Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZko), EAZ+Digital Business Skillseko, EAZ+International Management Skillseko, EAZ+Zuzenbideko eta EAZ+Informatikako Ingeniaritzako izendatze ekitaldia

Ceremonia investidura DBS 2020-2021

2022ko martxoak 26

Donostiako Campusa

Martxoaren 26an, larunbata, izan zen 2020-2021 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZko), EAZ+Digital Business Skillseko, EAZ+International Management Skillseko, EAZ+Zuzenbideko eta EAZ+Informatikako Ingeniaritzako ikasketak bukatu zituzten gradudunen Izendatze Ekitaldia, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Gradudun berriak Deusto Business School-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak, Zuzenbide Fakultatekoak eta Ingeniaritza Fakultatekoak dira.

Ekitaldia Loiola Centrumean izan zen, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko gune nagusian, hiru dorre bereizgarrien babesean. Ekitaldiaren buru Xabier Riezu campuseko errektoreordea izan zen, eta harekin batera izan ziren 4 urte hauetan -5 urte gradu bikoitzetako ikasleentzat- ikasleek, beren hazkunde pertsonal eta profesionaleko ibilbidean, ondoan izan dituzten Fakultateko irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza bat.

Izendatze ekitaldia garrantzi handikoa da unibertsitate bizitzan. Ekitaldian honakoek hartu zuten parte, besteak beste: Álvaro de la Rica (Deusto Business Schooleko dekanoa), Gema Tomás (Zuzenbide Fakultateko dekanoa), Asier Perallos (Ingeniaritza Fakultateko dekanoa), Naiara Tobalina (Deusto Business Alumniko zuzendari nagusia), Mila Pérez (Deusto Business Schooleko idazkariordea), Clara Beldarrain eta Miguel San Emeterio (EAZko, EAZ+DBSko eta EAZ+IMSko gradudunen izenean, hitzaldia egin zutenak), Maider Dorronsoro eta Joseba García (gradu bikoitzetako gradudunen izenean, hitzaldia egin zutenak), Uxue Anza (EAZko agintza), Xabier Mendizabal (EAZ+DBSko agintza), Nora Egaña (EAZ+IMSko agintza), Julia Mª Galarraga (EAZ+Zuzenbideko agintza) eta Javier Álvarez de Eulate (EAZ+Informatikako Ingeniaritzako agintza). Jon Sagastagoitia S.J. Donostiako campuseko Pastoraleko Zerbitzuko arduradunak gradudun berriei bedeinkapena eman zien, ekitaldi xume eta hunkigarrian. Clara, Joseba, Maider eta Miguelek, ikaskideen izenean egindako hitzaldian, karrerako urteak gogoratu zituzten eta bizi izandako esperientziak (horien artean, nazioarteko egonaldia, esperientzia aberasgarrienetako bat), eskuratutako jakiteak eta gaitasunak, eta Fakultateko txoko bakoitzeko momentuak nabarmendu zituzten. Eskerrak eman zizkieten irakasleei eta unibertsitateko zerbitzuetako langileei, eta hitz hunkigarriak izan zituzten, amaieran, familientzat eta lagunentzat.

CADENZA QUARTET saxofoi laukoteak, Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegikoak, jo zuen atsedenaldia. Gainera, Easo Emakumeen Abesbatzak, Gorka Mirandaren zuzendaritzapean eta David de Oliveirak pianoan lagunduta, Agur Jaunak abestu zuen ekitaldiaren hasieran eta Gaudeamus Igitur, amaieran.

Gradudun berri horietatik ia guztiek egin dute seihileko bat Europa, Amerika eta Asia-Pazifikoko unibertsitateren batean, Deusto Business Schoolek nazioarteko truke hitzarmenak baititu atzerriko 70 unibertsitate baino gehiagorekin, 30 herrialdetan. Era berean, ikasle guztiek ikasketak lanbide esperientziaren batekin gutxienez amaitu dituzte, Fakultateak 400 enpresa baino gehiagorekin dituen lankidetza hitzarmenei esker. Deusto Business Schoolek prestakuntza integrala eskaintzen du, eta, beste zenbait ezaugarriren artean, nazioarteko ikuspegia eta orientazio praktikoa azpimarratzen ditu.

Gradudun berriak Deusto Business Alumniko kide izango dira, ikasle ohiak biltzen dituen elkartea. Elkarteak 7.000 bazkide baino gehiago ditu, 2.700 enpresatan lanean. Enpresen eskariei eta beharrei efizientziaz erantzuteko sortu zen. 2019ko azaroan, pandemia iritsi aurretik, egindako inkestaren arabera, Deusto Business Schooleko gradudunen enplegu tasa % 94,5ekoa zen.

Ospakizun honek amaiera ematen die ahalegin handiko urteei; ahalegin handiko urteak batez ere ikasleentzat, baina baita beren familiartekoentzat ere, babesteko lan handia egin baitute, eta, halaber, Unibertsitatearentzat berarentzat, pozik ikusten baitu bere misioa bete baitu, justiziarekin eta berdintasunarekin konpromisoa hartuko duen gizarte bati zerbitzua eskainiz.