Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko ikasleek Nazio Batuen batzar nagusiko rolaren simulazioa egingo dute eta Siriako kasua aztertu

Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak praktika aitzindari bat antolatu du, Simulazio Eredua izenekoa, ikasleek Nazio Batuen batzar nagusian baleude bezala jokatu beharko dutelarik.

Berriak

2014ko azaroak 18

Bilboko Campusa

Lehenengo edizio honetan Siria izango da aztergai: giza eskubideen egoera, esku hartze humanitarioa, indarra erabiltzea, demokrazia eta nazioarteko gizartearen papera. 

Simulazio eredua bi lan-talderen inguruan egituratzen da, eta bakoitza beste bi azpitaldetan. Azpitalde bakoitza bost ikaslek osatuta dago (euretariko bat da liderra eta hizlaria), Nazio Batuen Erakundeko herrialde kide jakin bateko ordezkarien moduan jokatu behar dutelarik.

Hizlari bakoitzak bere ideiak, proposamenak eta kritikak azaldu behar ditu aztergaiaren inguruan. Horregatik, komeni da ordezkatzen duten herrialdearen harreman eta iritziak ulertu eta sakontzeko gai izatea, eztabaidagai den gaiari dagokionez.

Aste batean zehar (azaroaren 18tik 22ra), taldeek Nazio Batuen batzar nagusiaren ebazpen proposamen bat prestatu behar dute, talde bakoitzak eztabaidatu eta kontra egingo duena, azken Ebazpenera heldu arte. Ebazpen hori gehiengoz edo aho batez hartu beharko da.