Diseinu, Arte Digital eta Teknologia Berriei buruzko zentroa atxikitzea erabaki du Deustuko Unibertsitateak

Voxel Schoolek diseinuaren eta sormen-industria digitalen inguruko graduko titulazio ofizialak emango ditu 2023/2024 ikasturtetik aurrera. Arte digitalen eskola horrek azaroaren 8an inauguratuko du bere egoitza berria Madrilen. Deustuko Unibertsitateak beste zentro bat du atxikita Bilbon, Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola.

José María Guibert errektorea, José Cuesta, Voxel School-eko zuzendaria, eta Ignacio Martínez de Salazar, Voxel School-eko zuzendari akademikoa, Deustuko ikasturtearen hasiera ofizialean

2022ko urriak 24

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak Voxel School arte digitalen lanbide-eskola Madrilen atxikitzea erabaki du. Berrikuntza, diseinua eta teknologia dira aliantza hori definitzen duten hiru terminoak; izan ere, diseinuaren eta sormen-industria digitalen inguruko unibertsitate prestakuntzan nazioarteko erreferente izateko asmoarekin sortu zen, graduko eta graduondoko titulazio ofizialak emanez.

Zehazki, akordio horri esker, Madrilgo zentroan lau gradu ofizial emango dira 2023ko irailetik aurrera, diseinu grafikoarekin, animazio digitalarekin, zinemarekin eta efektu bereziekin eta bideojokoekin lotutako sormen eta lanbide esparruetan prestatzeko. Gradu horiek Unibertsitateko Kalitate Agentziaren aurrean egiaztatzeko prozesuan daude gaur egun. Voxel School eta Deustu elkartzeak indartu egiten du bi erakundeen hezkuntza-proiektua, eta eragina du Euskadi eta Madrilerako prestakuntza eskaintza handiago eta hobean. Horrela, Deustuko Unibertsitateak bere ezagutza arloak zabaldu eta Ingeniaritza eta Komunikazioko arloetara gehitu ditu gaitasun berriak.

Helburu horrekin, unibertsitateko klaustroen arteko lankidetza bultzatuko da, bereziki ikerketari eta irakaskuntzari dagokienez. Izan ere, Deustuko Unibertsitateak Voxel Schooleko irakasleei beren ikerketa talde aitortuetan eta doktorego programetan sartzen lagunduko die.

Voxel Schoolen ikerketa ildoen artean daude bideojokoaren hizkuntzaren eragina eta aplikazioa irakaskuntza metodologia berrietan, eta teknologia berriek arte digitalarekin bere aldaera guztietan hitz egiteko duten gaitasuna. Gai horietan, Deustuk eta hari atxikitako zentro berriak elkarri mesede egiteko aukera izango dute. Helburua da irakasleen ekoizpen zientifikoa handitzea argitalpen akademikoen eta doktorego tesien garapenaren esparruan. Deustu eta Voxel School ere batera joango dira ikasleentzako curriculum praktikak lortzeko hitzarmen berriak sinatzeko. Voxel School-ek bere gain hartuko du Deustuko Unibertsitatearen Prestakuntza Eredua (MFUD), eta Deustuko Unibertsitatearekiko aliantzaren bidez eskainitako titulazio ofizial guztietan aplikatuko du. Voxel School Arte Digitalen Lanbide Eskola animazioaren, bideojokoen, zinemaren, efektu berezien eta teknologia berrien industriako profesionalek eta adituek kudeatzen dute.

Bere 10 urteko ibilbidean aliantza estrategiko garrantzitsuak egin ditu, eta horien artean PlayStationekin mantentzen duena nabarmentzen da, nazioartean bideojokoaren eta Sony entretenimenduaren kontsola markaren partner gisa homologatutako ikastetxe bakarra izanik.

Voxel School Unibertsitate Zentroa egoitza berrira aldatu da Madrilen (Calle de los Vascos, 25. zk.). Sei solairuko eraikina da eta instalazio modernoak ditu, prestakuntzarako gelez gain, Voxel Labs eta Sony PlayStationen lankidetzako proiektuetarako gune bat dago, bai eta publikoarentzako eta akademikoentzako ekitaldi irekiak egiteko auditoriuma ere. Ikasgelek eta laborategiek beharrezkoa den teknologia guztia dute ikasleek irakasle-taldearen laguntzarekin beren proiektuak garatu ahal izateko. Egoitza berriaren inaugurazio ekitaldi ofiziala azaroaren 8an izango da, eta Espainiako arte digitalen eta bideojokoen industriaren sektoreko ordezkari garrantzitsuak biltzea aurreikusten du, baita Madrilgo Erkidegoko agintari gorenak ere.

Voxel School Deustuko Unibertsitateari atxikitako goi mailako irakaskuntzako bigarren ikastetxea da, izan ere 2009-10 ikasturteaz geroztik Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola (BAM) atxikitzeko hitzarmena sinatuta duelako Bilboko Elizbarrutiarekin. Deustuko Unibertsitateak eta BAMek lankidetza handia izan dute azken urteotan ikasketa planak elkarrekin diseinatzen, baina bakoitzak bere zentroan ezarri eta ematen ditu, Deustuko Unibertsitateko araudi akademikoaren arabera.