Enpresa ideiarik onenaren ESMEren lehiaketaren XXXI. edizioaren sariak emateko ekitaldia

XXXI edición Premios ESME

2022ko apirilak 07

Donostiako Campusa

Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan banatu ziren ostegunean, apirilaren 7an, enpresa ideiarik onenaren ESMEren lehiaketaren XXXI. edizioko sariak. Ekimena ESME Junior Enpresakantolatu du, Deusto Business Schoolekoak. Guztira 209 parte hartzaile izan ditu aurten, 65 taldetan banatuta (aurreko edizioetan baino kopuru handiagoa). EAEko batxilergoko lehen eta bigarren mailetako eta gradu ertain edo goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat enpresa munduarekin lehen harremana proposatzen du lehiaketak.
Lehiaketan enpresa ideia orijinal eta bideragarri baten proposamena eta garapena egin behar da eta zehaztu behar da zein negozio mota aukeratzen den, kokapena, egitura, langile kopurua, lehiakideak, negozioan abian jartzeko pausoak, finantzaketa, bideragarritasuna, etab. XXXI. edizio honetan laguntzaile izan dira Adegi, Donostia Sustapena, Giant Bici, Salto System, Delta Taldea, Donostiako Udaleko Garapen Ekonomikoko Zinegotzigoa, The Graft Club, Hotel de Londres y de Inglaterra, Acunsa Gipuzkoa Basket, Noticias de Gipuzkoa eta Deusto Business School.

Aurtengo edizioko proiektu irabazlea “ADOREZ” izan da, Lazkaoko San Benito Ikastolak aurkeztua. Maria Zubiarrain, Telmo Munduate eta Eneritz Macicior ikasleek proiektu berritzaile bat diseinatu dute, adineko pertsonei eguneroko bizitza erraztuko diena, egunero jasotzen ditugun eguneratze eta aplikazio teknologikoak erabiltzen lagunduko baitie.
Bizi dugun osasun egoeraren eraginez ekitaldiko edukiera mugatua izan bazen ere, Pleno Aretoan izan ziren, besteak beste, Asun Biañez (Deusto Business Schooleko dekanordea), Alain Arana (TGCko bazkide sortzailea) eta Eneko Goia (Donostiako alkatea). ESME Junior Enpresako arduradunek aurkeztutako proiektuen maila handia nabarmendu zuten eta, batez ere, ikasleek azken hilabeteetan zehar egin duten ahalegin eta ilusio handia. Lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako orientatzaileei, babesleei eta Fakultateko irakasleei eskerrak eman dizkiete, azken horiek aukera eman baitiete ikasleei eskolak eta lehiaketa bateratzeko.

5 finalisten artean 3.000 euro inguruko sariak banatu dira. Gainera, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak finalista “ekintzaile” horiei beka bat emango die, etorkizunean Fakultate horretan ikastea erabakitzen badute.

ESME Junior Enpresa irabazi asmorik gabeko elkartea da, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Komunikazioko ikasleek sortu, kudeatu eta zuzentzen dutena. Duela 30 urte sortu zenetik, aholkularitza eskaintzen du, Espainiako enpresa zientzietako fakultaterik ospetsuenetako batean eskuratutako gaitasun eta jakiteen bermearekin. Junior Enpresa sortzeko ideia Fakultateko irakasle batek proposatu zuen. Javier Minerrek entzuna zuen Frantzian Junior mugimendu bat hasia zela eta Espainiara zabaltzen ari zela. 1988an sortu ondoren, ESME aholkularitza esparruan hasi zen. Jarduera horren barruan, ESME gai da ikasleak Fakultatean ikasten ari diren gaien inguruko lanak egiteko.