2022ko azaroak 15
Sala de Prensa
Alvaro Moro Drogamenpekotasunen Deustuko Institutuko zuzendariak eta Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Mendekotasunen zuzendariak aurkezten dute EAEko Bigarren Hezkuntzako Drogen Erabilerari buruzko X. Inkesta (DROGAK ETA ESKOLA X). 2021-22 ikasturtean egin zaie 12 urtetik (nerabezaro aurretik) 18/22 urtera (lehen gaztarora) bitarteko ikasleei.
Deustuko Unibertsitateko Droga-menpekotasunen Institutuak 1981-82 ikasturtetik egiten du inkesta, eta erakunde horren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arteko lankidetzaren emaitza da, Osasun Publikoaren eta Mendekotasunen Zuzendaritzaren bidez.
DROGAK ETA ESKOLAren azken edizio honek eman duen daturik esanguratsuena da legezko eta legez kanpoko drogen kontsumoek behera egin dutela maximo historikoetatik (2006an iritsi ziren), 2011ko eta 2017ko neurketetan ikusitako joera berretsiz, eta kontsumo-maiztasun guztietan baliozkoa dela.
Oro har, DROGAK ETA ESKOLA Xeko datuek berresten dute azken hamabi hilabeteetan ikasleen ehuneko handienak kontsumitzen dituen mendekotasun-potentziala duten substantziak adin nagusikoen artean zilegi direnak direla. Lehenik eta behin, alkohola eta tabakoa kontsumitzen dutela adierazten duten pertsonen proportzioa oso handia da oraindik ere. Galdetutako herritarren erdiek baino gehiagok (% 54,6) adierazi dute alkohola kontsumitu dutela azken urtean, eta ia % 30ek tabakoa kontsumitu dutela. Kalamua hirugarren lekuan dago – legez kanpoko lehen droga –, % 17,4ko prebalentziarekin (kontsumitzen duen biztanleriaren proportzioa), eta, ondoren, errezeta duten hipnosedatzaileak daude, % 7ra iristen direlarik.
Gainerako substantziek prebalentzia txikiagoak dituzte. Kokaina % 2,2ra heltzen da; anfetaminak % 1,8ra; estasia % 2,2ra; arnastekoak % 1,4ra; eta aztertutako gainerako substantziak % 1etik behera daude.
Legez kanpoko droga guztien kontsumoa zabalduago dago mutilen artean nesken artean baino. Legezko drogetan (alkohola edo tabakoa), prebalentziak antzekoak dira, eta hipnosedatzaileetan kontrakoa gertatzen da, neskek gehiago kontsumitzen baitituzte.
Joko eta diruzko apustuei dagokienez, azken urtean jokoaren prebalentzia murriztu egin da 2017koarekin alderatuta, Covid-19ak eragindako pandemiaren kontrolari lotutako murrizketa sozialak direla eta (2022 hasi arte iraun du). Alde handia dago sexu batekoen eta bestekoen artean: gizonezkoen artean handiagoa da emakumezkoen artean baino, eta prebalentzia igo egiten da adinean aurrera egin ahala.
Azken urtean ikasleen arteko joko-praktikarik orokorrenak txanpon-makinak (% 13,6), kirol-apustuak (% 13) eta diruzko karta-jokoak (% 12,6) izan dira eta, neurri txikiagoan, online-jokoak (% 7,4).
Joko-prebalentzia orokorrek behera egin badute ere, ikasleen % 4,3 arrisku-egoeran dago, eta % 5,7 jokalari arazotsuak dira.
Teknologia arloan, aste barruko aisialdirako eta dibertsiorako erabiltzen diren gailuen artean, nabarmentzekoa da mugikorra (berehalako mezularitza, deiak eta Internet). Gailu hori da ikasleek dibertsiorako eta aisialdirako erabiltzen duten teknologia nagusia (% 27,6k adierazi du, aste barruan, egunean 4 ordu baino gehiago erabiltzen duela) sare sozialetan nabigatzeko (% 22,3k esan du egunean 4 ordu baino gehiago erabiltzen duela).
Ildo horretan, ikasleen % 18,8k noizbehinkako arazoak ditu, eta % 4,3k arazoak ditu Interneten eta mugikorraren erabilera dela eta.
Inkestaren fitxa teknikoa: EAEko Bigarren Hezkuntzako Drogen Erabilerari buruzko Inkestaren (DROGAK ETA ESKOLA X) hamargarren edizioa egiteko, 6.188 galdetegi egin dira, eta 88 ikastetxe publiko eta pribatutako 12 eta 18/22 urte bitarteko ikasleek erantzun dituzte. Lagina EAE osoan jaso da, eta adierazgarria da, % 1,25eko errore-marjina du eta % 95eko konfiantza maila. Landa-lana 2021eko urriaren 1etik 2022ko apirilaren 1era bitartean egin zen. Deustuko Unibertsitateko Droga-menpekotasunen Institutuak egin du, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak (Osasun Saila) sustatu eta finantzatu du.
