Eraldatuk eta Rural Kutxak talentu gaztea bultzatuko dute Deusto Business Schoolen, gizarte eragineko proiektuen bidez

Ekimena 2024an sortu zen gazteen talentu akademikoa enpresen eta ekintzaileen benetako beharrekin lotuz, gure inguruko erakundeen gizarte eta ingurumen eragina bultzatu, neurtu eta kudeatzeko.

 Presentación Eraldatzen

2026ko irailak 21

Donostia-San Sebastián

Eraldatu elkarteak eta Rural Kutxaren Gizarte Ekintzak Gizarte Eragina duten Gradu Amaierako Lanen Programaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Deusto Donostiako campusean, ikasturte honetan programan parte hartuko dutenen aurrean. 

Ekimena 2024an sortu zen, bost erakunderen eskutik (Deusto Business School, Antonio Aranzabal Fundazioa, Rural Kutxa, Artizarra Fundazioa eta Sinnple), gazteen talentu akademikoa enpresen eta ekintzaileen benetako beharrekin lotuz, gure inguruko erakundeen gizarte eta ingurumen eragina bultzatu, neurtu eta kudeatzeko.

Ikasgeletatik haratago: enpresa errealitaterako zubia gurutzatzea

Lehen bi edizioetan, 16 gaztek eta 4 enpresak (Plastigaur, Euskaber, Irisbond eta Reiner) parte hartu zuten. Edizio horien arrakasta aitortu dute bai erakundeek eta bai ikasleek. Enpresei beren jardueraren eragina neurtzeko eredu bat garatzeko aukera eman die eta, horrela, finantzaketa deialdietara aurkezteko edo akreditazioak lortzeko bidea zabaldu die; ikasleei, berriz, eragina neurtzeko ikasketa praktikoa eskaini die. 

Hirugarren edizio honetan, deialdiak bere irismena eta eragin estrategikoa bikoiztu ditu. Oraingoan, 26 ikaslek, erreferentziazko 4 erakundek eta 6 tutore espezializatuk hartuko dute parte programan. Bi enpresa (Last Tour eta Echemar) eta bi proiektu ekintzaile (Rural Citizen eta Gotaa Lab) hautatuta, erakunde parte hartzaileetatik eta parte hartzaileekin jakintza sortu eta transferitzea dute helburu proiektuek. 

Era berean, bi proiekturen bidez erakundeetan xedea bultzatzeko funtsezkoak diren bi lan ildotan sakondu nahi da. Hala, proiektuetako batek enpresetan gizarte eta ingurumen eragina sustatzeko nazioartean onartuta dauden neurri fiskalen mapa eta analisi alderatua egingo du; beste proiektu batek gizarte eragina sustatzeko forma juridikoen eta enpresentzako onuren mapa egingo du. Lan horien bidez, gure lurraldeko erakundeetan gizarte eragina areagotzeko bide berriak identifikatu nahi dira.

Gizarte eraginaren inguruko proiektua, prestakuntza eta zabalkundea

Programa honetan parte hartzea proiektu bat egitea baino zerbait gehiago da. Parte hartzaileek gainerako proiektuek eskatzen dutena baino 60 ordu gehiago eskaini beharko dizkiote gizarte eraginari lotutako gaiak lantzeari, besteak beste Eraldatzen eta beste tresna batzuen inguruko prestakuntza metodologiko aurreratua jasoko dutelako edo eraginaren inguruko foro profesionaletan parte hartuko dutelako. Horregatik, programako parte hartzaileek beka bat jasoko dute.

Gizarte Eragineko Gradu Amaierako Lanen Programaren eta beste hainbat ekimenen bidez, Eraldatu ekosistemak bere leloa, "Eragin handiagoa, hitz gutxiago”, gauzatzen du, gazteria eta akademia gure planetak eta gizarteak behar duten aldaketa kultural eta ekonomikoaren benetako katalizatzaileak izan daitezkeela erakutsiz.