2023ko uztailak 19
Donostiako Campusa
Deustuko Unibertsitateak, DESUGI proiektuaren esparruan, denbora darama Gipuzkoako familia-enpresen eta ETEen papera aztertzen, lurraldean aberastasun jasangarria sortzeko. Ikerketaren emaitzaren adibide ugari daude: praktika programa berritzaile bat, Eusko Jaurlaritzaren saria jaso duen doktorego tesi bat, halako enpresa moten aitorpen batzuk eta enpresen egoera eta sustraitze eta jarraipenaren inguruko zenbait azterlan. Lan horien aitorpen gisa, Deusto Research Social Impact zigilua jaso berri du, izan duen eragin positiboagatik eta gizarte eraldaketan egindako ekarpenagatik.
Cristina Aragón eta Cristina Iturrioz ikertzaileak dira programa lideratzen dutenak. Asmoa da enpresen jarduera eta erabakitzeko ahalmena lurraldean mantentzen laguntzea, sareko lana eta gizarte eragina bultzatuz. Enplegagarritasuna sustatuz, gure lurraldeko enpresei buruzko jakintzaren sorkuntza eta transferentzia fokalizatuz, bereziki familia ETEei buruzkoa, eta ikerketan eta transferentzian sektore arteko lankidetza bultzatuz egiten dute.
DESUGIk 2017an eman zituen lehenengo pausoak, Deusto Business Schoolek, Antonio Aranzábal Fundazioak eta Euskadiko Familia Enpresa Elkarteak gipuzkoar ETE industrialei buruzko ikerketa bat egin zutenean. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako lan horrek adierazten zuen Gipuzkoako industria arloko ETEen % 82 lurraldean ziharduten balio katearen parte zirela, ekonomia eta gizarte dinamismoan ekarpena egiten zutela eta horrek lehenetsi egiten zuela sustraitzea bermatzea eta ondorengotza prozesua hobetzea. Ikerketak salmentan jartzeko, deslokalizatzeko eta ixteko arriskuan zeuden Gipuzkoako industria arloko ETEak identifikatzen laguntzen zuen, eta garatzeko estrategia posible batzuk planteatzen zituen, enpresa horiek desagertzea eta lurraldetik urruntzea saihesteko.
Ikerlanak balio izan zuen Deustuko Unibertsitateko Familia Enpresa Katedraren bidez doktore tesi baten oinarri izateko, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko Familia Enpresa Elkartearekin lankidetzan. 2017 eta 2021 bitartean egindako lanak identifikatu ditu jarraipena eta sustraitzea sustatzen dituzten baldintzak zeintzuk diren familia-enpresan, baita inbertsioa eta talentua erakartzearen garrantzia, lurraldearen ongizatean familiako enpresa jarduerak duen aitorpena eta belaunaldien arteko transmisioa ere. Izan ere, Paula Martínez Sanchísek defendatu zuen tesi horrek euskal ekonomiari buruzko ikerketa onenaren Alberto Alberdi Saria jaso zuen, lehenengo edizioan.
Bai DESUGIk eta bai tesiak lortu nahi dute ekonomia eta gizarte eragileak eta administrazio publikoak ohartzea enpresak lurraldean sustraitzeko eta hazteko eta ongizatea mantentzeko prozesu horiek nolako garrantzia duten.
Ikerketa horien emaitza gisa, ikusi da lurraldeak familia-enpresak lurraldean ainguratzeko haztatu dezakeen faktoreetako bat, urteetan zehar, familia enpresek egin duten lana aitortzea dela, bai enpresa proiektuak abian jartzeko eta bai sendotzeko, hainbat krisi eta ziklori aurre eginez. 2013tik Antonio Aranzábal Fundazioak eta Deusto Business Schoolek Casos de Empresa Familiar y Familia Empresaria bildumaren bitartez babesten zuten ildo hori 2021ean plazaratu den argitalpen batean dago jasorik. Gipuzkoako familia-enpresako 12 kasu daude bildurik lan horretan, familien esperientziak lehenengo pertsonan. Bilduma hori, gainera, gizartearen esku dago Fundazioaren webgunean hiru hizkuntzatan (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez).
ETEen sustraitzea babesteko beste faktore garrantzitsu bat talentua bilatzen eta atxikitzen laguntzea da; izan ere, familia-enpresa zaintzen ez bada eta familien konpromisoa balioesten ez bada, gipuzkoar enpresa ehunaren funtsezko zati bat galtzeko arriskua dago. Horregatik jarri zen martxan 2022an Familia Enpresa eta Talentua praktiken programa, Rural Kutxaren, Antonio Aranzábal Fundazioaren eta Deusto Business Schoolen artean, talentu gaztea eta gipuzkoar familia-enpresak harremanetan jartzeko. Helburua da talentua goiz atxikitzea, lurraldeko familia-enpresetako proiektu estrategikoetan txertatuz, horrela, goi mailako prestakuntza duten pertsonek gure inguruan dauden aukera erakargarriak ez ezagutzeagatik alde batera utzi ez ditzaten. Lehenengo bi edizioetan 18 ikaslek eta 13 enpresak parte hartu dute eta gogobetetasun maila oso altua izan da.
Ildo horretatik, programak onurak dakarzkie hiru kolektibori: alde batetik, gazte ondo prestatuei, proiektu interesgarrietan parte hartu baitezakete, lurraldean ezagutu eta ezagun egin daitezkeelarik lurraldean sustraitutako enpresetan; beste batetik, sustraiak izan, lehiakorrak eta dinamikoak izan daitezkeen familia-enpresei, beren burua ezagutzera emateaz gain, begien bistan ere jartzen baitira lurraldeko unibertsitateko gazteen artean; eta, azkenik, Gipuzkoari, oro har irabazle ateratzen baita, sustraitutako enpresa proiektuak eta lurraldeko talentua atxikitzen baitira, gazte ondo prestatuak ihes egitea saihesten baita eta enpresa proiektuak sustatzen baitira. Ez da ahaztu behar gizartearen ongizatea eta aurrerapena, neurri handi batean, enpresen lehiakortasunari loturik dagoela. Zeren eta, zer zentzu du gure gazteak prestatzen inbertsioa egiteak, ikasketak amaitutakoan, kapital hori lurraldean atxikitzen ez bada?
Azken aldian, 2023an, ikertzaileak Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin lan egiten ari dira, erakunde publikoekin garatzen ari diren sustraitzeari buruzko hausnarketa prozesuetan, sustraitzeko politikak nola sendotu aztertzeko.