Txakurkrosa, eskola-kirolaren modalitate berria Bizkaian, Deustori esker

Txakur batek tiratuta korrika egitean datzan kirol-diziplina.

2023ko irailak 29

Bilboko Campusa

Lehen aldiz, Bizkaian, eskola-kirol gisa praktikatu daiteke txakurkrosa, txakur batek tiratuta korrika egitea. Hainbat interesatuk eman dute izena dagoeneko ekimen honetan, denboraldiko berritasun nagusian, eta urriaren 8an egingo dute lehen jardunaldia, Arrigorriagako Mendikosolo parkean. Jarduera hau eskola programaren barruan sartzea lortu da erakunde hauei esker: Deustuko Unibertsitatea eta KorriCan proiektua, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioa, Amarok txakurkros-kluba eta Arrigorriagako Udala.

KorriCan doktorego-tesi proiektua da, txakurkrosaren bidez hezkuntzaren eremuan osasuna sustatzea helburu duena. Proiektuaren arduraduna Xabier González da, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko irakaslea eta ikertzailea eta, gaur egun, Deustuko Unibertsitatean doktoregoa egiten ari da ikerketa honen bitartez. Txakurrek jarduera fisikoa eta kirola egiteko eman dezaketen motibazioa aztertzen du lan horrek, eta, aldi berean, txakurkrosa kirol-modalitate osasungarri gisa aurkezten du, bai egiten dutenentzat, bai txakurrentzat.

Proiektuaren esparruan, azarotik otsailera arte, lehen esku-hartzeak egin ziren Arrigorriagako Institutuan, saio teoriko-praktikoen bidez, bai eskola-orduetan gorputz-hezkuntzako saioen bidez, bai eskolaz kanpoko jarduera gisa. Hurrengo urratsa programa bigarren institutu batean gauzatzea izan da, Arratia Institutuko DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleekin, Igorren, hain zuzen ere.

Laguntza gisa programazio didaktiko berritzailea eta material didaktikoa (euskarri dokumentala eta bideoak) sortu dira, literatura zientifikoan oinarrituta, bai Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien arloan, bai albaitaritzaren eta txakurretan espezializatutako medikuntzaren arloan. Erronka handia da Xabier Gonzalez ikertzailearentzat. XVI. Hezkuntzari buruzko Nazioarteko Kongresuaren aurreko edizioan ere aurkeztu zituen proiektuaren aurrerapen batzuk, ekainaren 28tik 30era bitartean, Yucatango Unibertsitate Autonomoan (Merida, Mexiko). Gaur egun, hasita dago argitalpen zientifikoei dagokien prozesua, eta, behin doktore-tesia amaituta, Deustuko Unibertsitateak proiektua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean aurkezteko asmoa du.

Lehen urrats horien ondoren, urrian proiektuak forma hartu du eta errealitate bihurtu da. Gainera, urritik aurrera, eskola kirolaren esparruan modalitate hori sustatzeko asmoz, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak eta Amarok Txakurkross klubak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Bizkaiko eskola-programaren modalitate berri bihurtuko dute txakurkrosa. Horri esker, kirol-hastapeneko ikastaroen bidez, 10 urtetik gorako ikasleek probatu ahal izango dute proiektuaren egoitza nagusian: Arrigorriagako Mendikosolo parkean.