2025eko azaroak 07
Garate aretoa
Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuak (IDD) azaroaren 7an egin zuen Droga-menpekotasunen arloko aurrerapenei buruzko XXXII. Sinposioa. Aurten, izenburu hau izan zuen: “Desnormalizatu, babesteko: alkoholaren, tabakoaren eta kannabisaren kontsumoari aurre egitea gazteen artean”. Topaketa Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren laguntzarekin antolatu zen, eta aurten ere erreferentziazko hitzordu gisa finkatu da adikzioen prebentzioaren eta esku-hartzearen esparruan lan egiten duten profesional, ikertzaile eta arduradun instituzionalentzat.
Sinposioaren helburua izan zen substantzien kontsumoa gazte askoren eguneroko bizitzan nola integratu den aztertzea, eta haien desnormalizazioa sustatzeko estrategiak eta esperientzia praktikoak partekatzea hezkuntzaren, komunitatearen eta lanaren esparruetatik. Ildo horretan, jardunaldian zehar eztabaida, hausnarketa eta proposamenak sortzea sustatu zen, prebentzio-ekintzak eta politika publikoak indartzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzaren Adikzioen VIII. Planarekin bat.
Isabel Rubio Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak eta Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak parte hartu zuten ekitaldian, eta osasuna, ikerketa aplikatua eta erantzukizun soziala sustatzeko konpromisoa berretsi zuten. Programatutako ponentzia eta mahai-inguruen artean, eskola ingurunean alkoholaren eskuragarritasuna, sentsibilizazioko ekimen komunitarioak edo lan faktoreek gazteen kontsumo ereduetan duten eragina bezalako gaiak landu ziren. Besteak beste, Ortzadar, Etorkintza, OSALAN eta Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuko ordezkariek parte hartu zuten.
Droga-menpekotasunen Deustuko Institutua Deustuko Unibertsitatearen unibertsitate-zentroa da, eta adikzioen arloko prestakuntza, ikerketa eta aholkularitza eskaintzen ditu. Duela hiru hamarkada baino gehiagotik hona, jakintza zientifikoa sortzea eta transferitzea, gizarte-berrikuntza eta erakundeen arteko lankidetza sustatzen ditu, adikzio-portaeren prebentzioan, arretan eta azterketan aurrera egiteko.