2025eko uztailak 21
Bilbao
Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleek gorreria duten haurrentzako ipuin inklusibo batzuk sortzen parte hartu dute ikasturte honetan. Istorio integratzaile horiek, gaztelaniaz eta euskaraz idatziak, ULERTUZ Bizkaiko Haur Gorren Familia eta Lagunen Elkartearekin lankidetzan egin dira, Kontaidazu! proiektuaren bidez.
Kontaidazu! proiektuaren helburua bikoitza da: alde batetik, entzuteko desgaitasuna duten haurrek beren burua irakurtzen dituzten ipuinetan islatuta ikustea lortzen da eta, bestetik, argitalpenak tresna bihurtzen dira ULERTUZ elkartearentzat, itxarongelan eta eguneroko jardueran baliabide gisa eskuragarri izango baititira.
Ekimenak, Hezkuntza eta Kirol Fakultateak azaldu duenez, askotan oharkabean pasatzen den errealitate bati erantzuten dio: ipuinetako pertsonaiek oso gutxitan erakusten dituzte audifonoak, kokleako inplanteak eramaten dituzten edo gorreria duten adingabeen egoerak. Horren ondorioz, haur asko ez dira ordezkatuta sentitzen kontsumitzen duten haur literaturan.
“Kontaidazu!-k egoera horrekin amaitu eta aurrerapauso bat eman nahi izan du. Sortutako ipuinek, gorreria duten protagonistak ez ezik, beren eguneroko esperientziak, emozioak eta erronkak ere islatzen dituzte, errespetuzko begirada sortzaile eta inklusibotik”, azaldu dute Nerea Gutiérrez, Lucía Barrenetxea eta Ariane Díaz Iso proiektuaren koordinatzaileek.
Ipuinak ULERTUZen egoitzan egongo dira eskuragarri, eta hezkuntza- eta laguntza-baliabide gisa erabiliko dira. “Pedagogia, enpatia eta konpromiso soziala ikasgeletatik uztartzeko modu bat” da, laburbilduz.
ULERTUZ elkartean ipuin horiek harrera ona izan dute, eta Bizkaian gorreria duten haurren arretan erreferentea den ikastetxe batek ipuin horiek ikasgeletara eramateko interesa duenez, proposamen inklusibo horren inpaktua zabaltzen jarraitu ahal izango da 2025-26 ikasturtean.