Deustuko Unibertsitateko zenbait irakaslek, Maixabel Lasarekin batera, Darmouth Collegek indarkeria politikoaren eta adiskidetzearen inguruan antolatu duten nazioarteko biltzarrean parte hartuko dute

Conferencia Darmouth sobre violencia política

2022ko apirilak 14

Donostiako Campusa

Apirilaren 14tik 17ra, indarkeria politikoaren, generoaren eta adiskidetzearen inguruko Nazioarteko Biltzarra izango da Ameriketako Estatu Batuetako Dartmouth Collegen. Biltzarrean Balkanetako gerra eta Euskal Herriko gatazka aztertuko dituzte, bereziki. “Unspeakable Truths: Political Violence, Gender, and Reconciliation in the Balkans and Spain: Basque Country” izeneko topaketa Darthmouth Collegeko (AEB) Annabel Martín irakasleak antolatu du eta Europako gizarteak gure historia hurbilean bizi izan dituen bi gatazkaren ondorioak eta onbideratze bidea izango ditu aztergai nagusi: Balkanetako gerrak 1990eko hamarkadan eta ETAren gatazka armatua Espainian eta Frantzian (1959-2011). Biltzarra streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, esteka honetan.

Euskal Herritik gonbidatu dituzten pertsonen artean daude Maixabel Lasa, Esther Pascual Francisco de Vitoria Unibertsitateko irakaslea eta topaketa errestauratiboetako bitartekaria, Xabier Etxeberria Unibertsitate Konplutentseko irakaslea, Luisa Etxenike idazlea, Larraitz Ariznabarreta Renoko Unibertsitateko irakaslea eta Cristina Ortiz-Ceberio Wisconsineko Green Bay Unibertsitateko irakaslea. Deustuko Unibertsitatearen izenean, María Pilar Rodríguez eta Iñaki García Arrizabalaga irakasleek hartuko dute parte, baita Unai Carmona Komunikazioko eta Zuzenbideko 5. mailako ikasleak ere, liburu hau idatzi duten ikasle guztien ordezkari: Cartas transatlánticas: Un diálogo epistolar entre jóvenes sobre la violencia y la convivencia social en Euskadi y en EE.UU.

Hain zuzen ere, liburua Biltzarrean aurkeztuko da. Hogei urte inguruko zortzi ikaslek 2020ko martxotik abendura elkarri idatzi zizkioten gutunak jasotzen ditu, posta elektronikoko elkarrizketetatik eta bideokonferentziako saioetatik abiatuta. Zortzi gazte horietatik hiru Dartmouth Collegekoak dira (Lucas Joshi, Rachel Kent eta Naren Radhakrishan) eta bost Deustuko Unibertsitatekoak (Pablo Bellido, Paula del Barrio, Zuriñe Iglesias, Unai Murua eta Naiara Nájera). Gutunetan indarkeria politikoa eta bizikidetzaren erronkak jorratzen dira, Euskadin zein AEBetan, adiera zabalean.

Biltzarrean Maixabel filma ere emango da. Emanaldiaren ondotik, zine foruma eta hiru pertsonaren arteko topaketa izango da. Atifete Jahjaga (Kosovoko presidentea 2011tik 2016ra), James Nachtwey argazkilaria eta Zainba Salbi idazlea. Kosovotik akademiako, gobernuz kanpoko erakundeetako eta hezkuntza eta arte erakundeetako pertsona ezagunek hartuko dute parte.


Nazioarteko biltzarraren testuingurua eta helburuak

Gatazka politiko armatua ez zaio arrotza gaur egungo Europari. Ideologia nazionalista erradikalizatu batzuen bidez, Estatuak zigortutako indarkeria etniko eta erlijiosoa, herritarren kontra egiten duten armada eta indar polizialak eta talde terroristak heriotza eta suntsipena ekarri duten eragileen zerrenda luzea osatzen joan dira. Biltzarrak gizarte horiek gaur egun bizi duten erreparazio prozesua azpimarratu nahi du. Nola itzul daitezke bizitza moralera gizatasuna kentzeko prozesu horien aurrean ezer egin ez duten edo modu aktiboan erreakzionatu ez duten komunitateak? Indarkeriarik ezaren pedagogia berriak sendotu ahala, eta gerraren eskala bakearen eskalak ordezkatzen doan neurrian, gizarte bakoitzeko gizarte giroaren amorru moralak behera egin dezake, bakearen eta bizikidetzaren bidean lan egiten bada.

Topaketaren helburu zehatzen artean honakoak dira azpimarratzekoak: gerraren gaitzen azpian dauden giza eskubideen urraketen konplexutasuna ulertzea, gerrak eta gatazkak eragiten dituzten genero identitate arazoak nabarmentzea, gerra garaian egiten diren bortxaketa eta tortura krimenen genero espezifikotasuna lantzea, indarkeria garaian afektuak izan duen zeregina eta justizia errestauratiboko esperientzien arrakasta azpimarratzea, eta banakako eta taldeko onbideratze prozesuetan arteek egin dezaketen ekarpena agerian jartzea.