2026ko urriak 14
Donostia-San Sebastián
Sektore industriala eta teknologikoa eraldatzeko, ez dira nahikoak profil hiperespezializatuak; horiekin batera, berrikuntza teknikoa ikuspegi estrategikoarekin, lege esparruarekin eta erantzukizun etikoarekin uztartzeko gai izango diren profesionalak behar dira. Gipuzkoako enpresek erronka erabakigarriei egin behar diete aurre digitalizazioan, jasangarritasunean eta negozioaren garapenean, eta testuinguru horretan, ikasgelaren eta enpresen arteko lotura ezinbestekoa da talentu gaztea bideratzeko.
Helburu horrekin, Deusto Industria Topaketa izango da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, datorren urriaren 14an, asteazkena, 09:00etatik 14:00etara, Foro Aretoan. Deusto Alumnik antolatuta, foroa Ingeniaritzako, Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko azken mailetako ikasleen eta lurraldeko profesionalen eta enpresa industrial eta teknologikoetako arduradunen arteko topagune bat da. Honako enpresa hauek hartuko dute parte: Salto Wecosystem, Vicomtech, LKS Next, CAF, Gestamp, Orona, Angulas Aguinaga, Ikerlan, Amenabar, Sayma, Multiverse Computing. Enpresa horietako arduradunez gainera, Topaketan izango dira:
- Juan José Etxeberria SJ, Deustuko Unibertsitateko errektorea.
- Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza zuzendaria.
- Mari Jose Aranguren, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordea.
- Jesús Riaño, Deusto Alumniko zuzendaria.
Juan José Etxeberria SJ errektorearen hitzetan: "Deustuko Unibertsitatean zinez uste dugu ez dela nahikoa prestakuntza ona eskaintzea; ezinbestekoa da ikasgeletan prestakuntza jasotzen dutenen eta gure ekosistema sozioekonomikoaren gidari direnen arteko konfiantza eraikitzen lagunduko duten benetako loturak sortzea. Gure konpromisoa benetako elkarrizketarako espazioak erraztea da, ikasleek eta profesionalek ikuspegia partekatzeko aukera izan dezaten, sektoreen konplexutasuna ulertzekoa eta gizartean eragin positiboa eta jasangarria sortzera bideratutako aliantzak eraikitzekoa. Formatu kualitatiboa eta bideratua hautatu dugu. Eraiki nahi dugun espazio horretan, denek irabazten dute. Izan ere, talentu gazteak aukera izango du bere gaitasunak hedatzeko; industriak, funtsezko profilak erakartzeko; eta Gipuzkoako lurraldeak, lehiakortasuna sendotzeko.
Diziplinarteko ikuspegia askotariko profiletarako
Jardunaldiaren egitaraua etorkizuneko gradudunek gaur egungo industriak behar dituen gaitasunak eta jarrerak zuzenean ezagutzeko diseinatu da. Sarbidea titulazio teknikoetara mugatu beharrean, topaketak agerian jartzen du industria berrikuntzak zeharkako lantaldeak behar dituela, kudeaketa, garapen teknologikoa, estrategia korporatiboa, komunikazioa eta jakite juridikoak uztartzeko. Truke dinamiken eta elkarrizketa laburren bidez, parte hartzaileek beren zalantza profesionalak argitu ahal izango dituzte, tokiko enpresetan aplikatzen ari diren berrikuntza proiektu errealak ezagutu eta laneratzeko funtsezko harreman sareak eraiki.
Eguna: Urriak 14, asteazkena
Ordua: 09:00-14:00
Lekua: Foro Aretoa, Larramendi eraikina, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusa.