Errektorea Unibertsitatea + Enpresa 2022-2026 II. Euskal Estrategiaren aurkezpenean, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluan

Berriak

2022ko maiatzak 04

Bilboko Campusa

Iñigo Urkullu lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bileraren buru izan zen maiatzaren 4an, Lehendakaritzaren egoitzan. Bileran izan ziren, halaber, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, Iñaki Eras Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendaria, Eva Ferreira (UPV/EHU), Jose María Guibert (Deustuko Unibertsitatea) eta Vicente Atxa (Mondragon Unibertsitatea); Maite Alonso Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea; Eduardo Aréchaga Confebaskeko zuzendari nagusia; eta hiru foru aldundietako eta EUDELeko ordezkariak, besteak beste.

Bileran, lehendakariak Hezkuntza Sailak bultzatutako Unibertsitatea+Enpresa 2022-2026 II. Euskal Estrategiaren helburuak eta jarduera ildo nagusiak aurkeztu zituen, eta 2017-2022 aldian garatutako lehen estrategiaren emaitza nabarmenenak jakinarazi zituen.

Estrategia berriak, aurrekoak bezala, uste osoa du Unibertsitatea+Enpresa izeneko lankidetza funtsezko motorra dela XXI. mendean Euskadi eraikitzeko. Unibertsitateek eta enpresek, unibertsitate ekosistema osatzen duten eragileekin batera, estrategia honetan beren erantzukizuna partekatzen dute, helburu partekatu batekin: Euskal gizartea garatzen laguntzea.

Unibertsitatea+Enpresa I. Estrategiaren emaitza nabarmenak (2017-2022)

Unibertsitatea+Enpresa I. Euskal Estrategia Urkullu lehendakariak aurkeztu zuen, 2017ko uztailean, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluan. Ordutik, osatzen duten hamabost ekintzetako guztiak partzialki edo erabat gauzatu dira, eta oso emaitza onak izan dituzte.

Lortutako emaitzen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

• 47 titulazio dual: Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak unibertsitate-prestakuntza duala aitortzeko protokolo bat sortu zuen. 2017tik, 47 titulaziok lortu dute aipamen dual hori (30 gradu eta 17 master) hainbat arlotan, hala nola Ingeniaritzan, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, Fabrikazio Digitalean, Marketinean, Ikus-entzunezko Komunikazioan edo Soziologian. 600 enpresa eta 4.800 ikasle baino gehiago izan dira orain arte prestakuntza dual horretan parte hartu dutenak.
• Klusterrak sortzea: Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologian Prestakuntzako Kluster 4Gune unibertsitate-prestakuntzaren bi kluster antolatu dira; eta KSIgune klusterra, Kultura eta Sormen Industriena.
• Enpresa+Unibertsitatea ikasgelak: 2017-2022 aldian bi Enpresa+Unibertsitatea gela jarri dira martxan: Industria 4.0 AIC Gela eta Kultura eta Sormen Industrietako KSI Gela. Euskal unibertsitate-sistemako ikasleek euskal enpresek planteatutako erronkak ebaztea ahalbidetzen dute ikasgela horiek.
• Igarotze eta Ekintzailetza Programak: 4.650 ikaslek hartu dute parte lan-bizitzarako trantsizioko programan beka jaso dutenak; gainera, 300 ekintzailetza-beka baino gehiago eman dira.
Unibertsitatea+Enpresa ardatza 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Planaren lehentasunezko bi ardatzetako bat da. Horretarako, 22 milioi euro baino gehiago bideratu dira programa-kontratuen bidez, aldi horretan (2019-2022). Horren ondorioz, unibertsitatea+Enpresa Gelak bultzatu dira, enpresekin eta klusterrekin lankidetzan, ekintzailetza-ekosistemak garatu dira, eta zerbitzu aurreratuak eman zaizkie enpresa eta erakundeei, edo, bestela, garapenerako laguntza eman zaie.

2017-2022 Unibertsitatea+Enpresa I. Estrategiaren emaitza aipagarri horiek hainbat aintzatespen jaso dituzte Europa mailan, eta nazioartean zabaldu dira Lisboan, Hannoverren, Londresen, Bulgarian eta Budapesten, besteak beste.

Unibertsitatea+Enpresa II. Estrategia 2022-2026

Lehenengo Unibertsitatea+Enpresa Estrategiaren emaitzek erakusten dutenez, euskal unibertsitate-sistema euskal gizartearen eragile dinamizatzaile eta eraldatzaile bihurtu da azken urteotan, euskal talentuaren, ikerketaren eta berrikuntzaren nazioarteko garapena eta posizionamendua apalduz. Horregatik, aurreko aldian egindako lanari jarraipena emanez, Enpresa Unibertsitatearen II. Euskal Estrategiak helburu hauek ezarri ditu 2022-2026 aldirako:

• Ezagutza sortzea eta transferitzea: ezagutza sortzea eta transferitzea, bikaintasun zientifikoa enpresa-eremuan aplikatzearekin lotuta.
• Kualifikazio handiko talentuaren prestakuntza: gaitasun handiko eta enpresa-esparruko beharretara egokitutako osagai aplikatua duen giza kapitala prestatzea.
• Euskal Unibertsitatea+Enpresa ereduaren jarduera-ildo berrien jarraipena, ebaluazioa, proposamena eta zabalkundea

Helburu horiei erantzuteko, dagoeneko garatzen ari diren ekintzez gain, Unibertsitatea+Enpresa II Estrategiaren barruan, besteak beste, honako ekintza hauek jarriko dira abian:

• Unibertsitateko prestakuntza dualaren eskaintza bultzatzea, ikasleen enplegagarritasuna indartzeko, 80 titulazio dual lortu arte. Titulazio horietan 1.000 enpresak eta 10.000 ikaslek hartuko dute parte.
• Unibertsitateko 10 titulazio i-dual abian jartzea (nazioarteko titulazio dualak).
• Unibertsitatea+Enpresa bi gela berri sortzea (gaur egun dauden biez gain).
• 5.000 ikaslek parte hartzea lan-bizitzarako trantsizioa programan, eta 350 ekintzailetza-beka baino gehiago eskaintzea ikasleei.
• Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko lankidetza bultzatzea berrikuntza sustatzeko.
• Unibertsitateetan bikaintasuneko ikerketaren esparruko IKUR 2030 programa bultzatzea

Irekian dagoeneko eskuragarri dagoen ikus-entzunezko edukia: Lehendakariak 2022-2026ko Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategia aurkeztu du Unibertsitaten Euskal Kontseiluan