Jose Tolentino de Mendonça kardinal portugaldarra, Vatikanoko Kultura eta Hezkuntzarako Deikasterioaren prefektua, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean izango da

025eko Jubileu Urtea eta Donostiako Elizbarrutiaren 75. urteurrena direla eta, mintegi batean parte hartuko du, adimen artifizialaren garaiotan fedearen, hezkuntzaren eta kulturaren erronkei buruz hausnartzeko

Cardenal Tolentino

2025eko urtarrilak 08

Donostiako Campusa

2025eko Jubileu Urtea eta Donostiako Elizbarrutiaren 75. urteurrena direla eta, José Tolentino de Mendonça kardinal portugaldarra, Vatikanoko Kultura eta Hezkuntzarako Deikasterioaren prefektua, Gipuzkoan izango da urtarrilaren 6tik 9ra. Beste hainbat jardueraren artean, “Fedea, hezkuntza eta kultura adimen artifizialaren aroan” mintegian parte hartuko du, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Mintegia ikertzaileei, irakasleei eta hezkuntza eragileei zuzentzen zaie.

Eguna: 2025eko urtarrilaren 8a, asteazkena.
Ordua: 16:30-18:00.
Tokia: Foro Aretoa, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusa.

Humanista, teologoa, idazlea eta irakaslea, Tolentino Frantziskoren aitasantutzaren erreferentziazko intelektualetako bat da. Madeira uhartean jaio zen 1965eko abenduaren 15ean, eta Portugalgo Unibertsitate Katolikoan hasi zituen ikasketak 1986an. 1989an, teologian lizentziatu zen. 1990eko uztailaren 28an apaiztu zen bere jatorrizko elizbarrutirako. Urte berean, Erromako Institutu Biblikoan matrikulatu zen, eta 1992an, Zientzia Biblikoetako lizentziatura lortu zuen. 2004an, berriro ere Portugalgo Unibertsitate Katolikoan, Lisboan, Teologia Biblikoaren arloko doktorego tesia aurkeztu zuen, Lucasen ebanjelioaren testu bat ardatz hartuta. Tesiak summa cum laude kalifikazioa jaso zuen. Aurrerago (2011-2012) ikerketan aritu zen New Yorkeko Straus Institute for the Advanced Study of Law & Justice institutuan.

Apaiz zela, lehen hiru urteetan Funchalen jarraitu zuen bizitzen; elizbarrutiko apaizgaitegian irakasle zen, eta Nossa Senhora do Livramento parrokian laguntzen zuen. 1995ean, Portugalgo hiriburura joan zen, eta Unibertsitate Katolikoko kapilau izan zen, bost urtez. 2001ean, Erromara bidali zuten, bi urtez, Portugalgo Ikastetxe Pontifikaleko errektore. Eta doktoregoa egin ondoren, Itun Berriko eta Estetika Teologikoko irakasle izatera pasatu zen, Portugalgo Unibertsitate Katolikoko Teologia Fakultatean, Lisboan (2004-2018). Garai horretan, "Didaskalia" teologia ikasketen aldizkaria (2005-2012) eta Unibertsitateko Erlijioen eta Kulturen Ikasketa Zentroa (2012-2017) zuzendu zituen, eta Nossa Senhora da Bonançako kaperako erretore izan zen (2010-2018). 2011n Kulturaren Kontseilu Pontifikaleko aholkulari izendatu zuten, eta hurrengo urtean, Portugalgo Unibertsitate Katolikoko errektoreorde. Halaber, irakasle gonbidatua izan da Brasilen, Pernambucoko eta Rio de Janeiroko unibertsitate katolikoetan; eta Belo Horizonten, Jesusen Lagundiaren Filosofia eta Teologia Fakultatean.

2022ko irailaren 26an, Aita Santuak Kultura eta Hezkuntzarako Deikasterioaren prefektu izendatu zuen.