2023ko maiatzak 11
Donostiako Campusa
Antonio Aranzabal Fundazioak 2023ko “Antonio Aranzabal saria” eman zion ostegunean, maiatzak 11, Eric Aranari. Sariarekin, Fundazioak enpresaburu honen ibilbidea aitortu nahi du, nazioartekotzearen, berrikuntzaren eta lankidetzaren bidetik, sortzaileen espiritu ekintzaileari eusteko gai izan delako. Saria emateko ekitaldia Familia Enpresaren XXIII. Jardunaldian egin zen, Donostiako campuseko Deusto Business Schoolek, Antonio Aranzábal Fundazioarekin batera, 2000tik antolatzen duen ekitaldian. Aurtengo edizioan, familia taldeetako lider berriez hitz egin zen nagusiki. Hiru hizlari izan ziren: Izaskun Larrañaga, LACOR-IBILI taldeko kontseilari ordezkaria eta familiako hirugarren belaunaldiko kidea; Javier Quesada de Luis, Tekniako zuzendari nagusia eta familiako bigarren belaunaldiko kidea; eta María Eugenia Clemente, Aciturri taldeko zuzendari nagusia eta familiako bigarren belaunaldiko kidea. Jardunaldian izan ziren, halaber, Jokin Perona, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatua; José Mª Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Álvaro de la Rica, Deusto Business Schooleko dekanoa; eta Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea.
Familia Enpresaren Katedrak aurrera eramaten dituen jarduerak gogoratzeko tarte bat ere izan zen: Familia Enpresa eta Talentua Praktikak programaren 2. edizioa aurkeztu dute Antonio Aranzabal Fundazioak, Rural Kutxak eta Deusto Business Schoolek. Ekimen horretan lagundu dute lurraldean errotutako familia enpresek, talentu gaztea hartu baitute beren proiektu estrategikoetan parte hartzeko. Familia Enpresaren Gobernu Aurreratuko Lantegiaren hamargarren edizioaz ere hitz egin da. Lantegi horien bidez, hamar urte hauetan 100 gaztek baino gehiagok jaso dute prestakuntza enpresaren gobernuarekin eta familiaren gobernuarekin lotutako gaietan. Eta Fecin eta Elosegi Upeltegien kasuak aurkeztu dira, Familia Enpresen eta Familia Enpresaburuen Bildumari gehituko zaizkionak, Katedrak lurraldeko familia enpresaburuen ekarpena aitortzeko egindako apustuari lotuta. Horrekin guztiarekin gazteei lagundu nahi zaie lurraldean errotutako enpresen proiektu interesgarrietan parte hartzen; lurraldean errotutako familia enpresa lehiakor eta dinamikoen ekarpena ikustarazi eta aitortu nahi da; eta, bide horretatik, Gipuzkoaren erakargarritasuna handitu.
Antonio Aranzabal Fundazioa eta Deusto Business School
Antonio Aranzábalek sortu zuen Antonio Aranzábal Fundazioa 1988an, gizartearen aurrerabidean laguntzeko, familia ekintzaileak errotzearen, enpresak garatzearen eta talentu gaztea sustatzearen bidetik. Helburu hori lortzeko, Fundazioak urtero sariak eta bestelako pizgarriak ematen ditu ekintzaileei laguntzeko eta haien ekarpena aitortzeko, beren prestakuntzan lagunduz, eta, beren ibilbidearen arabera, enpresaburu gisa izan dituzten lorpenak aitortuz.
Fundazioak asmo handiko lankidetza programak ditu bi unibertsitaterekin: Deustuko Unibertsitatea, Familia Enpresaren Katedraren bidez, eta Nafarroako Unibertsitatea, jasangarritasunaren eta jariakinen inguruko proiektuen bidez. Novia Salcedo Fundazioarekin ere lan egiten du, Pegasus proiektua babesten, gazteen enpleguari laguntzeko, 2013an abian jarri zenetik.
Antonio Aranzabal Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzak aurten 23 urte bete ditu. Lankidetza horri esker, familia enpresaren arloko hainbat ekimen bultzatzen dira, bi erakundeen arteko Familia Enpresaren Katedraren bidez.