Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko ikasleek genero indarkeriaren biktimei justiziarako sarbidea errazten dien prozesu penalari buruzko gida erabilerraz bat prestatu dute

Proiektuak María José Barbarín, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidentearen eta Mikel Gabilondo Batiz abokatuaren laguntza izan du

Guía accesible violencia de género

2026ko uztailak 08

Donostia-San Sebastián

Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko ikasleek, Loiola Klinika Juridikoaren “Irakurketa erraza” proiektuaren barruan, prozesu penalari buruzko gida egokitu bat prestatu dute, genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erabilerraza. Proiektu honetan, prozesu penalari buruzko hiru gida egokitu egitea da helburua: bat emakume biktima guztientzat, beste bat biktima adingabeentzat eta hirugarren bat ama biktima duten adingabeentzat. Ekimen horri esker, ikasleek beren jakiteak gizartearen zerbitzura jar ditzakete, ikuspegi inklusibo batekin. 

Prozesua azaroan hasi zen, Mikel Gabilondo Batiz abokatu eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak eta gizarte langile batek emandako lehen prestakuntza saio batekin, biktimari ematen zaion bidelaguntzaren gizarte ikuspegia eskaintzeko. Hasierako saio horren ondoren, ikasturte honetan Irakurketa Errazeko proiektuan borondatez parte hartu duten ikasleak gida erabilerrazaren proposamena lantzen aritu dira, Garazi Romero Sánchez eta Raquel Arias Benéitez arloko irakasle arduradunen laguntzarekin. Edukiak aipatutako bi profesionalek berrikusi dituzte, baita María José Barbarín Urquiaga magistratuak ere, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidente eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakaslea. 

Maiatzean izandako saioan, ikasleek beren gida proposamena aurkeztu zuten, eta adituen balorazioak jaso zituzten. Haien laguntza izango zuten behin betiko maketaziorako ere. Lan honekin, Loiola Klinika Juridikoak jakintza juridikoa gizarte justiziaren eta ekitatearen zerbitzura jartzeko helburua betetzen du, biktimei beren eskubideak eta prozesu judiziala argi ulertzen laguntzen baitie.

Gida horren behin betiko bertsioa —datozen ikasturteetan garatzen jarraitu ahal izango den dokumentu bizi eta dinamikoa izateko helburuarekin sortua— ekainaren amaieran aurkeztu zen Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, eta euskarri-tresna praktiko eta eskuragarri gisa zabalduko da.

Gida osoa