Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean egingo da FLL Euskadi lehiaketa, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin sinatutako akordioaren ondoren

Deustuko Unibertsitateak lehiaketaren antolatzailearekin, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, lankidetza indartzeko apustua egin du, STEAM bokazioak eta, bereziki, bokazio teknologikoak, sustatzeko konpromisoaren ildotik

Acuerdo Deusto-Innobasque

2023ko azaroak 14

Donostiako Campusa

Azaroaren 14an, Deustuko Unibertsitatearen eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen, FIRST LEGO League Euskadi Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean antolatzeko. Hala, Donostiako campusa Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako egoitzei gehitu zaie (Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusa, Mondragon Unibertsitatea eta EHUren Gasteizko campusa), lehiaketaren 15. edizio honetarako. Edizio horretan, lehiaketa Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean ez ezik (campusa FIRST LEGO League lehiaketaren antolatzaileetako bat da, 2020az geroztik), Donostiako campusean ere egingo da (Donostia aurreko edizioaren egoitza izan zen, Donostia Sustapenak antolatuta). Lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan ziren Deustuko Unibertsitateko errektorea, Juan José Etxeberria s.j: Berrikuntzaren Euskal Agentziako (Innobasque) zuzendari nagusia, Leire Bilbao; Donostiako campuseko errektoreordea, Xabier Riezu; Innobasqueko Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusia, Alaitz Landaluze; Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektoreordea, Víctor Urcelay eta Deustuko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa, Asier Perallos.

Deustuko Unibertsitateak Innobasquerekiko lankidetza horren aldeko apustua egin du, STEAM bokazioak eta, bereziki, bokazio teknologikoak sustatzeko konpromisoaren ildotik, Gipuzkoako eta Euskadiko gizartearen premia bati erantzunez. Deustuko Unibertsitateak, gaur egun, arlo horretako titulazio berriak eskaintzen ditu Donostiako campusean: Informatikako Ingeniaritzako gradua, Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko gradua eta Informatikako Ingeniaritzako eta Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko gradu konbinatu bikoitza. Horiekin batera, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Informatikako Ingeniaritzako gradu bikoitza eskaintzen du, eskari handieneko profilen artean erreferentziazkoa.

Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Ingeniaritza Fakultatea lehiaketaren antolatzaileetako bat izango da aurrerantzean eta Donostiak hartuko du lehiaketaren finala. Campuseko azpiegitura berriak eta, bereziki, Larramendi eraikineko ekitaldietarako espazio, kiroldegi eta laborategi modernoak aukera paregabea dira FLL Euskadiren finala zientziaren eta teknologiaren festa handi bihurtzeko. Gainera, Ingeniaritza Fakultateak FLL Euskadi proiektua Gipuzkoan indartzea du helburu, lurraldeko ikastetxe gehiagoren parte hartzea eta talentuaren sustapenarekin konpromisoa duten erakundeen lankidetza bilatuz.

Proiektuak, aurtengo edizioan Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean egingo denak, Gipuzkoako erreferentziazko zenbait enpresaren laguntza izango du, horien artean, CAF eta Salto Systems. Horien ondoan, Donostia Sustapena, orain arteko antolatzailea, laguntzaile nagusia izango da hirian.

FIRST LEGO League Euskadiri buruz (FLL Euskadi)

FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza programa STEAM arloko hezkuntza ekimena da, eta enpresa, gizarte, administrazio, zientzia, teknologia eta berrikuntzako hainbat erakundek parte hartzen dute bertan. FIRST LEGO League nazioarteko programaren barruan dago eta mundu osoan zehar, 110 herrialde baino gehiagotako 6 eta 16 urte bitarteko 650.000 gaztek baino gehiagok parte hartzen dute bertan urtero. Hezkuntza programa honek gaikako erronkak erabiltzen ditu gazteak zientziara, teknologiara eta berrikuntzara erakartzeko. Gainera, oinarrietako bat FLL balioak dira, gainerako ikaskideengandik ikastea, lagunarteko lehiaketa, ikaskuntza eta gizarteari egindako ekarpena nabarmentzen dutenak.

FLL Euskadik bi adin tarte hartzen ditu. Alde batetik, 6-9 urtekoen tartean, jarduera poster bat eta maketa bat egitean datza. Neska-mutilengan zientziarekiko eta teknologiarekiko jakin-mina sortzea du helburu. Beste alde batetik, 10-16 urtekoen tartean, gazteak zientziaren eta teknologiaren mundura hurbiltzea bilatzen da, proiektu zientifiko bat eta robot joko bat eginez eskuratzen diren ikaskuntza esperientziez baliatuta.

Ikasleek taldeak osatzen dituzte eta dagozkien jarduerak lantzen dituzte, antolatzaileek urtero ematen dieten gai global baten inguruan. Zehazki, 10 eta 16 urte bitarteko ikasleek gaikako erronka horri lotutako prestakuntza tailerrak dituzte. Tailer horiek Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eskaintzen ditu urtero, bazkideen laguntzaz, besteak beste, enpresa, gizarte, administrazio eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako erakundeak. Prestakuntza integrala eta bizipenezkoa eskaintzea dute helburu.

FLL Euskadiren edizio bakoitza amaitzeko, Innobasquek eta gainerako antolatzaileek txapelketa antolatzen dute, kirol ekitaldien moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko egoitzetan.Txapelketa horietan, talde parte hartzaileek aurreko hilabeteetan egindako jardueren emaitzak aurkezten dituzte, gainerako taldeekin lehian.

14/11/2023 - El campus de San Sebastián de la Universidad de Deusto acogerá la FLL Euskadi tras el acuerdo suscrito con la Agencia Vasca de la Innovación