparru publiko eta pribatuko 65 profesionalek hartu dute parte.
Konferentzian izena eman duten 150 profesional, akademiko eta ikertzaileek, Europako eta Latinoamerikako 14 herrialdetakoek, lana ezagutu eta emaitzen berri izango dute Europako Batzordeko Lifelong Learning – Leonardo Da Vinci programak finantzatutako proiektuak iraungo duen 30 hilabeteetan. Europako Batzordearen babesaz gain, tokiko hainbat erakundek egin du bat ekitaldia babesteko: Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuak, Tenerifeko Kabildoko Kultura Arloak, Pabellón 6k edo MeetAbout-ek. Ekitaldian zehar, parte hartzaileen inplikazioa sustatzen duten metodologiak eta teknologiak aplikatuko dira eta Gipuzkoako hiriburuko kultura jarduerarekin lotutako proiektu batzuk bisitatzea ere aurreikusten da: Tabakalera, San Telmo Museoa eta Albaola.
Egitarau osoa
Izena ematea. Argibide gehiago:
www.adesteproject.eu/adestes-final-conference
www.adeste.deusto.es