Hemezortzi gazte ari dira parte hartzen Deusto Business Schoolek, Antonio Aranzábal Fundazioak eta Rural Kutxak lurraldean talentuari eusteko bultzatu duten praktiken programan

Algeposa, Calcinor Servicios, Echemar, I2U, Ibarmia Innovatek, Hine Group, Mapner, Muebles LUFE, Plastigaur, Salva Industrial, STT Systems eta Talleres Agui enpresek parte hartu dute ekimen honen bi edizioetan

Desayuno prácticas empresa familiar

2023ko ekainak 16

Donostiako Campusa

Prestakuntza handiko gazteak eta programan parte hartzen duten Gipuzkoan errotutako familia enpresak elkartzea izan zen Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean egin zen gosariaren helburua. Praktiketako programa horri esker, gazteek beren prestakuntzara egokitutako lan esperientzia eduki dezakete, eta familia enpresek beren erakundeetan sartzeko potentzial interesgarria antzeman dezakete. 

Rural Kutxak, Antonio Aranzabal Fundazioak eta Deusto Business Schoolek gonbidatuta, programan parte hartu duten ikasleak, zuzendariak eta tutoreak elkartu ziren saioan. Bertan, programaren xehetasunak eman ziren, jardunbide egokiak aurkeztu eta batzuen eta besteen igurikimenak identifikatu ziren, ahal zen neurrian, esperientzia fintzeko.

Zalantzarik gabe, aukera hori ez litzateke posible izango enpresek parte hartuko ez balute: Algeposa, Ibarmia Innovatek, Salva Industrial eta Talleres Agui enpresek esperientzia errepikatu dute, eta, bigarren edizio honetan, beste bost enpresa batu zaizkie: Echemar, Hine Group, Mapner, LUFE altzariak eta STT Systems. Funtsezkoa da horiek guztiek Deustuko Unibertsitateko ikasleen prestakuntzaren alde egin duten apustua; izan ere, ikasleen prestakuntzara egokitutako lan esperientzia izateaz gainera, haztea aurreikusten duen lurraldeko enpresa batean lan egiteko aukera eman die praktikak ikasleei. Elkar ezagutzeko hilabete hauek gazteei aukera ematen diete zuzendaritza taldeekin harremanetan jartzeko, ekimen bizi eta ilusio handikoetan parte hartzeko eta lurraldeko proiektuak ezagutzeko. 

Era berean, enpresek pertsona prestatuak izango dituzte, ekimen handikoak, beren erakundeetatik kanpotik etorriak. Proiektuetan gaitasun berriak txertatzeak, aldi baterako bada ere, gai berriei heltzea edo lehendik lantzen ari zenaren ikuspegia zabaltzea ahalbidetzen du. Belaunaldien arteko sinbiosia sustatzea eta hori diru eta lanbideko baldintza egokietan egitea behar-beharrezkoa da talentua gure lurraldean geratuko dela bermatzeko eta familia enpresak indartzeko. 

Ekimen hau sustatzen duten erakundeek adierazten duten bezala: “Elkarri begiratzeak elkarrekin ongi moldatzeko aukerak areagotzen ditu, eta hori guztion onerako da: enpresak, gazteak, erakundeak eta lurraldea. Ekimen honetara enpresa eta ikasle gehiago batzen jarraitzea espero dugu, gure gizartean eragin positiboa lortzeko”.