Deustuko Unibertsitateko Lehen Hezkuntzako ikasleek txotxongiloak erabiliz haurrei zuzendutako hainbat kontakizun taularatu dituzte, gizarte balioak transmititzeko helburuarekin

TXOTXONGILO Eszena proiektuak, Tolosako TOPICekin lankidetzan, komunikazioa, adierazpen artistikoa eta gizarte balioen transmisioa batzen ditu, eta Donostiako Sagrado Corazón Mundaiz ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleei aurkeztu zaie

Txontxongilo eszene

2025eko abenduak 05

Donostiako Campusa

Deustuko Unibertsitateko Lehen Hezkuntzako graduko eta Lehen Hezkuntza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitzeko lehen eta hirugarren mailetako ikasleek TXOTXONGILO Eszena proiektuan hartu zuten parte joan den abenduaren 5ean. Diziplina arteko proiektu hori, Oihane Korres Alonso eta Maite Amondarain-Garrido irakasleen gidaritzapean, TOPIC - Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin elkarlanean egin da. Irakaskuntza Berritzeko Proiektu honek ikasleen gaitasun komunikatiboak, artistikoak eta sozio-emozionalak indartzeko beharrari erantzuten dio, diziplinarteko ikuspegi batetik. Proiektua lehen mailako Gaitasun Komunikatiboak Hezitzaileentzat irakasgaian eta hirugarren mailako Arte Hezkuntza eta bere Didaktika eta Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika II irakasgaietan landu da.

Kultur aniztasun eta konplexutasun gero eta handiagoa eta metodologia aktibo eta sortzaileen eskaria ezaugarri dituen gizarte eta hezkuntza testuinguruan, lehentasunezkoa da etorkizuneko irakasleei komunikazioa, adierazpen artistikoa eta gizarte balioen transmisioa uztartuko dituzten tresnak ematea. Deustuko Unibertsitateak, profesional gaituak eta herritar konprometituak prestatzeko misioarekin bat, helburu hori jartzen du bere hezkuntza ereduaren erdigunean. Proiektua TOPIC - Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin elkarlanean egin da. TOPICek prestakuntza lantegiak eskaini dizkie Deustuko ikasleei, txotxongiloekin egiten den antzerkiaren inguruan: lehen lantegian, gidoia prestatzen irakatsi diete; bigarrenean, txotxongiloen diseinua eta sorkuntza eta eszenografia landu dituzte; eta hirugarrenean, dramatizazioa. Prestakuntza hori jasota, ikasleek elkarrekin haurrentzako antzezlan bat prestatu dute txotxongiloekin taularatzeko, beti ere gizarte balioak sustatzeko helburuarekin. Proiektu honen gizarte eraginaren erakusle, Deustuko ikasleek sortutako lana Donostiako Sagrado Corazón Mundaiz ikastetxeko Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleen aurrean antzeztu da. Antzezpenaren ondoren, etorkizuneko irakasleek eta ikusle gazteek lanaren inguruko iritziak eta sentsazioak partekatu ahal izan dituzte, solasaldi informal batean.