Enric Puiggròs SJ izango da Jesusen Lagundiaren Probintzial berria Espainian

Gaur eman da izendapenaren berri eta ikasturte honen amaieran gauzatuko da.

Enric Puiggròs, SJ

2023ko martxoak 09

Bilboko Campusa

Jesusen Lagundiko Aita Jeneralak, Arturo Sosak, Enric Puiggròs Llavinés Aita izendatu du Jesusen Lagundiko Espainiako probintzial berri. Izendapena gaur jakinarazi zaio probintziari eta ikasturte honen amaieran gauzatuko da, ekain-uztailean. Aita Antonio España SJ ordezkatuko du, 2017ko uztailaz geroztik Espainiako probintziala izan dena.

Enric Puiggròs Bartzelonan jaio zen 1974an, eta OHO, BBB eta UBI Sarriako Sant Ignasi ikastetxean egin ondoren, Jesusen Lagundiaren Zaragozako nobiziotegian sartu zen, 1993an. Nobiziotzaren ondoren, Historia Garaikidea ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Magisteritza Raimateko (Lleida) Claver ikastetxean egin zuen. Teologia Kataluniako Teologia Fakultatean eta Sant Cugat del Vallèseko Oinarrizko Teologia Institutuan ikasi zuen. Hain zuzen ere, azken horretan egin zuen Oinarrizko Teologiako lizentziatura, Ignaziotar Pedagogiaren inguruan.

2006an ordenatu zuten apaiz eta 2007an, ikasketak amaitutakoan, Jesusen Lagundiaren misioan hasi zen. 2007 eta 2011 urteen artean, El Cloteko (Bartzelona) Lanbide Eskola Teknikoan aritu zen. Hirugarren probazioa Cape Coasten (Ghanan) egin zuen, 2012ko urtarriletik ekainera. Ikasturte horretan bertan, hilabete batzuk egin zituen Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuan lanean, Yein (Hego Sudan).

Hirugarren probazioa amaitutakoan, Tarraconense probintziako aholkulari izendatu zuten, eta Espainiako probintzian bokazioen sustatzaile gisa hasi zen lanean. Zortzi urtez aritu zen ardura horretan, lehenengo Jesuïtes Educació Fundazió-ko pastoraltza zuzendari ere bazela, eta, 2017az geroztik, Madrilen, Espainiako probintziako nobiziotza aurreko lantaldearekin koordinatuta.

2014az geroztik, Lagundiko probintziak bakar batean batu zirenean, Espainiako probintziako aholkulari izan da, orain arte izan du ardura hori. 2020an, Probintzialak Jesusen Lagundiaren Plataforma Apostolikoaren Kataluniako ordezkari izendatu zuen eta horretan aritu da azken bi urteotan.

Oso ezaguna da bere trebetasun artistikoa eta, bereziki, musikaren bidez pastoraltza egiteko sentsibilitatea. Horrek kristau musikako hainbat taldetan parte hartzera eraman du, eta musika ekoizteko proiektuak ere jarri ditu abian. Beharbada, horien artean ezagunena, gaur egun, Jesuitas Acústico taldea da.

2022ko otsaileko Probintziako Kongregazioan, Enric Prokuradore hautatu zuten, eta prokuradoreen hurrengo kongregazioan parte hartuko du, Loiolan, datorren maiatzaren 15etik aurrera. Bertan elkartuko dira Jesusen Lagundiaren munduko probintzia eta eskualde guztietako ordezkariak.

Kontsulta eta bereizketa prozesu zabala

Jesuiten probintziala Jesusen Lagundiaren Aita Jeneralak aukeratzen du, Probintziak berak bidaltzen dion hautagai hirukotetik. Hirukote hori kontsulta eta bereizketa prozesu zabal baten ondoren osatzen da. Probintzialak, funtsean, bi zeregin nagusi ditu: pertsonak zaintzea eta jarduera apostolikoen garapena eta emaitza zaintzea. Probintziala hiru urterako izendatzen da, eta normalean sei urtera arte luzatzen da, beste izendapenik behar izan gabe.

Jesusen Lagundiak Espainian gaur egun 700 jesuita baino gehiago ditu, hezkuntza, gizarte eta pastoraltzako komunitateetan eta erakundeetan lan egiten dutenak. Bere ekintza eremu nagusiak Jesusen Lagundiaren lehentasun apostoliko unibertsalek definitzen dituzte. Gaur egun, zehazki, esparru hauen ingurukoak dira: bidelaguntza espirituala, Gogojardunen bidez; adiskidetzearen eta justiziaren aldeko lana, pertsona zaurgarrienen ondoan egonez; gazteen bidelaguntza, etorkizun itxaropentsua eraikitzeko; eta Guztion Etxea zaintzeko konpromisoa.