Diputatu nagusia lurraldeko unibertsitate nagusiekin elkartu da, eta hauek Gipuzkoako etorkizunaren eraikuntzarekin duten konpromisoa berritu dute

Diputatu nagusia lurraldeko unibertsitate nagusiekin elkartu da, eta hauek Gipuzkoako etorkizunaren eraikuntzarekin duten konpromisoa berritu dute

2022ko uztailak 01

Donostiako Campusa

Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Tecnuneko arduradunekin elkartu zen Gipuzkoako Foru Aldundia uztailaren 1ean, unibertsitate erakundeek Etorkizuna Eraikizekin duten konpromisoa berritzeko balio izan zuen topaketa batean. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak esan zuen goi mailako heziketa zentroak Etorkizuna Eraikizen funtsezko zutabeetako bat direla, eta orain arte egin duten ekarpena goraipatu du. “Gure etorkizuneko erronkei aurre egiteko Gipuzkoak duen potentzial berritzailea maximizatzea du helburu Etorkizuna Eraikizek, eta, ahalegin horretan, gure unibertsitateak erabat inplikatuta daude, eta berebiziko garrantzia duen ekarpena egiten ari dira”, adierazi zuen.

Bileran, foru erakundearen aldetik, diputatu nagusiaz gain, Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak; eta Sebas Zurutuza Estrategiako foru zuzendariak hartu zuten parte. Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik, Eva Ferreira errektorea eta Agustin Erkizia Gipuzkoako Campuseko errektoreordea izan ziren; Deustuko Unibertsitatearen ordezkariak Jose María Guibert errektorea eta Xabier Riezu Gipuzkoako campuseko errektoreordea izan ziren; Mondragon Unibertsitatetik, Vicente Atxa errektorea; eta, azkenik, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolaren (Tecnun) ordezkaria Raul Anton zuzendaria izan zen.
Topaketak Etorkizuna Eraikizen ibilbidearen balantzea egiteko eta erakunde akademikoen eta Aldundiaren artean abian jarritako lankidetza ildoei buruzko azterketa partekatzeko balio izan zuen. Bileran, alde guztiek elkarren arteko lankidetza indartzea adostu zuten, azken hilabeteetan mundu mailan izandako azken gertakarien ondorioz (Ukrainako gerra, energia-krisia edo prezioen igoera, besteak beste) areagotu diren Gipuzkoako gizarte, ekonomia eta ingurumen erronka nagusiei aurre egiteko.

“Besteak beste, gizarteratzea eta laneratzea, adimen artifiziala, turismo jasangarria, zahartze osasungarria, Big Data, ekintzailetza bultzatzea eta euskararen etorkizuna bezalakoak atzeraezinak diren erronkak dira, eta Gipuzkoa lankidetzatik heltzen ari da erronka hauei, Etorkizuna Eraikizek eskaintzen duen lankidetzazko gobernantzaren markoan”, azaldu zuen diputatu nagusiak. Bere ustez, egungo munduko testuingurua bizkortzen eta areagotzen ari den erronka globalei tokiko erantzunak emateko, ezinbestekoa da erakundeek eta eragile sozioekonomikoek beraien laguntza eskaintzea, horretarako lan kolektiboa eta esperimentazioa erabiliz.

“Ziurgabetasunez inguratuta gaude, eta, Etorkizuna Eraikizen bidez, norabide bat ezarri nahi dugu, eta planteatzen zaizkigun erronken aurrean soluzio erreal eta frogatuak proposatu. Pasibotasunari eta utzikeriari aurre eginez, Etorkizuna Eraikiz ekimena ekintzarako deia da” azpimarratu zuen Olanok. Ildo horretan, nabarmendu zuen 2022a funtsezko urtea izaten ari dela proiektuaren ibilbidean; izan ere, jauzi kualitatibo oso garrantzitsua ematen ari da etorkizuneko ekonomiaren eta Gipuzkoako gizartearen oinarriak finkatzeko, batez ere erreferentziazko zentroak abian jarrita. Nabarmendu duenez, Etorkizuna Eraikizen ahalmen eraldatzailea maximizatzeko unea da.

Azken urteotan gizarte alorreko hainbat proiektuetan egindako ekarpenari jarraipena emateaz gain, beste proiektu batzuetan ere arituko da orain Deustuko Unibertsitatea, diziplinartekotasuna indartuz. Adibidez, Ingeniaritzaren alorrean Deustok Donostiako campusean egin duen apustua aprobetxatuz, Gipuzkoan turismoak eragiten dituen mugikortasun ibilbideak eta horien karbono aztarnak modelizatzeko proiektu batean lan egingo du. Ekonomiaren alorrean bestalde, Gipuzkoako lehen sektorea garatzeko proiektu batean parte hartuko du, ingurumen jasangarritasuna eta elikadura osasuntsua lortzen lagundu dezan.

Jose María Guibert errektorearen hitzetan, “Etorkizuna Eraikizek unibertsitateak gizartean izan behar duen zereginarekin zerikusi handia du”. Hezkuntzan eta ikerketan izan dituen funtzio tradizionalez gain, unibertsitateei geroz eta gehiago eskatzen zaie lurralde garapeneko prozesuan ekarpena egin dezatela. “Gure kasuan, irabazi asmorik gabeko erakundea izanik, funtzio hau gure misioaren muinean kokatu dugu: Deusturen helburua gizartearen zerbitzura lan egitea da eta, helburu hori betetzeko, beste eragile askorekin lankidetzan aritzea ezinbestekoa da”. Plan estrategiko berrian arlo hau indartu egingo du gainera Deustuko Unibertsitateak: “zerbitzurako borondatea da gure arteko lankidetzarentzat oinarri sendoena”.

Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik, zentroa Etorkizuna Eraikizekin lotutako zortzi lan-ildotan inplikatuta dago. Horrela, adimen artifizialaren, Big Dataren eta kuantikaren esparruan, proiektu pilotuak martxan jartzen lan egingo du, baita konputazio kuantikoko soluzioetan ere. Era berean, inplikatuta jarraituko du think tank-ean, Gipuzkoa sortzaile, berritzaile eta ekintzaile baten bultzadan eta iraunkortasunari buruzko gaietan. Euskal Herriko Unibertsitateak ere lankidetzan jarraituko du Adinberrirekin, bereziki osasunaren prebentzioaren eta sustapenaren eremuetan eta bakardadea prebenitzeko estrategien eta belaunaldien arteko lankidetzaren esparruan. Bestalde, unibertsitateak politika publikoen ebaluazioan ere lan egingo du, eta euskararen erabilerarekin lotutako proiektuak eta proposamenak bultzatuko ditu eremu sozioekonomikoan eta lurraldearen garapenean.Azkenik, Etorkizuna Eraikiz Congressen bigarren edizioa antolatzen ere lagunduko du.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak Etorkizuna Eraikiz politika egiteko modu irekia dela defendatu zuen, elkarlanean oinarritua. “Lankidetza horretan ezagutza akademikoak eta ekintza politikoak bat egiten dute. Izan ere, ezinbestekoa da ekimen politikoei buruzko hausnarketa egitea, ikuspegi estrategikotik, epe ertain eta luzera. Azken urteetan egindako lanari ez ezik, etorkizunari ere begiratu behar diogu”, defendatu zuen. Gaineratu duenez, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 17 proiektu estrategiko adostu dituzte 2022-2023 biurtekorako. Ekimen horietan, Gipuzkoako Campuseko 100 ikertzaile baino gehiago ari dira lanean.

Bien bitartean, Mondragon Unibertsitateak Adimen Artifizialeko teknikak industria-inguruneetan eta fabrikazio prozesuetan aplikatzen lagunduko du, baita negozioetako datuen analisiaren esparruan ere. Lan honetan, halaber, konputazio tradizionalean oinarritutako adimen artifizialeko algoritmoak konputazio kuantikoan oinarritutako algoritmoekin pilotatu eta alderatuko dira. Mondragon Unibertsitateak, bestalde, bi eskuko enpresa kudeaketako berrikuntza estrategia gisa aztertzen lagunduko du, euskara enpresaren eta ekonomiaren esparruetan bultzatzeko. Azkenik, unibertsitate honek hezkuntza komunitateak garatzeko estrategian ere parte hartuko du.

Vicente Atxa errektoreak azaldu zuenez, Mondragon Unibertsitateak bere egiten ditu Etorkizuna Eraikiz programaren helburuak, eta azpimarratu du Aldundiaren eta Unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetza dela Gipuzkoa lehiakorragoa eta iraunkorragoa garatzeko bidea. Gaineratu zuenez, eraldaketa digitala, adimen artifizala, datuen erabilera, berrikuntza eta jasangarritasuna ezinbestekoak dira industria aurreratua garatzeko eta etorkizunean balio erantsi handiko enplegua bermatzeko. “Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak erakunde eta enpresekin elkarlanean jarraituko du arlo horietako ikerketa eta transferentzia-proiektuetan”, gaineratu zuen. Azkenik, aipatu zuen Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza berrikuntzarekiko konpromisoa garapen komunitarioa eraikitzeko proiektuaren bidez garatuko dela.

Bestalde, Raul Antón TECNUNeko zuzendariak nabarmendu zuen “Etorkizuna Eraikiz egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuten ari dela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu estrategikoen barruan baikaude, eta, horrela, denok batera egiten dugu arraunean, norabide berean”. “Gure ustez, erronka handiak identifikatzeko metodologia horrek, erronka horiei buruz ikertzeak eta erronka horiek enpresan eta gizartean gauzatzeko inplementatzeko moduak probatzeak indartsuago egiten dute Gipuzkoa”, azaldu zuen unibertsitateko arduradunak.

Adibide berriak jartzearren, Tecnunen taldea, Machine Learning eta Big Datan espezializatua, ITZErekin aritu da Adinberriren proiektuan, zahartze osasungarriaren esparruan, adimen artifizialeko tresnak erabiliz mendekotasuna duten adinekoen zerbitzura. Hemendik, azaldu zuenez, informazio interesgarria ateratzea lortu da, eskura dauden baliabideen kudeaketa eta banaketa hobetzeko erabakiak hartzen lagunduko dutenak. Tecnunek ere hogei urte daramatza BIC Gipuzkoarekin Etorkizuna Eraikizen bitartez lanean, enpresen barne-ekintzailetza sustatuz, Gipuzkoako enpresetan negozio ideia berriak garatzeko tresna gisa.

Era berean, urte hauetan zehar, unibertsitate honek gobernantza sistemetan ere lan egin du, langileen parte hartzea errazteko, zibererresilientziako autodiagnostiko-tresnetan eta elektromugikortasunaren mundu osoan, lurraldeko elektromugikortasuneko start ups-en harrobi izaten ari den Tecnun Formula Student taldearen bitartez. “Lanaren zati bat zibersegurtasunari, enpresa-barneko ekintzailetzari, biozientzien sektoreko ekintzailetzari edo elektromugikortasunari buruzko azterlan, gogoeta edo dibulgazio jardunaldiak egitea izan da”, azaldu zuen Antonek.