Donostiako campuseko ikasleak indarkeriaren biktimekin bildu dira

Estudiantes se reúnen con víctimas de la violencia

2022ko martxoak 22

Donostiako Campusa

Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean 2. mailako ikasleen eta Naiara Zamarreño eta Pili Zabala terrorismoaren biktimen (ETA eta GAL, hurrenez hurren) arteko topaketa izan zen martxoaren 22an. Ikasleek aukera izan zuten biek izandako esperientzia traumatikoa bertatik bertara ezagutzeko eta bizikidetzari eta adiskidetzeari buruz hitz egiteko.

Baloreei buruzko Giza Prestakuntzako Moduluko irakasgaietako (2. maila) irakasleek antolatu zuten topaketa, pertsonaren prestakuntza integrala bultzatzeko asmoz, eta memoria ariketa izan nahi zuen, gertatu zena ezagutzekoa eta jasandako sufrimendu bidegabea aitortzekoa. Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak ia hamarkada bat darama gatazkaren eta adiskidetzearen gaia lantzen eta motibazio politikoko terrorismoaren biktimak gonbidatzen beren bizipenak eta gogoetak ikasleekin parteka ditzaten. Biktimen testigantzarekin pertsona guztien oinarrizko eskubideekiko konpromisoa berritzen da. Pertsonen duintasunak eta duintasun hori babestea helburu duten eskubideek edozein proiektu politikoren gainetik egon behar dute.

Naiara Zamarreño Manuel Zamarreño Errenteriako Udaleko Alderdi Popularreko zinegotziaren alaba da. 1998ko ekainaren 25ean hil zuten. 34 egun zeramatzan karguan, 1997an hil zuten Jose Luis Caso alderdi bereko zinegotzia ordezkatu ondoren. Manuel bere etxetik atera zen ogia erostera, eta itzultzean, espaloian aparkatutako motozikleta batean jarrita zegoen bonba bat aktibatu zuten terroristek. Naiarak 15 urte zituen.

Pili Zabala Joxi Zabalaren arreba da eta hura kaleko jantzitako guardia zibilek Baionan bahitu zuten Joxan Zabalarekin batera. Askapen-talde antiterroristen lehen ekintza terrorista izan zen. Donostiara eraman zituzten eta torturatu ondoren, Alacantera eraman zituzten, beren hilobia zularazi zieten eta tiro egin zieten. 1985ean aurkitu zituzten gorpuzkiak, baina 1995era arte ez zituzten identifikatu.

Jardunaldian bideo txiki bat ere egin zen, Joxan Rodríguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde eta Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreorde ohiaren hitzekin.

Topaketa galderekin amaitu zen, eta ikasleek bi gonbidatuekin hitz egiteko aukera izan zuten.