2023ko urtarrilak 19
CRAI Liburutegia
Lankidetza publiko-pribatuan, sentsibilizazio eta esperientzia desberdinak dituzte munduko herrialdeek. Europaren kasuan, hilabete batzuetatik hona konplexutasun handiko testuinguru geopolitikoan murgildurik, lagundu egin dute aurrekontu publikoetan berreskurapen-funtsak txertatzeak gizarte-erronka premiazkoenei aurre egiten, baina sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremanak erabakiko du etorkizunean gure gizarteen eraginkortasuna eta eraldatzeko gaitasuna.
Horregatik, lankidetza horretatik sor daitezkeen berrikuntza eta eraldaketa abantaila eta aukeretan sakontzeko asmoz, DeustoForumek “La encrucijada de la colaboración público-privada para la efectiva transformación económica” izeneko topaketa antolatu du eta bertan izan dira Juan Tomás Hernani, Satlantiseko CEOa, espazioaren munduari zuzendutako ekimen pribatukoa, eta Juanjo Álvarez, UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna. Deustuko Ingeniaritzako katedradun José Luis del Val moderatzaile dela, adituek dauden ereduen izaeraz hitz egin dute, nazioarteko, estatuko eta tokiko arrakasta-adibideak aipatuz, eta lege-esparruaren ziurtasunak, erdipurdiko ereduek sortzen dituzten arriskuak eta Euskadirentzat eredu publiko-pribatu ondo ezartzeko aukera landuz.
Lehenik eta behin, Juan Tomás Hernanik nabarmendu du merkatu-ekonomian bizi garela, eta gastu publikoa, gaur egun Espainian % 50 ingurukoa dena Europako berreskurapen-funtsei esker, gardentasunik eta egituraketa argirik gabeko lehentasunen arabera kudeatzen dela. Horregatik, uste du funtsezkoa dela garapen ekonomiko eta sozialaren proiektua partekatzea eta “behe-lainoa kentzea”, lankidetza publiko-pribatuari esker hedapena eta arrakasta lortu zuten euskal enpresen ereduak goraipatuz, hala nola ITP edo Gamesa, edo pribatizazioari esker garapen bikaina izan zuten eta onura sozial handiak ekarri zituzten monopolio eta ekimen publikoen kasuak adieraziz, hala nola Telefónica, Repsol edo Indra.
Bestalde, Alvárez irakasleak adierazi du ezinezkoa dela lankidetzan aritzea pribatuaren kontzeptua deabrutzen denean eta merkatuek mesfidantza sortzen dutenean. Horregatik, publikoak pultsioa eskuratu eta pribatuari lagundu behar dio, adostasuna lortzeko tresna guztiak baitaude. Izan ere, Satlantiseko arduradunak adierazi duenez, sektore publikoaren laguntzari esker sortu zen Internet eta nanoteknologia. Horregatik, lankidetzak sistema eraginkorragoa egiten duela uste du, eta zinismoa eta norberaren onuraren bilaketa egon arren, arlo pribatuaren gainbalioak sektore publikoan inbertitu beharko liratekeela, eta alderantziz. Harreman horren eraginkortasunaren adibide gisa, Juan José Alvárez jaunak Birminghamgo Ospitalearen kasua nabarmendu du; izan ere, kapital pribatuaren injekzioaren kudeaketa onak iraupen luzeko gaixoen egonaldiak bermatzen ditu gaur egun.
Horrenbestez, bi adituek uste dute interes desberdinak harmonizatu behar direla, zubiak jarriko dituzten eta dikerik jarriko ez duten esparru legegileak eta lankidetza-ereduak bultzatuz. Estatuak arriskatzeak prentsa onik ez duen arren, haien iritziz erosketa publikoak berrikuntzaren ikuspegitik egin beharko lirateke, erosten den produktua edo zerbitzua edozein izanda ere, espazio horiek okupatzea beharrezkoa baita hazi ahal izateko. Horretarako, jarduera publiko eta sendoa egitea proposatzen dute, epe luzerako proiektua lagundu eta defendatuko duen gorputz edo agentzia egonkorra sortuz, zein alderdi politikok gobernatzen duen alde batera utzita; izan ere, pertsonek, arlo publikoan zein pribatuan, jokabide desbideratuak izan ditzakete, baina horrek ezin du baldintzatu ekimenen ikuspegia eta legeria.
Ildo horretan, sektore publikoaren eta pribatuaren artean elkarrekiko konfiantza-bidea irekitzeko, lankidetzarako deia egiten dute, alde batera utzita joera eta inertzia kaltegarriak, antzeko gizarteetan adibideak bilatuz, eraginkorragoak eta iraunkorragoak izan gaitezen inspiratzeko eta arlo publikorako prestatzeko; izan ere, egiturak sortzeaz gain, pertsonen arteko elkartasunaren kultura garatu behar da.
Ondorioztatu dutenez, funtsezkoa da bi dimentsioak konbinatzea eta diskurtso guztiak kutsatzen dituen gatazka-begiztatik eta eztabaida politikotik ateratzea sarean lan egiteko eredu ona garatzeko. Ildo horretan, Osakidetzaren eta sektore pribatuaren arteko akordio batean sinesten dute, euskal osasun-sistema publikoaren (gastu publikoaren lehen iturria) kolapsoa konpontzeko, bai eta unibertsitateen arteko lankidetza bultzatzeko prestakuntzan eta ikerketan, eta lurraldeen arteko dimentsio bat garatzeko ere, ahaleginak batzeko.