El Salvadorreko turismo arduratsuko proiektu bat aurkeztu dute Deuston, garapen ekonomiko eta sozialerako "aldaketarako motorra" dena

El Salvador proiektuaren prentsaurrekoa

2024ko otsailak 06

Donostia-San Sebastián

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Zuzendaritzak, TAU Fundazioa GGKEak eta Deustuko Unibertsitateko Turismo Departamentuak, otsailaren 6an, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean, El Salvadorren egindako nazioarteko lankidetza prozesu baten emaitzak eta beste turismo eredu arduratsu eta parte hartzaile baten alde hausnartzera eta lan egitera gonbidatzen duen topaketa akademikoa aurkeztu zituzten. 

Ana Priede Lankidetzarako zuzendariak azaldu zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak El Salvadorreko Aguilares udalerrian, turismo arduratsu eta jasangarria sustatzeko proiektua finantzatzen du. 2018. urteaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 339.813 euroko dirulaguntza eman dio lankidetza proiektu bati. Proiektu hori TAU Fundazioak koordinatu du, El Salvadorreko CORDES GKEarekin eta Deustuko Unibertsitateko Turismo Sailarekin lankidetzan, Aguilaresko Turismo Garapenerako Batzordearekin (COMITURA) batera. Batzorde hori gizarte zibileko ordezkariek eta udalerri horretako udal-gobernuak osatzen dute. 

Otsailaren 6an Deustuko Unibertsitatean egindako prentsaurrekoan, Priederek proiektu honen sei urteen balantzea egin zuen, "beste turismo eredu baten alde lan egitea" helburu duena, "arduratsua eta parte hartzailea" izan dadin. Deialdian, Iñigo Odriozola TAU Fundazioko teknikaria eta Marina Abad Deustuko Unibertsitateko Turismo Graduko irakaslea ere egon ziren. 

"Sei urte hauetan, Aguilares-en 1.329 pertsonak parte hartu dute guztira (666 gizon eta 663 emakume), eta 40 familia ekimen ekonomiko indartu dira, emakumeek gidatuta, bai eta tokiko kultura nortasuna berreskuratu eta indartu ere, maien pilota jokoa sustatuz gazteen artean, 8 talderen prestakuntza bultzatuz (4 neska eta 4 mutil)", azaldu zuen, eta adierazi zuen, halaber, tokiko artisten parte hartzearekin jaialdi artistiko eta kulturalak sustatu direla, bi ibilbide turistiko garatu direla tokiko gidarien prestakuntzarekin, eta azpiegitura turistiko inklusiboa indartu dela seinaletika turistikoa instalatuta, La Tomako plaza berreskuratuta, Maien Pilota Jokorako kantxa bat eraikita eta inguruko plaza turistiko bat osatuta. 

Priedok azaldu zuenez, proiektu hori "garrantzitsua" da Lankidetzarako Zuzendaritzarentzat, frogatuta baitago turismo arduratsua "aldaketarako motorra" dela garapen ekonomiko eta sozialerako Aguilares bezalako erkidego batean (21.267 biztanle), batez ere emakumeentzat (% 54), izan ere desberdintasun sozial "handia" dago. Familia nukleoen % 60ren hileko diru sarreretan, 100 eta 150 dolar bitarteko diru sarrerak dituzten emakumeak dira nagusi; aldiz, gizonak buru dituzten familia nukleoetan, % 22k 300 dolarretik gorako diru sarrerak dituzte. 

Priedek eskerrak eman zizkion TAU Fundazioari egindako lanagatik, baita Deustuko Unibertsitateko Turismo Sailaren lankidetzagatik eta aholkularitzagatik ere. Horri esker, ikasle batzuk Aguilaresera joan ahal izan dira proiektuarekin praktikak egitera, eta, gainera, hainbat hezkuntza jarduera antolatu dira, hala nola otsailaren 7an, asteazkena, Donostiako campusean egingo dena. 

Era berean, Odriozolak nazioarteko elkartasunaren garrantzia azpimarratu zuen, eta Aguilaresen garapen-prozesu garrantzitsu hori sortzeko Lankidetza Zuzendaritzaren laguntza eskertu zuen, honako hau azpimarratuz: "Aguilaresen esperientzian, TAU fundazioaren eta CORDESen arteko lankidetzaz gain, funtsezkoa da Aguilaresko Turismo Garapenerako Batzordea (COMITURA) lantzea eta indartzea. Batzorde hori 2011n sortu zen herritarren partaidetzarako gune gisa, eta udal-babesarekin eta nazioarteko lankidetzarekin batera, garapen turistikoak tokiko komunitateari berari mesede egiten diola bermatu nahi du, haren gizarte- eta ingurumen-inpaktuak minimizatuz". 

Halaber, adierazi zuenez, "Gipuzkoako GGKEek garatutako nazioarteko lankidetzak beste garapen eredu baten alde hausnartzera eta lan egitera gonbidatzen gaitu". Kasu honetan, sektore turistikoari dagokionez, honako hau adierazi zuen: "Aguilaresen bultzatutako garapen turistikoko prozesu honek guztiak aukera ematen digu desberdintasunaren egiturazko kausekiko erantzunkideak izateko, hemen ere gure ingurune hurbilean kontzientzia hartzeko eta modu kritikoan parte hartzeko, zenbait espazioren turistizazio prozesuak ahalbidetzen dituen eredu baten eraldaketan, bere muga ekologiko eta sozialak kontuan hartu gabe".

Bestalde, Marina Abad irakasleak adierazi zuenez, "erakunde publikoentzat eta helmugen kudeaketaz arduratzen diren erakundeentzat, turistifikazioaren inpaktuak erronka berriak dakartza, eta beharrezkoa da eragileak inplikatzea lurralde baten garapen turistikoari buruzko erabakiak hartzeko orduan. Herritarrek helmugako turismo politiketan parte hartuko dutela bermatzeak premia eta kezka guztiei erantzutea ahalbidetzen du, bisitarien eta tokiko biztanleen arteko harremana hobetzeaz gain", azpimarratu zuen Marina Abad irakasleak bere hitzaldian. Horren aurrean, "hurbileko turismoa alternatiba gisa planteatzen da, non tokiko biztanleria politika publiko horien subjektu nagusi bihurtzen den, besteak beste desturistifikazioan, lurralde plangintzan eta desmerkantilizazioan oinarritutako konponbideak dituen turismo arduratsu bat hedatzea ahalbidetuz". 

Gai horiei buruz hausnartzeko eta hitz egiteko, "Turismo arduratsua, gobernantza eta herritarren parte-hartzea" izeneko topaketa antolatu zen otsailaren 7rako, asteazkena. Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko ikasgela digitalean egingo da, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Hitzaldi nagusia Ernest Cañadak eskainiko du, "Hurbileko turismoa eta politika publikoak" gaiari buruzko ikuspegi kritikoetatik turismoari buruzko ikerlaria. Ondoren, mahai ingurua egingo da, eta bertan, COMITURAk El Salvadorren egindako lanaren esperientzia ezagutarazteaz gain, tokiko beste lau esperientzia ezagutaraziko dira (Bizi Biziki, 650 Usurbil Bizi, VISTI-BIZI 2023-2027 San Sebastián Turismo eta Gura Marketing), gobernantza turistikoarekin eta herritarren parte hartzearekin lotuta. 

Amaitzeko, Abadek eta Odriozolak TAU Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetzak ekarri duen aberastasuna aitortu zuten, Aldundiko Lankidetza Zuzendaritzak Aguilaresen babestutako garapen prozesuen antzekoak indartzen jarraitzearen garrantzia gogorarazi zuten eta Donostiako gizartea otsailaren 7ko topaketan parte hartzera gonbidatu zuten.